Ganbilaren 4. labealdia plazara

2021-04-29 | EHAZE

Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak liburuak plazaratu ditugu GANBILA antzerki bilduman, ohiko moduan, Susa argitaletxearekin elkarlanean. (Argazkia: Berria).

Dama obra argitaragabea da. Edith Sodergran idazlearen poemak dramatizatu, eta fikziora eraman du egileak tragikomedia moduan, edetasunaren, poesiaren eta poetaren beraren paperaz gogoeta eginez. Aitziber Alonsok egin du azala, eta Iñigo Martinez Peñak idatzi du hitzaurrea. Bertatik atera ditugu hitz hauek:

Damaren hitzak enigmatikoak dira. Poema asko begiak itxita errezitatzen ditu eta pitonisa igarle baten mezu ezkutuak direla dirudite; beste errealitate edo beste dimentsio batetik etorritako hitzak. Horrela al da? Edo ameslari bakarti baten jolasaren aurrean gaude? Hitzen, doinuen, esanahien erabilera ludiko-poetikoa ote da berea? Mozkorraldi existentziala? Bizitza eta poesia maite ditu Damak. Eta, berea, edozein herritako edozein tabernatan idazten dagoen poetaren istorioa izan daiteke. Taberna bazter batean, anisa edaten, idazten. Zoritxarrez, susmopean jar dezake horrek: zertan ari da? Ez al du beste lanik egiten? “Aurkitu duzu lanen bat edo poesiarekin jarraitzen duzu?”. Ika-mikak, existentziaren “errentagarritasuna” erakusteko presioak, justifikatu beharrak. Zentzu horretan, agian, edozein artistak ikus dezake bere burua Damaren ispiluan islatuta. Artea zer den sekula ez dago argi eta artista gisa norbere burua izendatzea ez da gauza erraza. Krisi existentzialera kondenaturik al dago artista, poeta, idazlea, dantzaria…? Bere bizimodua justifikatzeko kontzeptuen eta argudioen bilaketa nekagarrian aritu behar du?

Galderak galdera, Damaren hitzetatik askotariko ahotsak irudika ditzakegu: naturaren kantu ahistorikoa, orakuluaren mezu ezkutua, ameslari bakartia, artista anonimoa. Batera zein bestera izan, hitz ederrak dira bereak, iradokitzaileak, hunkigarriak.

 

Liburu honek egilearen bi obra dakartza barruan: Txoriak eta zauriak eta Iluntzen, biak Lesakako Mairu antzerki tailerrarekin taularatutakoak. Aurkezpenean argitaletxeko kideek aipatu zutenez “Bere obretan bada sinbolismo bat gai politiko eta sozialen erraietatik datorrena, baina beti ere pertsonen, umorearen eta kontraesanen neurrira idatzia tenez”. Egileak berak Mairuren amateur izaerak dituen ezaugarriak ekarri zituen gogora, bere testuak kokatzeko, “Talde amateurra izateak bere mugak ditu, baina baita ere lotura gutxiago, lan egiteko askatasuna”. Maider Arrieta Tapiak egin du azaleko irudia, eta aipatutako lanetan kanpo begiradan lagun izan duten Manex Fuchsek hitzaurrea. Hauek dira bere hitzak:

Pier Paolo Pasolinik errana: “Antzerki erraza objektiboki burgesa da, antzerki zaila elite burges jakitunentzat da; demokratikoa den antzerki bakarra oso zaila da, antzerki herrikoia asmatzeko saiakera guztiek argiki erakusten duten bezala”. Gaizka Sarasolak ez du antzerki erraza idazten, herrikoia da bere funtsa. Bere antzezlanak taularatzeko, gorputzez, ahotsez eta irudimenez inplikatzea ezinbestekoa da. Lesakako Mairu Antzerki Tailerra bide horretan dabil azken hogei urte hauetan. Egin dituzten proposamenak ausartak eta berritzaileak dira.

Antzerki herrikoia sortu nahi duenak lanak izaten ditu: Mairu Antzerki Tailerrak zuhaitzak bota, egurra apaindu, batu eta txondorra egiten du, bere barneko sua ilunpetik hona ekarri eta eskaintzeko.

Aurkezpenean aipatu zutenez, hogeita hamar urteko ibilbidean, Agus Perez euskarazko eszenaen berri eman duen kritikari ia bakara izan da, bide batez garai oso baten kronika egin duelarik, ondare bakana osatuz. Saiakera moduko liburu hau ibilbde horren lagina izango litzateke: batetik, Perezek ofizioari buruz idatzitako memoriak eta gogoetak datoz, eta bestetik, ondare horren lagina den hogaita hamar kritikaren antologia. Idoia Beratarbide Arrietak egin du azala. Batez ere Euskaldunon Egunkaria eta Berriaren ibilbideei loturiko lana da Agus Perezena, eta ez kasualitatez, Mikel Lizarraldek idatzi du hitzaurrea:

Askotan galdetu diot neure buruari. Zerk eramaten du pertsona bat —kasu honetan bi, Agus Perezen izena aipatzeak beti dakarrelako segidan Lali Marimonen aipamena— asteburuero autoa hartu, kilometro mordoxka egin, batean Bilbotik Gasteizera, hurrengoan Donostiara, segidan Luhusora… joan, antzezlan bat ikusi, etxera itzuli, eta goizaldeko ordu txikietan egunkarirako kritika idaztera? Erantzunik ez daukat, baina pentsatzen dut oholtza gaineko arteak asko maitatu behar direla horretarako. Are gehiago. Antzerkia, dantza eta zirkua maitatzeaz gain, kazetaritza ere maitatu behar da, kazetaritza sortzaileen eta hartzaileen arteko zubi izan daitekeen neurrian. Agusek maite ditu arte eszenikoak, maite du kazetaritza, eta esango nuke bi maitasun horien emaitza dela bere lana.