Udaberrian plazaratu genuen AZTITZA liburua Ganbila bilduman, 11 antzezlan laburrez osatua. Igande honetan (azaroak 16) Oiartzungo Hitzen Lihoa ekimenak goiz osoa antolatu du liburuaren inguruan: 10:30ean hasita liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute herritarrek plazan; 14:00etan babarrun jatea antolatu dute Girizia elkartean, eta 16:00etan BERTSO SAIO LITERARIOA egingo dute liburua oinarri: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Maider Arregi eta Oier Guillan (gai-jartzaile).
Azaroaren 13a da sarrerak hartzeko azken eguna: Sarrera eskatzeko: hitzenlihoa@gmail.com * Bazkariarekin 20€ (langabetuek 15€) * Saioa bakarrik 5€

Ikus liburua osorik hemen: AZTITZA

“Hasierak. Hasierak soilik. Gustukoa dut nola aurkezten diren istorioak, nola ehuntzen diren paisaiak, pertsonaia batzuen bizitzak kokatzeko. Nola hasten diren azaleratzen haien bizitzak ekintzen bitartez. Maite dut une hori zeinean ate bat zabaltzen den, non espektatiba bat sortzen den, non kuriositatea pizten den. Liburuen hasierak irakurtzen ditut, eta korapiloak hasten direnean irakurtzeari uzten diot. Lagunek beren oporrak kontatzen dizkidatenean kontakizunaren erdian komunera joaten naiz. Ez zait interesatzen istorioen bilakaera, haien hasiera baizik. Filmekin berdin. Film guztien lehen ordu erdia ikusten dut, eta gero zinematik ateratzen naiz, aspertzen hasten naizelako, istorio bat garatzen hasi orduko. Interesgarriena ez delako zer gertatuko den, gerta daitekeena baizik. Posibilitateak interesatzen zaizkit. Aukerak. Jakitea beste mundu posible batzuk daudela, horrekin konformatzen naiz. Ez dut gehiagorik jakin nahi.”