“Ikusle kluba”k herriz herri, EHAZEren ekimenez

2021-10-21 | EHAZE

EHAZEko bazkide talde batek “Ikusle kluba”k jarriko ditu martxan Euskal Herri osoan zehar, programazioei edo antzerki ekimenei loturik. Horman Poster kolektiboak akuilaturik, hainbat lagun formazio bat jasotzen hasi da, elkarlanean formulak partekatu eta ikusle aktiboaren ideia lantze aldera. Oraingoz Eztena jaialdiarekin egin zen esperientzia pilotoa, eta laster Bilboko BAD jaialdiarekin eta Garaion gunearekin egingo da elkarlana, besteak beste.

ZER DA?

Euskal antzerkigintzaren eremuan publikoa antzerkiarekin harremantzeko bide berriak
esploratzeko proiektua izateaz gain, publikoaren hausnarketa kitzikatu eta antzerkira
hurbiltzeko bide berriak zabaltzeko ahalegina egingo duen proiektua ere bada hau.
EHAZEk bultzatutako egitasmo hau euskal antzerkigintzaren geografia zabalean lanean
dabiltzan partaide anitzekin garatuko da, besteak beste: Arantzazu Fernandez,
Debagoieneko Antzerki Plataforma, Eneritz Artetxe, Horman Poster, Maider Galarza,
Metrokoadroka Sormen Laborategia, Tripak… Honez gain, 2021-2023 urteen bitartean
etorkizunerako baliabide publikoak sortuko dituen proiektu piloto bat bezala ulertzen
dugu.

Horretarako, bi ardatz nagusiren baitan oinarritzen da ekimena:

  • Tokian tokiko topaketa iraunkorrak: 2021etik aurrera 6-7 herritan eta
    euskarazko programazioa duten jaialditan antzerki emanaldi bati lotutako
    topaketak egingo dira publikoarekin. Helburu nagusia antzezlana eta
    ikuslegoaren artekoari buruzko iritzi, sentipen eta usteak partekatzeko une bat
    sortzea da. Horretarako publikoaren eta artisten lan eszenikoaren topaketaren
    aurretik eta ondoren, saioak dinamizatzeko proposamena da honakoa.

  • Erreminta-kutxa: Metodologia praktikoa aurrera ateratzeko, lan talde iraunkor
    batek topaketetarako erreminta-kutxa garatuko du. Dinamika parte-hartzaileak
    eta kontzeptualak bilduko ditu bere baitan.
    2021ean, lan taldeak topaketa horietako ariketak diseinatuko ditu eta horiek
    hainbat herritan propototipo moduan martxan jarri eta frogatu egingo dira.
    2022an esperientzia pilotu honetatik ateratako tresna hori sarean publikatuko da
    antzerkigile, antzerkizale eta interesa izan dezakeen beste edonork (arte
    eszenikoetako profesionalak, arte eskola, antzerkizale, ikerlari… ) eskuragarri
    izan dezan.

HELBURUAK

IKUSLE KLUBAren helburu nagusia euskal antzerkigintzaren inguruan gogoeta
publikoa bultzatzeko dispositibo berriak garatzea da, antzerkigintzaren alor
ezberdinetan ari diren profesionalen elkarlan iraunkorra oinarri izanik. Honako helburu
nagusiak ditu:

  • Herritarrak/Publikoak antzerkiarekin harremantzeko eta antzerkiaren parte izateko
    zeharkako bide berriak sortzea
    .
  • Euskal antzerkigintzaren inguruan gogoeta publikoa bultzatzeko tresna, topaleku eta
    harremanak garatzea
    .
  • Lan ildo, arte eszenikoetako diziplina eta lanerako modu ezberdinak dituzten
    profesionalen arteko saretze eta elkarlan iraunkorrerako eremua sortzea.
  • Etorkizunean antzerkigintzaren munduko hainbat agentek (arte eszenikoetako
    profesionalak, eskolak, elkarteak, antzerkizaleak, ikerlariak, antzerkiaren bitartez lan
    egiten duten alor sozialeko langileak…) eskuragarri izango duten euskarazko tresna
    publikoa sortzea
    .

IKUSLE KLUBA proiektuak ikuspegi orokor batetik ekimen zehatzak abiatu nahi ditu,
antzerkigintzaren mundua modu zabalean ulertuta. Horregatik, honako zeharkako
helburuak landuko ditu proiektuak:

  • Euskarazko antzerki programazioari ikusgarritasuna eta babesa ematea, mota
    ezberdinetako publikoak erakartzea inguru soziolinguisiko ezberdinetan. Modu honetan,
    euskarazko programazioa ere sustatu nahi da.
  • Euskarazko programazioaren sustapenean lagundu dezaketen testuinguruak sortzea.
  • Euskal antzerkigintzan loratzen ari den aniztasuna ikusgarri egin eta publikoarengana
    zabaltzea, besteak beste, konpainia gazteen proposamenak, dramaturgiak berriak,
    diziplinarteko lanak edota herrietako antzerki egitasmo kolektiboak.
  • Antzerkigintzaren alor ezberdinetan lanean ari diren partaideen saretzea eta ezagutza
    eta lan egiteko tresnak konpartitzea
    .
  • Herritarren arteko eztabaida eta parte hartze artistikorako euskarazko topalekuak
    sortzea.
  • Arte eszenikoen izaera publikoa jorratzea, elkarbizitzarako eta herritarron ekimenerako
    kulturaren alorretik ekarpena eginaz.
  • 2021-2023an egingo esperientzia pilotoan sortutako tresnak eta jakintza oinarri, modu
    estrategiko batean Euskal Herrira zabaldu daitekeen egitasmoaren lehen oinarriak
    ezartzea.