“Ura jaten” eta “Hildako haurra” Ganbila antzerki bilduman

Bi liburu plazaratu berri ditugu Ganbila antzerki bilduman, Susa argitaletxearekin elkarlanean.

2023-10-01 | EHAZE

Gotzon Barandiaranen Hildako haurra.

Gotzon Barandiaran Arteagaren bi antzezlan bildu ditugu liburu honetan: Hildako haurra, orain arte antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak oholtzara eramana, Ander Lipusen zuzendaritzapean.

Ahots aniztasuna da testu hauen beste bereizgarri garrantzitsu bat, botere mota ezberdinekiko dialogoan edo, esan dezagun, etengabeko talkan. Oholtzako kodeetara gerturatzen jakin duen idazle baten testuak dituzue honakoak: hitzaren trebezia landu izan duenari dagokion legez, irakurtzen dituenarentzat ere gozagarri.

 

Maddi Goikoetxea Juanenaren Ura jaten.

Maddi Goikoetxea Juanenak honako hipotesia jarri du liburu honen oinarrian: “Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatuta dago”. Esaldi horren argiak eta itzalak arakatu nahian, elkarrizketa sakonak egin ditu Euskal Herri osoan, batez ere oholtza gaineko lana hezkuntza eta mediazio proiektuekin uztartu dituzten antzerkilariekin: Axut! Kolektiboko Manex eta Ximun Fuchs, Itzuli konpainiako Marise Urruti, Urruñako Antzerki Eskolako Ixabel Etxeberria, Nafarroako Antzerki Eskolako Monika Torre, Intujai Teatroko May Gorostiaga, Eromen elkarteko Amancay Gaztañaga eta Goizane Barroso, Artedrama plataformako Ander Lipus, Eneritz Artetxe, Kurkuluxetan Kultur Elkartea Rita Naveira eta Koldo Zelestino, Garaion Sorginguneko Amaia Gabilondo, Baratza Aretoko Garazi Lopez de Armentia, Azala Kreazio Espazioko Idoia Zabaleta eta Dejabu Panpin Laborategiko Ainara Gurrutxaga.

Elkarrizketa hauek hasiera bat baino ez dira. Ezadostasunerako, debaterako, gogoetarako abiapuntu herren baina beharrezkoa.

Egin zaitez Ganbila-ko bazkide!