“Ivanka” proiektuak irabazi du aurtengo Donostiako Poltsiko Antzerki deialdia. Urtero bezala, EHAZE elkarteak ere parte hartu du epaimahaian.
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2022ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programak badu dagoeneko sariaren irabazlea. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak saria eman dio Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Ivanka antzezlanari.
Bigarren saria, berriz, eman gabe geratu da.
Ivanka
Obra honen aktorea Irati Agirreazkuenaga da, Igor Arzuaga musikaria eta Mikel Ayllon gidoilaria eta zuzendaria dira.
Ivanka gurera heldu den ekialdeko immigrante txiro bat da. Bere kontakizunari esker jakingo dugu zergatik alde egin behar izan zuen bere herrialdetik eta zer aurkitu zuen hemen. Gure gizartearen hainbat alderdi ilunen erradiografia deseroso bat egingo digu: krisi ekonomikoa, gentrifikazioa, matxismoa…
Proiektu irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko.
Bestalde, irabazleak 2.500 euro jasoko ditu Ivanka 31. Poltsiko Jaialdian parte hartzeagatik.
Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak deialdian parte hartu duten guztiei beren esker ona azaldu nahi diete.