Artekale elkartearen baitan euskara batzordea sortu zuten duela urte batzuk. Orduz geroztik egindako lanari esker, aurrerapausoak eman dira kaleko arteetan euskararen presentzia normalizatzeko unean, eta horren inguruko eztabaida eta gogoeta bultzatzeko unean. Elkarrizketa honetan ibilbide horren berri jakin nahi izan dugu. (Argazkian: 2025eko mahai-ingurua Leioan).
Artekale elkartearen barruan une batean euskara batzorde bat sortzea erabaki zenuten. Nola eta zergatik eman zen erabaki hori?
Artekaleren funtzionamenduan batzordeek berebiziko garrantzia daukate. Elkartekideak batzordeetan elkartzen dira hainbat arlotan lan egin ahal izateko. Duela urte batzuk, Euskara batzordea ere sortzeko beharra ikusi genuen. Nahiko batzorde berria da, eta euskarak kaleko arteetan daukan presentziari bultzada emateko helburuarekin sortu zen, hala elkartetik kanpo nola elkartearen barne-bizitzan.
Batzordea eratu zenetik ez da lanik falta izan. Azken batean, gizarteko beste esparru guztietan bezala, kaleko arteetan ere gure hizkuntza erdigunera ekartzeko bide luzea dago oraindik ibiltzeko.
Nortzuk osatzen duzue batzordea, eta zein izan da ibilbidea?
Batzordea irekia da eta Artekalen dagoen edozein konpainiak, banatzailek edo jaialdik parte har dezake. Une honetan, sei konpainiatako ordezkariak gaude batzordean.
Esan bezala, elkartearen barruan zein kanpoan eragiteko sortu zen batzordea, eta horretan aritu gara azken urte hauetan. Batetik, elkartearen eguneroko lanetan euskarak presentzia handiagoa izan dezan lanean ari gara eta, pixkanaka, ohitura batzuk aldatzen ari dira. Bestetik, kalean egiten diren jaialdietan ere euskararen presentzia aberasteko lanari heldu diogu. Orain arte, Leioako Umore Azokan egin dugu lanik gehien norabide horretan, gure azokarik esanguratsuena delako eta, gainera, bertako udalak ere oso ondo hartu dituelako proposatutako ekimen guztiak. Orain, Leioan izandako esperientzia positiboak beste herri eta jaialdi batzuetara zabaltzeko unea da.
Duela bi urteko Leioako Umore Azokan mahai ingurua antolatu zenuten, eta ezustean bizia eta polemikoa izan zen. Zer gertatu zen hor, eta zer ondorio atera zenuten?
Jendetza etorri zen mahai-inguru hartara. Gaiaren inguruan hitz egiteko gosea handia zen. Horra atera genuen lehen ondorioa. Espazio ofizialetatik pixka bat baztertuta egon den gaia izan da euskara eta kaleko arteena. Tabernetan asko hitz egiten zen, baina, bilera eta mahai-inguruetan, ez horrenbeste. Gainera, eragile bakoitzaren agendetan ere lehentasun desberdina izan dezakeen gai bat bada. Beharbada, horregatik izan zen apur bat gorabeheratsua hitzordu hura, esateko gauza asko genituelako, behingoz mikro bat geneukalako ahoaren aurrean, ikuspegi asko zeudelako mahai haren bueltan… eta dena esan genuen ordena eta sosegu handirik gabe.
Guretzat garrantzitsuena, ordea, zera izan zen, gaia zegokion lekura eramatea, eta denok, konpainiak eta erakundeak, euskararen inguruan hitz egiteko zegoen beharraz ohartzea. Azken batean, sektorean gaiari heltzeko inflexio moduko bat izan zen, eta, egia esan, mahaigaineratu ziren ekarpen guztiek bazuten balio handi bat.
Handik urtebetera, ordea, ematen duenez Leioan behintzat aurrerapausoak eman dira euskararen ikuspegitik. Hala izan da? Zein izan da batzordearen rola aldaketa horretan?
Bai, aurrerapauso handiak eman dira. Lehena eta garrantzitsuena da Umore Azokan parte hartzen dugun eragile guztiok jabetu garela euskarak bere lekua eduki behar duela jaialdian.
Hortik aurrera, Artekaleko Euskara Batzordearen eta Leioako Udalaren artean elkarlana abiatu dugu, euskara azokako lehen lerrora ekartzeko. Aurten, programatzaileei eman diegu hitza mahai-inguruan, euskaraz programatzeko dituzten zailtasunez eta erronkez hitz egin dezaten. Horrez gain, Ikusleprest eta Antzerkibizi dinamika ere eraman dugu aurrera, ikuskizunak euskaraz ikusteko prest dauden ikusleak identifikatu eta ikuskizunak euskaraz eskaintzen dituzten konpainiak ezagutzera emateko. Azokaren programazioan euskarazko ikuskizun gehiagok lekua izateko lan egin dugu Udalarekin, eta iaz baino saio gehiago izan ditugu aurten euskaraz. Horrekin lotuta, publikoak boto bidez aukeratu duen euskarazko ikuskizun onenaren sariketa ere antolatu dugu.
Sintonia ederra egon da batzordearen eta Udalaren artean eta horrek emaitza garrantzitsuak ekarri ditu. Orain, bide hori finkatzeko eta sendotzeko unea da.
Euskal Herrian arte eszenikoetan euskarazko teatroak dituen berezitasunen, ahulguneen eta gabezien inguruan ahots asko egon ohi dira bide batetik edo bestetik gogoeta bultzatu nahian, baina ahulegi agian? Sakabanatuegi?
Elkartzea beti da ona. Askotan geure buruak gutxietsi egiten ditugu, eta uste dugu gutxi garela eta ez daukagula batere indarrik. Arazoa da gure hizkuntza oso baztertuta egoten dela lehen lerrotik. Leku askotan ia ikusezina da. Baina, hitza hartu eta bat-batean ohartzen gara uste baino gehiago garela.
Guri geuri gertatu zaigu Artekaleren batzar orokorretan. Dena gaztelaniaz egiteko ohitura egon da urte luzez. Halako batean konturatu ginen arte batzarkide gehienak euskaldunak ginela. Hori dela eta, bat-bateko itzulpen-zerbitzua martxan jarri dugu batzarretan, elebakarrek arazorik izan ez dezaten dena ulertzeko, eta pixkanaka gero eta euskara gero eta gehiago erabiltzen da bilera horietan.
Elkartzea eta posible dela sinistea falta zaigu. Sortzaileak garenean eta publikoa garenean ere bai. Izan ere, denon aktibazioa da beharrezkoa, euskarazko ikuskizun gero eta gehiago sor daitezen eta euskarazko ikuskizunetara gero eta jende gehiago hurbil dadin, gaur egungo datuei buelta emateko.
Eta zer behar litzateke beste era bateko pausuak emateko?
Ahaldundu beharko genuke. Konpainia asko eta asko gara euskaraz lan egiten dugunak. Programatzaile asko ere, zailtasunak zailtasun, euskarazko programazioa bultzatzeko gogoz daude. Aurrera egin ahal izateko, lehenbizi, aurrera egitea posible dela sinestea falta zaigu.
Bide horretatik, datorren urteko Umore Azokan ahalduntze horretan beste urrats bat egin nahiko genuke. Asko eta askotarikoak garela erakusteko, euskarazko antzerki-jarduna, behingoz, itzalpetik fokupera ekartzeko. Euskarak kalean izan dezan merezi duen lekua.