Lutxo Egiaren “Guardasol gorria” eta Ximun Fuchsen “Lurrez estali” aurkeztu ditugu

2024-12-12 | EHAZE

Lutxo Egiaren Guardasol gorria eta Ximun Fuchsen Lurrez estali aurkeztu berri ditugu prentsaurrean, ohiko moduan, EHAZEk eta Susa argitaletxeak elkarlanean. Jarraian topatuko dituzue oihartzun batzuk.

Berria: Lutxo Egiaren eta Ximun Fuchsen antzerki testuak argitaratu ditu Ganbila bildumak.
Naiz: Egiaren ‘Guardasol gorria’ eta Fuchsen ‘Lurrez estali’ kaleratu ditu Ganbilak.

Liburuan osorik topatu ditzakezue sarean:

Lutxo Egiaren Guarsasol gorria. Ikus osorik HEMEN.

finn: Ni zu naiz eta zu ni zara. Aspaldi-aspaldian, unetxo batez, zu izatea desiratu nuen. Behin. Baina aspaldi hartan ezinezkoa zen halako pentsamenduak izatea. Ezinezkoa. Baina orain hautsi da anphora. Ni zu naiz eta zu ni zara. Edo, “zu” eta “ni” eraikitako kategoriak direnez, zu ni naiz eta ni zu zara.

seric: Orduan, ni zu banaiz edo ni zu bazara, ni ni naiz eta zu zu naiz edo zu ni naiz, ezta?

finn: Edo ni ni zara eta zu zu zara edo ni zu zara. Dagoeneko horretan gaude. Zergatik ezin naiz zu izan? Zergatik ezin naiz zu izan?

Lutxo Egia idazlearen hiru antzezlan eta performance bat biltzen ditu liburu honek: Hamalau, Free tour eta Identitarteak obrak batetik, Haren da nire performancearen lekukotza bestetik, azken hau Harkaitz Cano eta Ana Galarragarekin elkarlanean. Liburu honetan biltzen direnak egilearen trans-obsesio unibertso ederraren parte bat baino ez dira, jolasean, performancean, trantsizioan, kritikan eta umorean oinarrituta beti. Ezinbesteko begirada bat behar bezala transformatzen ez dakien jendarte horri.

Ximun Fuchs eta Axut! kolektiboaren Lurrez estali. Ikus osorik HEMEN.

Antzerki herrikoiari fidel, nortasun ageriko pertsonaiak marrazten dizkigu Ximun Fuchsek, irakurlearen begietara berehalakoan identifikagarriak, eta beraien arteko jokoan sortuko ditu umorerako paradak, baina baita hunkipenak estutzerainoko momentuak ere. Ez du distantzia batetik idazten ordea. Berak sortutako pertsonaiekin barre eginen dugu, edo negar, baina idazlea ez da beraiez trufatzen, eta ez du beraiekin errukirik adierazten. Auzokoak ditu azken finean; bera ere sentitzen da haien parte. Horrek egiten du antzerki hau hain egiazkoa.

Laborantzari buruzko antzezlan bat da Lurrez estali; laborantzan jarduten dutenen zailtasun eta arazoak plazara ateratzen dituena. “Garai bateko” antzerkiaren oihartzunak, gure garaietara ekarriak. Konplexurik gabe. Beti erakutsi izan duen atrebentziaren gainetik, premisa argi bat duelako Axut!ek. Badakite zeinentzat eta zertarako egin nahi duten antzerkia.