MARINGURUA solasaldi-performancea datozen egunetan hiru lekutan eskainiko dugu:
-Urriak 29, 19:00etan Oiartzunen: Ehuntze sormen espazioan, “21 aulki” ekimenaren barruan. Sarrera doakoa, erreserbak: ehuntze@gmail.com
-Urriak 31, 12:30ean Ozaetan: Garaion guneak antolaturiko “Emakume sortzaileak plazara!!” ekimenaren barruan.
-Azaroak 5, 19:00etan Deban: Kultur elkartean, Goaz antzerki taldeak antolaturiko “Fokupean” jardunaldien barruan.
MARINGURUA EHAZEk publikatutako “Karanbola hirukoitza” liburuaren harira sortu zuten Maider Galarzak, Idoia Hernandez “Hatxe”k eta Eneritz Artetxek. Nahi duenak liburua osorik du sarean:
http://ehaze.liburuak.eus/karanbola
Karanbola hirukoitza liburuaren oinarrian euskal emakume antzerki sortzaileen egoeraren gaineko ikerketa bat dago. Ikerketa hori Eusko Jaurlaritzaren enkarguz burutu zuen Eneritz Artetxe antzerkilariak 2019. urtean. EHAZE-Antzerkizale elkarteak argitaratutako Karanbola hirukoitza liburuak azterketa horren ondorio nagusiak biltzen ditu bere baitan. Ikerketatik eta liburutik abiatuta, EHAZEtik Maringurua saioa sortu dugu orain, Maider Galarzak, Idoia Hernandez “Hatxe”k eta Eneritz Artetxek berak gidatuta.
Maringuruan euskal emakume antzerki sortzaileen egoeraren gaineko azalpenak emango dira, performance batzuez tartekatuta. Liburuaren edukiak hiru ataletan egituratuko dira eta atal bakoitzaren ondoren ikusle parte hartzaileei luzatuko zaie hitza. Modu honetan ikusleek gaiaren inguruan dituzten ideiak, bizipenak eta hausnarketak denokin partekatzeko aukera izango dute. Maringuruaren helburu nagusia emakume antzerkilarion eta, oro har, sortzaileon bizipenak zein ideiak partekatzea da, gai honen inguruan zuzeneko hausnarketa kolektibo bat osatzearekin batera.