Nomofobikak eta Txiki izan dira Poltsiko Antzerki Sorkuntzako proiektu sarituak

2022-10-18 | EHAZE

Nomofobikak taldearen Kris eta Krash ile-apaindegia eta Txikiren Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria proiektuek jaso dute lehen eta bigarren saria, hurrenez hurren. EHAZEk epaimahaian parte hartzen du, beraz, guri dagokigunean, ZORIONAK biei!!!

Nomofobikak antzerki taldearen ‘Kris eta Krash ile-apaindegia’ antzezlanak irabazi du Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren 2022/23 edizioa. Donostia Kulturak, Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten egitasmo horren xedea da poltsikoko eta formatu txikiko antzerkian euskarazko sorkuntza sustatzea. Bigarren postuan Txiki komikoaren ‘Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria’ lana sailkatu da.

Bi antzezlan horiek hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdian estreinatuko dira. Proposamenak garatu ahal izateko antzezlan irabazleak 1.500 euro jasoko ditu eta finalistak, berriz, 1.200. Horrez gain, 32. Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko estreinaldi eta emanaldien truke 2.500 euro jasoko ditu irabazleak, eta 2.000 euro finalistak.

Irabazlea

Amaia Lizarralde eta Asier Olaizola dira, Olatz Beobiderekin batera, antzezlan irabazlearen protagonistak. Kris eta Krashek ordaindu behar izaten dituzten fakturak direla eta mugatuta dute elektrizitatearen erabilera ileapaindegian eta, ondorioz, bere lana egin ahal izateko hainbat trikimailu erabili behar izaten dituzte. Bitxiki, bezeroek ez diote joateari utzi, ile-apaintzaileen gomendioei esker beraien arazoak hobetzen baitira.

Finalista

Txiki ezizenarekin ezaguna den Ion Martinez Esnaola komikoaren azken proiektua bigarren sailkatu da. Bakarrizketa baten bidez Txikik Euskal Herriaren historia errepasatuko du Big Bangetik hasita Euskal Herrian eman den azken fenomeno historikora arte: Chill Mafia.