(6. behatza) Andoni Mutiloarekin solasean, Elur Etxean

2025-12-04 | EHAZE

Elur Etxeak Eros eta Afroditaren aitortzak estreinatu berri du. Antzezlanaz eta konpainiaren ibilbideaz mintzatu gara Andoni Mutiloarekin. Datozen egunetan antzezlana ikusteko aukera izango da gainera: abenduaren 6an Astigarragan, abenduaren 13an Urkabustaizen.

-Elur Etxeak estreinaldi berria dauka: Eros eta Afroditaren aitortzak. Lehenbiziko aldiz, bakarrizketa ez den lan bat. Nola erabaki zenuen pausu hori ematea, eta zer moduzkoa izan da aldaketa?

Berez, hasiera batean, bakarrizketa bat izan behar zen proiektu hau, aniztasun sexualari buruzko ikuskizuna. Istorioa, ordea, bere kabuz sortzen joan zen nire buruan eta konturatzerako bi pertsonaia nagusi genituen, Eneritz eta Josu. Horren ondorioz, ikuskizunaren formatua handitzea erabaki eta azkenean 3 pertsona gaude taula gainean, bi aktore (Esti Curiel eta ni) eta musikari bat (Iñaki Santos).

Erronka handia izan da, ekoizpena hasiera batean aurreikusi genuena baino konplexuagoa eta garestiagoa izan baita. Sortze-prozesuari dagokionez, gidoia nik idatzi arren, eszena zuzendari lanetan Miren Gojenola aritu da eta bere ekarpena ezinbestekoa izan da ikuskizun honi forma ematerakoan. Taldean sortu dugu, beraz, Eros Eta Afroditaren Aitortzak eta asko pozten nau horrek, emaitza askoz aberatsagoa eta borobilagoa dela uste baitut.

-Orain arte egindako lanen ildoa mantentzen da lan honetan? Umorea, musikaltasuna, generoari loturiko gaiak…

Formatua handitu den arren, aurreko ikuskizunetako gai batzuk jorratu ditugu oraingoan ere. Ez da kasualitatea. Sexu aniztasunak interes handia pizten dit. Gainera, unibertso zabala eta konplexua da. Hori bai, oraingo honetan beste ertz batzuk arakatu ditugu: harreman heterosexual monogamoetatik kanpo gelditzen den esparru zabala. Horrez gain, sexualitatearen alderik intimoena aztertu nahi izan dugu, gure ingurukoekin hain erraz partekatzen ez duguna: gure sekretuak, beldurrak, desirak, ametsak… hori guztia umorez zipriztinduta eta espreski ikuskizun honetarako sortutako abestiekin. Elur Etxearen ezaugarririk nabarmenena horixe da, hain zuzen ere, gai sozialak eta antzerki musikala uztartzen ditugula.

-Andoni, behinola erabaki zenuen egonkortasuna ematen zizun lan bat uztea, eta arte eszenikoen mundu “prekariora” eskaintzea zure lana. Ez da oso ohikoa horrelako urrats bat, segur aski gehiagotan emango da kontrako bidea. Nola iritsi zinen horrelako erabaki batera?

Kazetari moduan ia hogei urtez lan egin ondoren, 2017an eszedentzia bat hartu nuen Euskadi Irratian. Hasiera batean urtebetekoa izan behar zen, baina azkenean bost urtera luzatu nuen. Bitarte horretan, barruko bulkada bat jarraituz, arte eszenikoen munduan buru-belarri sartu nintzen. Esnatu Naiz kabareta sortu eta 50 emanaldi baino gehiago eskaini genituen bi urtean. Eszedentzia amaitzen ari nintzela, boom: barruak argi eta garbi adierazi zidan ez nuela irratiko laneko errutina zurrunera itzuli nahi. Buelta asko eman nizkion erabakiari, irratiko lana gustukoa izateaz gain, lanpostu finko bati uko egitea ez delako erabaki erraza. Baina azkenean bihotzari kasu egin nion eta orduz geroztik antzerkia da nire lanbidea. Lehen baino ardura eta buruhauste gehiago ditut, soldata askoz txikiagoa. Orain arte, ordea, ez naiz damutu hartutako erabakiaz; biderik errazena ez izan arren, nire benetako izaerarekin koherenteagoa dela sentitzen baitut.

