Artikuluaren titulua: “Zapatu bat Elgetan”.
Konpainiak eta lanak: Katiuska (Armiarma), Goaz (bilaKatu), Buselektrikue (Añenak publikoari), DAP helduak (Ez, ez naiz akordaitten), Triskantza (Agur dramak). Lekua: Elgetako Kafe Antzokia. Eguna: Martxoak 11.
Eguerdiko hamabiak ailegatzeko hamar minutu falta zirela zain zeuden jada ikusle talde txiki batzuk Elgetako Kafe Antzokiko atariaren inguruan, atea noiz irekiko. Bitartean, hango begiralekua aprobetxatu genuen Intxorta menditik Bergarako parajeei eta haragoko mendietaraino zabaltzen den panorama ederraz gozatzeko.
Debagoieneko Antzerki Plataformak antolatuta, Afizioz izeneko egun osoko jardunaldia izan da Elgetan zapatu bat ematera eroan gaituena. Antolatzaileek lehiaketa forma eman diote ekimenari, eta horrek bere gatz eta piper dosia gehitu dio kontuari, baina ikusleontzat egun benetan atsegina, ondo antolatua eta antzerkiaren ikuspegitik ondo pasatzeko aitzakia izan da batez ere. Hala ere, formaltasun txukuna eman zaio jardunaldiari: epaimahaiko kideek atzealdetik ikusi dituzte emanaldiak –mahai altu bat eta neurri bereko aulkiak zeuzkaten– eta beren oharrak hartu dituzte egunean zehar; aurkezle gazte bik –gazteak baina ondo trebatuak– azaldu dizkigute epaimahaikideen merituak eta, horrez gain, obra bakoitzaren aurkezpena egin digute.
Goizeko lehen lana Tolosako Katiuska taldearen Armiarma izan da. Egia esateko, iazko maiatzean ikusi genuen obra, Goaz taldeak Deban daukan lokalean, eta haren kritika Berria egunkarian agertu zen ekainaren 1ean ‘Aramu sarean harrapatuta’ izenburupean. Hala eta guztiz ere, gustura ikusi dut ostera ere Idoia Gereñuk zuzendutako obra, bere forma landua, antzezleen sendotasuna eta gai konprometituak tratatzeko manera inteligentea direla eta.
Ordu erdiko zizka-mizka baten ostean bueltatu gara antzezlekura, eta bigarren aldi horretan Debako Goaz taldeak sortutako bilaKatu lana ikusi dugu –Erika Olaizola zuzendari–. Aurkezleek gogoratu diguten lez, katuek zazpi bizitza dauzkate, eta agertokian zazpi antzezle izan dira, ustezko katu baten inguruko istorio kolektibo bana josten, ederto josi ere, haietan era askotako pasadizoak ikusi ditugulako: arrandegian txitxarroak erosi eta arrainean katu-ileak agertu zirenekoa, Gabon Zaharra bakardadean igaro gura ez duen agurearen istorio tristea eta euskarazko egunkarian agertutako notizia batek euretariko bakoitzarengan eragindako erreakzioa, gutxi batzuk aipatzearren.
Arrastiko emanaldiak hiru izan dira, eta lehenbizikoa Bermeoko Buselektrikue taldearena izan da. Jon Ander Urrestiren ekimen baten ondorioz, Eneritz Artetxek zuzendu du Añenak publikoari izeneko lana Peter Handkeren manifestu eredugarri baten moldaketan oinarrituta. Testu zaila zen antzezle berrientzat, baina oso dramaturgia dinamiko eta parte-hartzailea eduki du, planteamendu eszenikoaren onerako. Argien erabilerak, ikusleengandik hurbil izandako interbentzioek, gorputz ez normatiboen presentziak –jardunaldiko beste lanetan ere ikusi duguna– eta Urrestik berak zuzendutako film bikainak –ene uste apalean artelan hutsa dena– esangura berezia eman diote lan ausart eta probokatzaile honi.
Jarraian erakutsi diren lan biak Oñatitik etorri dira. Lehena –DAP helduak taldea– Ez naiz akordaitten deitu da, eta zuzendari bi eduki ditu: Maria Alonso del Val eta Olatz Pagaldai Ruiz de Egino. Alzheimerrak jota dagoen emakume bat izan da obrako protagonista isila –bikain eutsi dio bere pertsonaiari–, eta, bitxia bada ere –edo ez hain bitxia, gauzak nondik ikusten diren–, taldean ez da gizonik egon eta emakumeek jokatu dituzte euren rolak, ondo jokatuta dena esan behar badago. Bizitza arrunteko istorio tipiko baten gainean eratu da guztia: gazte garaietan diskotekan ligatu, ezkondu, lau seme-alabaren ama izan eta bizitza profesionala bazterrean utzi… Baina andere zaharra ez da ezertaz ere akordatzen, eta horretan datza lan honen balio dramatikoa, ikusleek gogoz eskertu dutena.
Egitarauari amaiera gozoa emateko, Oñatiko Iker Plaxa delakoak –Triskantzak du izenburu artistiko– Agur dramak aurkeztu digu. Komediaren klubeko formatuan eta bertako hizkera ez formalean azaldu dizkigu bere gazte-bizipenak, abiadura itzelean, bere grazia pertsonal ikaragarrian bermatuta eta era guztietako kontuei buruargi ekinez: Ertzaintzaren eta euskararen arteko bateraezintasuna, laster eutanasia pilaketa izango ei dela, EHUko ikasketek berez dakarten psikologo baten laguntza, Begoña del Tesoren euskalki propioa… Haiek izan dira aletu dituen gaietariko batzuk eta guk, geure osasun mentalerako, bakarrik espero dugu euskarazko zerumugan agertu den izar distiratsu honek betiko gorde dezala gaztetasunaren eta errebeldiaren argia.
Eta amaitzeko, azken orduko berria. Hona hemen jardunaldiaren amaieran banatutako sariak eta ohoreak: 1. saria Katiuska taldearen Armiarma lanarentzat, 2. saria Buselektrikue taldearen Añenak publikoari obrarentzat, ikusleen saria DAP helduak taldearen Ez naiz akordaitten lanarentzat eta Aktore Onena saria Katiuska taldeko Idoia Bengoetxearentzat.
Erabaki zaila eduki du epaimahaiak, nik uste, baina guztiz ados nago epaiarekin. Zorionak guztiei eta bereziki antolatzaileei.