Aurretik EHAZEtik zabaldu izan dugun bezala, Lanarteak -Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak- euskal kultur sistemaren egoera aztertzeko inkesta abiatu zuen. Egunotan aurkeztu dute emaitza, haren berri duzue hemen.
Hemen duzue Berriak argitaratu duen inkestaren aurkezpenaren laburpena: “Hilean batez beste 1.027,5 euro irabazi zuten iaz jarduera artistikoa ogibidetzat daukatenek“.
Jarraian duzue, berriz, Lanarteak zabaldu duen mezua:
LANARTEAkide estimatua.
Euskararen Egunean zabaldu genituen euskal sorkuntzaren kopletan iragarri bezala, euskal sortzaile askoren -eta, ondorioz, euskal kultur sistemaren- egoera larria da.
Irailean sareratu genuen inkestaren emaitzek berretsi egiten dituzte koplotan esandakoak.
Inkesta Aztiker Ikergunearekin sareratu genuen. ez hori bakarrik: euren bitartez jasso, antolatu eta grafikoetara pasatu ditugu jasotako milaka datuetako asko.
Gaur goizean aurkeztu dugu inkesta horren ondorioen laburpen txostena (ATXIKIA DUZUE MEZU HONETAN): lehen zatian datu orokorrak sartu ditugu; bigarrengoan, inkestan datu gehien bildu dituzten diziplinen inguruko datuak.
Txosten horren osagarri, honako aldarrikapenak ere egin ditugu:
1. Euskaraz sortutako kulturaren legea behar dugu, babes ekonomiko eta juridiko guztiekin. Lege horren diseinuan sektoreko askotariko eragileek hartu behar dugu parte, eta artisten lan eta bizi baldintzen hobekuntza ekarriko duten neurriek lehentasuna izan behar dute.
Neurri horien artean, artisten betekizun fiskal eta administratiboak doikuntzak garrantzi handia izan dezake. Artisten errealitatea kontuan hartuta egin behar dira doitze lanok, eta horretan ari gara LANARTEAtik.
2. Sortzaileen eta interpreteen lan baldintzak erdigunean jarri behar dira, eta hizkuntza zehar-lerro gisa erabili, genero faktorea erabiltzen den gisa berean, kultur langileei eta kultur sistemari dagozkien politikak egiterakoan eta politika horiek diseinatzeko egiten diren txosten, inkesta eta ikerketetan.
3. EITBk euskal kulturaren alde egiteko hartuko dituen neurrien inguruko eztabaida hasi behar da1, lehebaihelen. EAEko Kultura Sailaren sosen erdiak pasatxo berak hartzen ditu, eta euskararen eta euskal kulturaren alde erantzukizunez eta ekimenez eragitea zor dio gizarte honi. Eztabaida horretan sektoreko askotariko eragileek hartu behar dute parte. LANARTEAk honako eskakizunak ditu eztabaida horretara eramateko: kultur programazioa emendatzea ETBen, euskarazko musika aireratzeko kuotak ezartzea enteko irrati kate guztietan, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpen berriak sustatzea, EITBko eskaintza guztia euskarara azpititulatuta eta bikoiztuta eskaintzea eta Adimen Artifizialaren erabilera bizkortzeko asmoak bertan behera uzteko konpromisoa hartzea (hain ona bada, erabil dezatela erdarazko katean, hezur-haragizko itzulpenak eta lokuzioak euskarazkorako utzita) .
4. Hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan ‒eta erakunde publikoek diruz lagundutako hedabide, kultur jaialdi eta ekitaldietan‒ eta sustapen eta babes lerroetan gutxieneko kuotak ezarri behar dira euskarazko kulturaren alde. Bateko eta besteko kuotak behar bezala betetzen direla ziurtatzeko, kontrol egitura bat sortu behar da.
5. Etxebarru Institutua sortu behar da, erakunde autonomo bat, euskarazko kultura Euskal Herrian bertan ikusgarri egiteko planak eta zirkuituak onduko dituena.
6. Artistentzako praktika onen giden ondoan, artistekiko harremanetan erakunde publikoek izan beharreko gutxieneko praktika onak adostu behar dira. Hemen sartzen ditugu, besteak beste: erakundeok (EITBk barne) proposatutako kontratuen/enkarguen baldintzak, betearazten dizkiguten agindu burokratikoak, ordainketa epeak eta antolatutako sariketeta/lehiaketa/beketako klausulak.