Eztena jaialdiaren 15. edizioa martxan

2023-06-06 | EHAZE

Errenteria/Oreretako Eztena arte eszenikoen jaialdiak 15. edizioa beteko du aurten. Programazio nagusia ekainaren 9, 10 eta 11an izango da, baina aurretik astean zehar hainbat laborategi egingo dira. Aurten. lehenbiziko aldiz, antzerkigile belaunladi berri batek hartu du jaialdiaren gidaritza.

EZTENA: KALEAN BADENA

Badator 2023ko Eztena antzerki jaialdia. Kalearen gaia abiapuntu hartuta ekainak 9, 10 eta 11ko asteburuan arte eszenikoek girotuko dute Orereta.

Hiru egun horietan zehar ikuskizunak, performance kolektiboak eta astean zehar antolatu diren tailerren erakustaldiak ikusi ahal izango dira. Emanaldi guztiak herriko kaleetan eta eszenatokietan egingo dira, hala nola, Gamon Zumardian, Lekuona Fabrikan, Niessen auditorioan eta erdiguneko kaleetan. Inoiz baino kaletartuago, bagatoz.

KALEA

Kaleetan badenarekin eta kalean ikusten ez denarekin lan egin nahi dugu edizio honetan. Kalera ‘atera’ esaten dugunean, kalera ‘sartzen’ ari garela esan genezake: eraikinek harresitutako lurrak dira hiriak eta auzoak, etengabeko performance erraldoietan dauden espazioak, ormigoizko eta asfaltozko areto biziak, eta denok gara bertako ikusle zein antzezle. Eguneroko kaleko hartu emanei eta arteak kalean duen presentzia beharrari keinu egin nahi diegu aurten. ‘Kalea’ kontzeptuaren iruntziarekin edo atzealdearekin jolastea da xedea; artistikoki kaleari beste dimentsio batzuk topatzea.

EGITARAUA

Ekainak 9

19.00 Kale-garbitzaileen manifestua (irekiera ekitaldia)

19.15 Txaranga Urretabizkaia

20.00 ‘Ekintzak eta lekuak soinutu’ tailerraren erakustaldia

Ekainak 10

17.30 ‘Momentua bizi, espero ez dugun gorputz baterantz’ tailerraren erakustaldia

18.30 ‘Gorputzak pasieran’ tailerraren erakustaldia

20.00 Igor x Moreno konpainiaren Concerto emanaldia.

23.00 ‘Parkineo’ performance kolektiboa (gaueko ikuskizun interaktiboa)

Ekainak 11

12.30 ‘Merkadilloa’ performance kolektiboa (azoka artistiko interaktiboa)

14.30 ‘Familia bazkaria’ performace kolektiboa (herri bazkaria)

17.30 Koldo Arostegiren BOBO emanaldia

19.00 Tripak kolektiboaren Platea emanaldia

EZTENA KIDS LANTALDEA

Eztena jaialdia duela 14 urte sortu zen honako helburuarekin: edukietan, formetan zein antolakuntza moduetan arriskuak hartzen zituztenei plaza bat eskaintzea. Eta arrisku horren parte izan da aurtengo lantalde berria ere. Orain arte Eztena jaialdiko antolakuntzan aritu diren eskarmentudunek, arte-eszenikoen munduan dabiltzan hainbat gazteri utzi diete aurtengo edizioa martxan jartzeko ardura. Beraz, Eztenako lantalde gazteak eta beteranoak, Zizt! Kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta, eztenakide guztien laguntzarekin osatu da aurtengo edizioa.

EKINTZAK ETA IKUSKIZUNAK

Ekainaren 9, 10 eta 11ean, tailerretan landu dena ikusteko aukera egongo da, Oreretako kaleetan barrena parte-hartzaileekin erakustaldiak egingo baitira. Horretaz gain, ekintza eta ikuskizun ezberdinak antolatu dira.

CONCERTO – Igor x Moreno

Giorgio Gaber-en “Teatro Canzone” kontzepzioari jarraituz, CONCERTOk koreografiaren, abestiaren eta musikaren hizkuntzak batu nahi ditu lan intimo eta bisualki aberats batean. Abesti bilduma batek garraiatzen du narrazioa, Simone Sassuk moldatu eta Moreno Solinasek idatzi eta zuzenean abestutako abestien bidez. Ikuskizuna paisaia elektroakustiko batean kokatzen da, ahotsaren eta gorputzaren kalitate analogikoarekin kontrastean. Sardiniar tradizioa, bestetasuna eta sormen-askatasunaren izpiritu zein queer identitateak irudikatzeko gogoa abiapuntu hartuz ikuslegoa ikusentzunezko bidai koreografiko batera gonbidatu nahi du. CONCERTO kontzertu zein eta dantza ikuskizun bat da. Abesteko koreografia bat da CONCERTO.

Moreno Solinas eta Igor Urzelai Hernando koreografoek beste artista talde zabal batekin elkarlanean sortutako sinadura lana da. Haien kolektiboa Sardinian biltzen da, eta handik Europan ez ezik, Ipar eta Hego Amerikan, Afrikan eta Asian ere aurkeztu dira Igor x Morenoren lanak. 2012an sortu zenetik bere lana mundu osoan gogotsu jaso dute bai ikusle zein kritikariek, hainbat sari eta nominazio jasoz, hala nola, Rudolf Laban saria eta National Dance Awards eta Total Theatre Awards sarietarako izendapenak besteak beste.

