“Ganbila.eus” webguneko atal berriak aurkeztu ditugu

2024-03-08 | EHAZE

Ganbila antzerki bilduma eta “ganbila.eus” webgunea EHAZE eta Susa argitaletxea elkarrekin gauzatzen ari garen proiektua da. “ganbila.eus” webguneko atal berriak aurkeztu berri ditugu,martxoaren 11ean Donostian, eta Martxoaren 23an beste aurkezpen bat egingo dugu Gazteizko Baratza aretoaren Zurrunbilo jaialdian 18:00etan. Bertan webguneko atal berriak aurkezteaz gain, solasaldia egingo dugu Ander Lipusekin ANTZERKIAREN LABIRINTOAN liburuaren harira.

Ganbila antzerki bilduma 2019an abiatu zen, eta ganbila.eus ataria, berriz, 2022an. Atariaren helburua hastapenetik honakoa izan da: euskarazko antzerkigintzaren inguruko dokumentazio lan ahalik eta osoena egitea, azken hamarkadetan argitaratutako liburuen eta estreinatutako antzezlanen datu basea osatuz. 2022tik atal hauek osatu dute ataria: teatro testuak osorik jasotzen dituen atala, hemeroteka (kritika, kronika, elkarrizketa eta erreportajeak), ikus entzunezkoak (antzezlanak osorik, trailerrak eta teaserrak) eta Ganbila bilduma osorik jasotzen duen atala. Orain atal berriekin osatuko dugu eskaintza: antzerkigileen eta antzerki konpainien zubitegia, eta estreinaldien zerrenda.

Hona hemen aurkezpenak edukitako oihartzun batzuk:

-GARA: “Hiru atal berrirekin, Ganbila euskarazko antzerkigintzaren datu-base zabalena da“.

-ARGIA: “Ganbila.eus-en euskarazko antzerkiaren webgunea berritu dute“.

-Emailuak: “Euskal antzerkigintzaren ataria: ganbila.eus“.

Hona hemen aurkezpenean azaldu genuena idatziz:

“Ganbila proiektua bere osotasunean EHAZE-Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Susak elkarlanean egiten dugun proiektua da. Ganbila antzerki bilduma 2019an abiatu zen, eta ganbila.eus ataria, berriz, 2022an.

Gaur, ganbila.eus atariko atal berriak aurkeztera gatoz.

Atariaren helburua hastapenetik honako hau izan da: euskarazko antzerkigintzaren inguruko dokumentazio lan ahalik eta osoena egitea, azken hamarkadetan argitaratutako liburuen eta estreinatutako antzezlanen datu basea osatuz.

2022tik atal hauek osatu dute ataria:

-Teatro testuak osorik jasotzen dituen atala (gaur egun 167 obra daude jasoak).
-Hemeroteka (kritikak, kronikak, elkarrizketak eta erreportajeak, 1054 artikulu),
-Ikus entzunezkoak (43 antzezlanak osorik, 87 trailer eta teaserrak, 4 antzezlan zatiak)
-Ganbila liburu bilduma osorik jasotzen duen atala (23 liburu).

Gaurtik aurrera hiru atal berrirekin osatuko da eskaintza: antzerkigileen zubitegia, antzerki konpainien zubitegia, eta estreinaldien zerrenda.

AZALPENA

Euskal Idazleen Elkarteak argitaratzen duen Hegats aldizkariaren azkeneko zenbakian, Patri Urkizuri egin diote elkarrizketa, eta titularra honako hau da: “Teatro dokumentazio zentro bat falta da”. Honako hau ere esaten du idazleak: “Teatro-munduaz antzertiaz diren testu, bideo, kartel, argazki eta beste erabat sakabanatuak daudelakoan nago, eta leku apropos bat beharko lukete denak kontsultatu eta kopiak egiteko”.

Bokazio entziklopedikoa duen ekimen honek euskarazko antzerkigintzaren sektoreak urte luzez aldarrikatu duen behar bat asetzeko lehen urratsa da: euskarazko teatroaren dokumentazio zentroa, kasu honetan Susa eta EHAZEren arteko elkarlanari esker modu digitalean egiten hasi garena. Proiektu honen helburua euskarazko teatrogintzaren inguruko datu baserik ahalik eta zehatzena eta osoena eskaintzea da, tresna berri jartzea zaleen, ikasleen, ikerlarien, kazetarien, programatzaileen, kultur eragileen, antzerkigileen esku, nahi edo behar duen ororen esku.

Izan ere, dokumentazioa ez baita -soilik- iragana jasotzeko modu bat, orainean eragiteko eta etorkizunera proiektatzeko tresna bat baizik. Euskarazko antzerkigintzak zailtasun handiak ditu Euskal Herrian ezaguna izateko, eta horrek eragin zuzena dauka, adibidez, herrietan, eta zer esanik ez, hiriburuetan euskarazko antzerkia programatzeko eta ezagutzera emateko aukeran. Gezurra badirudi ere, euskarazko antzerkigintzaren parterik handiena ezezaguna da Euskal Herriko kultur eragile eta programatzaile askorentzat, eta ondorioz, sarritan, aurreiritziak nagusitzen dira.

Urgentea da euskarazko antzerkigintzari luzatzen zaion begirada aldatzea.

