“Ganbila” antzerki bildumako bigarren labealdia aurkeztu dugu

2020-06-16 | EHAZE

Aspaldi ikusi gabeko irudia sortu zen ekainaren 9an Bilboko Biran, GANBILA antzerki bildumaren aurkezpenean: euskal teatroko aurpegi ezagun ugari parez pare, teatro egarriz, zuzeneko harremanen gosez. Bertan aurkeztu genituen Susa argitaletxeak eta EHAZEk hiru Ganbila berriak: Eneritz Artetxeren Isiltasuna, Kepa Errastiren Mami Lebrun, eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun. Euskarazko antzerkia ospatzeko eguna izan zen aurkezpena, beraz, oholtzak fisikoki betetzeko zain gauden honetan.


Euskal tetroaren iraganari, orainari eta etorkizunari begira egiten ari garen bilduma da hau: iragana, birak amaituta dituzten antzerki garaikideak paperean gorde eta berrirakurtzen ari garelako; oraina, egun antzerkian lanean ari diren antzerkigileak erretratatu eta bisibilizatu nahi ditugulako; eta hirugarrenik, etorkizuna, garrantzitsua delako transmisioa datozenek zerotik hasi direla senti ez dezaten, belaunaldi berriak aurretik egindakoaren alde edo kontra egon daitezen, antzerki eskoletan lanerako material garaikidea topatu dezaten.

Antzerkiak bulkada kolektiboari erantzuten dio, talde dinamikari, eta halatxu izaten ari da proiektu honekin ere. Susa eta EHAZEren arteko elkarlanaz gain, zazpi antzerkizalek osatu dugu edizio taldea, beste hiru lagunek osatu dute bilduma estetikoki gauzatzeko ardura, eta liburu bakoitzean edukiekin zerikusia duten sinadura gonbidatuek parte hartu dute, liburua bera elkarlan berriak saretzeko tresna izan daitekeela erakutsiz. Harpidedunak ere ahalegin kolektibo honen ezinbesteko zutabea dira.

Ganbilaren aurkezpenak komunikabideetan izan dituen oihartzunak:

Berria (Iñigo Astiz): Paperezko oholtza bat

Bilbo Hiria (Ane Zabala): Ganbila bilduma paperezko oholtza

Gara: Ganbila antzerki bildumak bigarren labealdia aurkeztu du

Hitzen Uberan: Kepa Errastiri elkarrizketa