Artikuluaren titulua: “Ezkontzen dena” (BERRIAn argitaratua, 2020ko azaroaren 10ean).
Ekoizpena: Naita produkzioak. Sorkuntza eta zuzendaritza: Nerea Ariznabarreta, Saioa Iribarren. Koplaren hitzak: Maialen Lujanbio. Eszenografia: Rut Arco. Argiak: Miriam Ubanet. Jantziak: Estudio 14. Antzezleak eta musikaren interpreteak: Nerea Ariznabarreta, Irene Hernando. Lekua: Errekaldeko udaltegia (Bilbo). Eguna: Azaroak 6.
Ezkontzen dena etxe honetatik joan ahalko da». Horretan datza Bernarda Albak bere bost alabei ezarri dien legea, aitarengatiko doluak irauten duen bitartean. Federico Garcia Lorcak diseinatutako argumentuak beste emakume batzuk agertu zituen eszenan —neskameak eta amama—, baina gizon bakarra jarri zuen haien guztien kontrapuntuan, hark elkarrizketarik eta presentzia eszenikorik eduki ez arren, horrela areagotuz haren figura idealizatua.
Hortaz, ez da harritzekoa La casa de Bernarda Alba unibertsal bihurtu izana, eta, horrekin lotuta, gogora datorkit martxoko itxialdiaren atariko azken antzezlana Andando. Lorca, 1936, Okzitaniako talde batek Baionako antzokian taularatua haren inguruko bertsio bat izan zela. Orduan ere hilik zegoen Bernarda, eta alaba guztiek hartutako ibilbide posibleak aztertzen ziren emanaldian. Oraingo bertsioan ere hilda dago ama tiranikoa, eta, horren aitzakian, bi alaba gazteenek beren etxealdi luzean bizi izandakoa gogoratuko dute.
Egia esan, alde horretatik ez dugu berritasun handirik aurkituko Lorcaren testuarekin konparatuz gero, baina garbi dago jatorrizko obraren bertsio laburtua eta trinkoa prestatu digutela, euskaraz, gainera, lehen aldiz, Lezoko Orratx talde amateurraren ostean. Horrez gain, itzulpen literario batzuetan oinarritua da, taldeak sortutako testu esanguratsuetan izan ezik.
Esandako testuak neurriz baliatu dira eta ez ditugu soberako gehigarritzat jo, gaurkotze interesgarri gisa baizik, baina benetako eraberritzea dramaturgiaren eta elementu eszenikoen erabileratik etorri da. Saioa Iribarrenen zuzendaritzapean eta Nerea Ariznabarretaren ezinbesteko laguntzaz, oso bestelako esangura hartu dute eszena gaineko objektuek, eta haien bidez eratu dira —bi aktorerekin bakarrik— tragedia hartako pertsonaia nagusi guztiak. Bide horretatik, presentzia eszeniko nabarmena eduki dute jantziek: sinbologia argikoak izan dira Adela eta Martirioren kasuetan eta askoz iradokitzaileagoak besteen pertsonaietan, erabateko beltza Bernarda Albarentzat erreserbatuta eta zuria besteentzat —amama barne— gordeta.
Izan ere, bi protagonistak kenduta, beste guztien presentzia soineko hutsen bidez irudikatu da eta pertsonaien buruak zenbait objekturekin eraiki dira, Bernardarena burdinazko sarraila handi batekin ordezkatuz. Bestetik, erabilera metaforiko handia eman diete gainontzeko gauzakiei eta, beste arlo batean, aipatzekoa da zuzeneko musikan —kantua eta pianoa— biek ala biek erakutsitako trebezia. Nire gusturako, zamatuegia izan da makillajeari emandako itxura groteskoa, baina horrelakoa ei da muntaiari eman nahi izan dioten izaera, eta ikusleek gogoz txalotu dute taula gaineko zein atzeko emakumeen freskotasun eszenikoa eta ausardia estetikoa.