Lesakako Mairu antzerki tailerrak antolatzen duen KEINU LEIHOAK antzerki jardunaldiek 20 urte beteko dituzte aurten. EHAZEren aldetik esker ona, eta zorionak!, egindako lanarengatik. Jarraian topatuko duzue aurtengo egitaraua.
“Pasa dira hogei urte, pasa dira hainbat talde. Joan zaizkigu lagunak, hurbildu dira berriak, baina ez ditugu ondoan gurekin nahi genituzkeen guziak.
Segituko dugu bidaiarekin orduan, batzuk bidaiatzera kondenatuak daudelako, ihes egitea beharrezkoa
izan daitekeen arren, denok behar dugulako leku bat munduan.
Gauza aunitz pasatu dira hogei urte hauetan, batzuk gure istorioak dira, bertze batzuk historia.
Ikusi ditugu jarrita aulki hutsen artean, frontoiko harmailetan, baita plazako harrian ere, besaulki erosoetara ohitu garen arte;
erosoegi agian. Baina oraindik badugu motiborik altxarazten gaituztenak urtero leihoak irekitzera; euskarazko antzerkiari arnasa ematea.”