BOBO – Koldo Arostegi

Bobo bakarkako eszeniko bat da, eta bertan dantzatzen, abesten eta gogoratzen dut telebistan ikusten nuen emakume bizi hura, behin eta berriz errepikatzen dut pelikula haren eszena: gizona izaten saiatzen naiz, ez dut lortzen, aspertu egiten naiz eta abesti horretatik zintzilik geratzen naiz etengabe bueltaka. “Espazio intimo batetik, haurren linbo batetik, harrituta begiratzen diet nire gainetik doazen ausazko milioika mugei, normala dena eta ez dena definituz. Besteen begiradek eta inertzia sozialek bizkortu egiten naute, ahaleginak egin eta mugaren mugak normaltasunaren aldean jartzen nauen lekurantz korrika joan nadin. Hala ere, ez daukat batere argi harantz korrika egin nahi dudan.”

Koldo Arostegui euskal dantzari eta koreografoa da. Bartzelonan hasi zituen ikasketak, eta The Place (Londres) eta SNDO (Amsterdam) eskola ospetsuetan osatu zuen bere prestakuntza. Interprete gisa Compañía Mudances-Angels Margarit, Deborah Hay, Krisztina de Chattel, Cia Erre que Erre eta Jesús Rubio Gamorentzat lan egin du, besteak beste. Sortzaile gisa, 2015ean, Angela eta Koldo Peris Alcantud-ekin batera, Angela y Koldo konpainia sortu zuen. Haurrentzako Alles izeneko pieza 10 herrialdetan baino gehiagotan dantzatu da eta 150 aldiz antzeztu da. Espainiar estatuan, La Caldera Barcelona, La Casa Encendida Madrid eta Teatro Cánovas de Málagan erakutsi da.

PLATEA-Tripak

Tarteko existentziaren edo arimen trantsizioaren ideiatik abiatuta, Platean, imajinatutako linbo baten irudikapen gisa, bankete baterako prest dagoen mahaia aurkezten zaigu padura baten erdian. Mareen mugimenduak bizitzaren ematearen eta hartzearen propietatea nabarmentzen du, azalpenik edo euskarririk aurkitu gabe. Jainko batek, zeremonia maisu bezala, ongi etorria ematen die inguru aldakor honetara iristen diren gorputzei. Itsasoak ekarrita, noraezean edo konortea galduta iristen dira, naufragoak edo sirenak bezala; guztiek izan zuten lehenago bizitza bat eta heriotza bat. Azken ospakizunerako prestatu dute lekua, transmutazio finalerako, baina, aurretik, haien bizitzetako borondateak atzean utzi beharko dituzte.

Tripak Andrea Berbois, Mayi Martiarena, Maite Mugerza, Marina Suarez eta Natalia Suarezek osatutako euskal konpainia da. Bere praktika arte eszenikoetan oinarritzen da. Arte plastikoetan eta musikan ikasketak egin ondoren, 2014an konpainia sortu zuten beren esperientzietan eta munduko eta estetikako bisio partikularretan oinarritutako sorkuntzak eskaintzeko asmoz. Harrezkero, antzerki-formatuko hainbat lan sortu dituzte, baita performanceak ere, bakarka zein beste artista batzuekin elkarlanean.

TAILERRAK

Ekainaren 5etik 10era hiru tailer antolatu dira bertan parte hartu nahi duten antzerki eta performance zaleentzat.

  1. EKINTZAK ETA LEKUAK SOINUTU

Myriam Rzm eta Garazi Gorostiaga

Soinuarekin edota musika elektronikoarekin nolabaiteko erlazioa zein gogoa duzuen pertsonei zuzendutako tailerra da; profesionalki horretan jardun ez arren, nozbait ordenagailua, efektu-botoiak edo loop pedalak erabili nahi izan dituzuenontzat. Kaleko ekintzak eta lekuak soinutuko dituen elkarrekintza bat esperimentatzeko prest gaude. Zuzeneko inprobisazioa, bakarra eta momentukoa.

Non: Oreretako kaleetan (euria eginez gero, Koldo Mitxelenako jolastokia)

Noiz: Ekainaren 9an, 10:00etatik 14:00etara

  1. MOMENTUA BIZI, ESPERO EZ DUGUN GORPUTZ BATERANTZ

Koldo Arostegi eta Eneko Gil

Inprobisatzen lagunduko diguten jarraibideak praktikatzeko gune bat izango da tailerra. Hiru dimentsioko gorputz erabilgarri bat lortzeko arreta landuko da bertan. Ez dugu mugimendua modu zehatz batean sortzea bilatuko, unean bertan bizitzea baizik; espazioa, zoria eta inkontzientea izan daitezen gu manipulatzen gaituztenak. Entzuteko gaitasuna landu, arreta esnatu eta hura deshierarkizatzeko gune izango da. Gorputza hustu eta kristal garden bat bezala momentuari heldu nahi dionak hemen du aukera.

Non: Dantzagunean, Oreretan.

Noiz: Ekainaren 5etik 8ra, 16:00etatik 20:00etara

  1. GORPUTZAK PASIERAN

Marina Suarez eta Andrea Berbois

Gorputza eta paisaiaren harremana landuko ditugu. Gorputza adierazpen eta keinu arkaikoetara eraman nahian, paisaian esku hartzeko ariketa koralak eta indibidualak egingo ditugu. Horietan, gorputzaren eta ahotsaren plastikotasuna, talde-entzutea eta ingurunearekiko sentsibilitatea aztertuko ditugu, paisaiarekin leku oniriko eta poetikoagoak harakatzeko.

Non: Lekuona Fabrikako sorlekuan, Oreretan

Noiz: Ekainaren 6tik 8ra, 16:00retatik 20:00retara