Pablo Barrio eta Mikel Ayllon (Piszifaktoria) Ganbilako labealdi berrian
Kalean dira jada Ganbila bildumako zenbaki berriak: Mikel Ayllon eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren "Hau ez da gerra bat" eta Pablo Barrioren "2074", 24. eta 25. zenbakiak hurrenez hurren. Hitzaurreak Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Antzarenak dira, azalak Igor Arzuaga eta Maite Caballerorenak.
Hemen dituzue aurkezpenak emandako oihartzun batzuk:
-Berria: “Mikel Ayllonen “Hau ez da gerra bat” eta Pablo Barrioren “2074” argitaratu ditu Susak“.
-Naiz: “Gerra eta distopia, Ganbila antzerki bildumaren 24. eta 25. aleetan“.
-Diario Vasco: “Kolektibotik asko duten bi lan kaleratu dituzte Ganbila bildumaren baitan“.
Liburuen aurkezpenean: Oier Guillan editorea, Mikel Ayllon eta Pablo Barrio egileak, eta Gaizka Sarasola editorea.
Hauek dira liburuak:
Mikel Ayllon eta Piszifaktoriaren Hau ez da gerra bat
“2015ean ekin zion bideari Piszifaktoria Ideien Laborategiak, Laudion (Araban). Txaranga bat egin nahi genuen, ez teatroa. Musika jo, kalean, jendearekin, jendearen artean. Jan. Eta edan. Oturuntza bat.
Ia hamar urte geroago, hemen gaude, antzerkiaren espazio klasikoan lekurik izango ez luketen hainbat sorkuntza besapean. Guk ez baikenuen antzerkirik egin nahi. Guk jendearekin elkartu nahi genuen, haien erraietaraino sartu eskuak, barruak inarrosi. Dena aldatu.
Liburu honetan, beraz, antzezlan itxurako hiru bala aurkituko dituzu: Bunker, Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da.
Guregandik urrun daudela ematen du, baina gu ere bagara haien erantzule, eta erantzukizun, min eta laztura hori ulertzen eta sentitzen lagundu nahi dizu triptiko honek. Gerrez ari gara, noski. Hiru bala hauek leku berean dute abiapuntua, eta hirurak dira lan gordin, zuzen eta gupidarik gabeak. Zergatik? Zertarako? Artearen bitartez gerra bat bizitzeko, gerra gehiagorik bizi behar ez izateko.”
Piszifaktoria Ideien Laborategia
Pablo Barrioren 2074
“Hain maiztua dagoen Machadoren “bidea ibiliz egiten da” horri egindako emendakina proposatzen digu Barriok: “Bidea galderak eginez egiten da”. Halabeharraren bi zentzuekin (kasualitatea eta kausalitatea) jolas egiten dute agertokiaren erdian noraezean, nora ezean eta umezurtz agertzen zaizkigun pertsonaiek. Eta galderak pausatzen dizkigute, galdetzea bera balitz bezala giza indarrez ibilarazten dituzten tramankuluen energia berriztagarria. Galdera eta zalantza, nondik eta nora, zergatik eta zertarako. Iraganak eta orainak eta etorkizunari buruzko misterioaren eta ezjakintasunaren behe-lainoak inguratzen ditu pertsonaiak. Bertan daudela da ziur dakiten bakarra; eskaintzen diguten ziurtasun bakarra.” Mikel Antza.