Artikuluaren titulua: “Basque friendship” (BERRIAn argitaratua, 2021eko martxoaren 14an).
Konpainia: Tanttaka. Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Zuzendari laguntzailea: Vito Rogado. Eszenografia: Fernando Bernues. Argiak: David Bernues. Jantziak: Ana Turrillas. Antzezleak: Miren Arrieta, Nerea Mazo. Lekua: Galdakaoko Torrezabal antzokia. Eguna: Martxoak 12.
Maria eta Jone AEBetara doaz, han urtebete ematera beren ingeles maila hobetzen. Bata Bilbokoa da, eta bestea Donostiakoa. Hasiera batean ez dute elkar ezagutzen, baina bidaia lasaia zirudiena sano korapilatuko da, eta, biek bizi izandako peripeziaren ondorioz, elkarren lagun bihurtuko dira betiko.
Patxo Telleriak idatzitako Ameriketako bidaia-n laguntasunaren ideia da nagusi, baina harekin batera beste kontu mamitsu batzuk etorri dira, hala nola Latinoamerikako migratze behartuena eta ezezagunaren aurrean dauzkagun aurreiritziena. Izan ere, Maria etorkin ilegaltzat joko dute AEBetako aduanetan, eta Jonek AEBen gaineko ikuspegi zabalagoa eskuratuko du han ikusiko duena ikusita.
Esandako guztiari aterabide eszenikoa emateko, bi kubo zeharrargi handi paratu dituzte agertokian, haien bidez sinbolizatuz gaztetxo bakoitzak hasieran duen mundu zarratua, baina esan daiteke ez dituztela era figuratiboan baliatu, baizik eta narrazioari nolabaiteko leku fisikoa ematearren. Ordea, kuboen erabilera pisuzkoa izan da irudi proiektatuen euskarri bezala, haien aurrealdeetan gauzatu direlako aireportuetako irudiak, hango hegoaldeko paisaia idorrak, eskubide zibilen aldeko manifestazioak eta atxilotze zentroetako irudiak. Era berean, protagonista bakoitzari zegokion kuboan ikusi ditugu sendi bakoitzeko pertsonaia filmatuak, beste zenbait aktoreren esku.
Ikusten denez, hainbat egoera eta pasadizo irudikatu behar izan dira emanaldian zehar, eta zeregin horretan irudi proiektatuak lagungarriak izan diren arren, funtsezkoak suertatu dira dramaturgiaren diseinua eta bi antzezleen gaitasuna, posible egiteko une batetik bestera nerabe izatetik aduana-polizia, immigrante deportatu edota ama estatubatuar bihurtzea. Gainera, bi antzezleen dohainak ez dira hor amaitu, pianoan, kantuan eta dantzan ere aritu direlako, emanaldiak eskatzen zuen bizitasunaren zerbitzura.
Hizkuntzen tratamenduei begira, esan beharra dago ingelesak protagonismo handia hartu duela, eta gaztelania latinoamerikar immigranteekin eta poliziekin erabili dela, azken horiekin mordoiloa izan arren. Euskara, aldiz, neska bien arteko solasaldietan —haietan ere egon da ingelesa presente— eta bakoitzaren sendiarekin izandako bizpahiru komunikazioetan entzun dugu.
Ikusleek, bestetik, ondo txalotu dute proposamena, eta bitxikeria bezala aipatu daiteke hogeita hamar bat neskato ere egon direla ikusle —agian ingeles akademia batetik etorriak?— eta arreta handiz jarraitu dietela Mariak eta Jonek Ameriketan izandako bizipenei.