Euskarazko estreinaldien datu basea denon eskura

2025-02-14 | EHAZE

Duela urte batzuetatik EHAZEtik euskarazko estreinaldien datu basea abiatu dugu. Egun datu base hori nahi duen orok kontsultatu dezake Ganbila.eus webgunean, baina datu horien berri beste euskarri batean jaso nahi izanez gero, badago aukerarik, EHAZErekin harremanetan jarrita (ehaze@ehaze.eus). Denera 1.860 euskarazko antzezlanen fitxak ditugu jasoak.

Euskarazko estreinaldien datu-basea

Sarrera

Orain dela urte batzuk EHAZEk euskarazko estreinaldien datu-base baten sorrera eta kudeaketari ekin zion, gure hizkuntzan sortzen diren antzezlanak batu eta sistematizatzeko asmoz. Susa argitaletxearen ezinbesteko kolaborazioarekin, datu-basearen barne sistema informatikoa diseinatu zen, eta urteotan Lali Marimon arduratu da datu-basea hornitzeaz eta etengabe eguneratzeaz. Esandako datu-basea publikoa izateko bokazioarekin jaio zen, eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere.

Antzezlanen ezaugarriak

Datu-basean kontuan hartzen dira euskaraz behin gutxienez antzeztu diren antzezlanak, gure erdaretako batean ere antzeztuak (edo jatorriz sortuak) izan arren.

Datu-basea sortzearekin bat, berehala etorri zen funtsezko galdera hau: zer jotzen dugun antzerkitzat eta zer ez. Auzi korapilatsu hori kontuan hartuta, datu-baseak ez ditu kontuan hartzen honako ekitaldi eszeniko hauek:

  • Hitzik gabeak (mimoa)

  • Planteamendu eszenikorik ez daukaten lanak (bakarrizketa hutsak, irakurketa dramatizatuak…) betiere planteamendu eszenikorik ez badaukate.

  • Ipuin kontalariak

  • Zirkua

  • Txotxongiloak

  • Dantza

  • Kontzertu eszenikoak (2024tik aurrera, Goaz!en eta pailazo talde gehienak)

  • Toberak, libertimenduak eta maskaradak (pastoralak, aldiz, bai)

  • Eskola-emanaldiak eta ikasturte amaierako emanaldiak (zirkuitatzeko asmorik gabeak)

  • Gaztetxoen antzerkia (18 urtetik beherako antzezle amateurrenak)

  • Bertsolaritza eszenikoa

Irizpide horien arabera, lan mota hauek hartzen ditu kontuan datu-baseak:

  • Ohiko testu-antzerkia

  • Nolabaiteko dramaturgia duten irakurketa dramatizatuak

  • Kontzertu dramatizatuak (musika da oinarri nagusia, baina testua, argumentua eta dramaturgia dute)

  • Zirkuitatzeko asmoa duten eskola-emanaldiak

  • Clown ez musikala

  • Site-specific direlakoak betiere testua baldin badute

  • Poltsiko-antzerkia (formatu txikia)

  • Antzerki laburra (iraupen laburra). Iraupen minimoa hogei minutu.

  • Herri-antzerkia

  • Pastoralak

Euskarazko lantzat jotzeko irizpidea

Zaila da zehatz-mehatz esatea antzezlan bat noiz jo daitekeen euskarazkoa, eta horretan irizpidea ezinbestean da subjektiboa. Irizpide ustez kuantitatiboaren arabera, euskarazkoa jotzen da %50 baldin bada, baina horretan ere hartzen dugu kontuan euskararen pisu esanguratsua, hau da, ez izatea apaingarri hutsa, ez izatea erabilera anekdotikoa.

Zorionez, oso sorkuntza gutxik daukate hain euskarazko pisu txikia, eta erdararen bat agertzekotan oso proportzio txikian izaten da (%5 eta %15 artean, demagun).

Datu-bilketaren atzerako epemuga

Denboran atzera eginez gero, euskarazko antzezlan asko topa daitezke, batez ere herri-antzerkiaren forma askotan, baina datu-basearen erabilgarritasuna bermatzearren, 1900. urtea ezarri da.

Bildutako lanen kopurua

2025eko otsailaren 1a arte 1.860 euskarazko antzezlan fitxatu dira datu-basean. Datu-baseak hazten jarraitzen du, lehen baino motelago bada ere. Adibidez, orain Iparraldeko 50 bat antzezlan daude ikertzeko, eta haien datuak bildu ostean sartuko dira konputoan.

Lan bakoitzetik bildutako datuak

  • Izenburua

  • Konpainia

  • Konpainia mota

  • Xede-ikusleen adina

  • Antzerki mota

  • Estreinaldi urtea edo data zehatza

  • Egilea/bertsioa

  • Euskaratzailea

  • Zuzendaria

  • Antzezleak

  • Eszenografia

  • Argiak

  • Jantziak

  • Musika

  • Hemeroteka (artikuluak, kritikak, bideoak…)

  • Testua argitaratua ote dagoen

  • Eskura dugun dokumentazioa

Informazio iturriak

Geure artxiboak (informatikoak eta paperezkoak), Kulturklik, Euskal Herri osoko antzokietako programazioak, konpainiek argitaratutako liburuak (Doke, Goaz, Ganbila…), doktore-tesiak eta lan espezializatuak (Idoia Gereñu, Patri Urkizu…), Internet, Eugenio Arozenak Euskaltzaindiaren esku utzi zuen euskarazko estreinaldien konpilazioa…