-Abentura ez da soilik oholtzara lan propio batekin ateratzea, abentura bada konpainia bat sortzea ere, produkzioaz eta salmentaz arduratzea adibidez, oso ezegonkorra den arlo batean. Zure esperientzia honetan, zer izan zaizu lagungarri?

Kazetari bezala lana egiterakoan pilatutako eskarmentua funtsezkoa izan da zeregin horretan. Gainera, beste arlo batean izan arren, ekoizpen lanak egitera ohituta nengoen lehendik. Beraz, Esnatu Naiz estreinatzearekin batera, Elur Etxea sortu eta, zertan nenbilen oso ondo jakin ez arren, ekoizpen, distribuzio eta komunikazio lanetan hasi nintzen etxeko “bulegoan”. Eta halaxe jarraitzen dut gaur egun.

Sortzaile moduan ez ezik, beste arlo batzuetan ere asko ikasi dut azken urte hauetan. Zeintzuk izan dira gakorik garrantzitsuenak? Perspektiba orokorra ez galtzea, lehentasunak eta urgentziazko lanak identifikatzea, zurrunbilo ero honetan ez itotzea, eta ahal dudan neurrian, nire egunerokoaz gozatzea. Bestela, zertarako hau guztia?

-Eta zein izan da zailtasunik handiena?

Ilusioa bizirik mantentzea. Arte eszenikoen mundua oso ederra eta gogorra izan daiteke aldi berean. Nik horrela bizi dut. Niretzat zailena, seguru aski, sortzaile moduan oso zaurgarri sentitu izan naizela. Horrez gain, Elur Etxeko arduraduna izatearen zama astunegia egiten zait batzuetan. Gauza gehiegi buruan, zeregin guztietara behar bezala ez iristearen sentsazioa. Merezi al du honek guztiak? Sarritan izan ditut zalantzak. Oraindik ere baditut, egia esan. Baina, aldi berean, oso harro nago azken urteetan egindako bideaz. Eta oraingoz argi daukat urrats berriak ematen jarraitu nahi dudala.

-Zer ikusten duzu, Elur Etxearen ikuspegitik, eta lan bat estreinatu berri, aurreraka epe motz eta ertainera begiratzen duzunean?

Urrian estreinatu dugu Eros Eta Afroditaren Aitortzak musikala eta sortze-prozesua amaitu dugun arren, zeregin asko ditugu oraindik egiteko. Ikuskizunerako sortu ditugun abestiak Zestoako Gaztain estudioan grabatzen ari gara egun hauetan. Asmoa, hemendik gutxira kantu horiek elur.eus webgunean eta plataforma digitaletan entzuteko moduan izatea da. Ilusio handia egiten dit horrek, abestiak sortzea nire arlorik gogokoenetakoa delako.

Horrez gain, distribuzio lanean buru-belarri sartzeko unea iritsi da. Antzerki konpainia handiek estreinaldiaren aurretik egiten dute lan horren zati handi bat, baina gure kasuan ez da hala izan, sortze-prozesuan murgilduta egon naizelako orain arte. Beraz, hurrengo hilabeteetako zereginik garrantzitsuena horixe izango da. Bien bitartean, abenduan eskainiko ditugun bi emanaldiak behar bezala prestatzen nabil. Hitzorduak hauek dira:

  • Abenduak 6, larunbata: Astigarraga, Erribera kulturgunea, 19:00tan.
  • Abenduak 13, larunbata: Urkabustaiz (Gorbeialdea), Izarrako antzokia, 19:00tan.

Informazio gehiago: https://elur.eus/agenda/