Adibide bat jartzerako, kasualitateak nahi izan du Ganbila aurkezteko prentsaurrekoa gaur izatea, zer eta Dferia betean. Donostiako merkatu ezagunean, adibidez, euskara desagertua dago. Lan bikaina egiten dute bertako arduradunek, gure aitortza haien ahaleginei; ordea, aparteko antolakuntza batekin, nola da posible euskara uztea aparte? Nola da posible euskara hutsez lan egiten duten taldeen olatuak ez edukitzea beren lanak Euskal Herrian bertan ezagutzera emateko apenas biderik? Urgentea da euskarazko antzerkigintzari luzatzen zaion begirada aldatzea, aldaketa horrek eragina izan dezan antzerkia sozialki irakurtzeko dugun moduan eta kultur politikak kudeatzeko dugun moduan.

Bitxia da momentu honetan gertatzen ari dena: 80. hamarkadan euskal teatroari lehen astindua eman zion belaunaldia oraindik ere oholtzetan dabil, espazioa eta denbora partekatuz gerora etorri diren -gutxienez- beste hiru edo lau belaunaldirekin. Lehen belaunaldi hura erretiroa hartzen hasi da (jakin nahi genuke zer baldintzetan, baina hori beste gai bat da) baina oraindik euskarazko teatroak ez dio bere buruari kontatu azken berrogei urteetan gertatu dena, jaso gabe geratu da urte hauetako antzerkiaren historia. Ganbila proiektua da, bere osotasunean, hutsune horri irtenbidea ematen hasteko ahalegin kolektibo bat.

Ganbila antzerki bilduma euskarazko antzerkigintzaren argazki garaikidea egiteko asmoz sortu zen. Batetik, egun oholtzetarako testuak idazten ari diren ahots eta gai berriak literatur bilduma batera ekarri nahi izan ditugu, eta bestetik, dagoeneko ibilbide luzea duten egileen lana jaso eta aitortu. Egun euskaraz dagoen idazketa aniztasunaren eta kalitatearen laginak ekarri nahi izan ditugu literaturara. Horrekin batera, literatur idazketatik haratago ere, bilduma teatro korronte guztien edukien isla izaten saiatu da: nola jaso hitzez gorputzaren mintzoa? Saiakeraren bitartez, izan da Ganbila literatur bildumaren erantzuna. Teatro testuak publikatu ditugunean pentsamenduz eta gogoetaz laguntzen saiatu gara, eta saiakera berari gero eta leku zabalagoa uzten bildumaren barruan.

Ganbila paperezko antzerki bilduma argazki bat baldin bada, ganbila.eus ataria argazki hori atera den paisaia jasotzeko ahalegina da. Argazki batek beti uzten du zerbait kanpoan, eta ganbila.eus kameratik kanpo geratu den guztia jasotzeko modua da, argazkiaren testuingurua bera. Interesa duen orok bere argazki propioa atera ahal izan dezan paisaia horretan: ikerketen bitartez, hezkuntzaren bitartez, kazetaritzaren bitartez, eguneroko kultur kudeaketaren bitartez.

Zenbat dira urtero estreinatzek diren euskarazko lanak? Estreinaldien artean zenbat dira euskara hutsez lan egitea erabaki duten taldeek sortutakoak? Ze testu itzultzen dira gaur egun euskarara? Ze testu itzultzen ditugu erdarara? Zeri buruz mintzo dira gaurko lanak, zein moldetan? Zeintzuk dira euskaraz sortutako teatroak aukeratzen dituen dramaturgiak? Zenbat antzezlan afizionatu estreinatzen dira, zenbat amateur, zenbat profamateur, zenbat profesional (etiketei dagozkien kakotx guztiekin)? Zenbat lan sortzen dira behin bakarrik emateko, nahita edo nahigabe? Ze espazio motetan estreinatzen dira euskarazko antzezlanak? Euskal hiriburuetan bada euskarazko estreinaldi absoluturik? Zenbat formatu txiki dago egun, zenbat pieza labur? Orain arte asko izan dira galderak, eta ganbila.eus-eko datu baseari esker erantzunak ematen hasteko moduan egon gaitezke.

Argazkia aipatu dugu, baina esan genezake ispilua. Ganbila.eus-etaz ari, antzerkigileak ez ditugu aipatu ia, orain arte: oholtzetan ari direnak, teatro irakaskuntzan ari direnak, herrietan oinarritik proiektu eta zale berriak bultzatzen ari direnak. Haientzat, guretzat, Ganbila argazkia baino ispilua da: jakin dezagun nortzuk garen, zertan ari garen, nola ari garen. Nekez hasiko inoren gaineko begirada aldatzen, inor horrek aurretik, bere burua ikusten ez badu.

Eskerrik asko proiektu honetan lan eskerga egin duten Lali Marimon eta Agus Perezi, haien datu base pertsonala izan delako proiektu honen abiapuntua, eta zehaztasunez elikatzen jarraitu dutelako. Orain arte ez dugu aipatu, baina artikulu propioak ere publikatzen ditugu webgunean, eskerrik asko orain arteko kolaboratzaileei: Agus Perez, Jaime Valverde, Amaia Alvarez Uria, Maddi Goikoetxea Juanena eta Mikel Ayllon.”