EHAZEtik jardunaldi bat antolatu dugu Oiartzunen, ikuspegi feminista euskal antzerkian txertatzeari buruz hausnartzeko. Euskal Antzerkigintza Feminista Baterantz izeneko topaketa azaroaren 29an, izango da Oiartzungo Landetxe Aretoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin, Oiartzungo Udalarekin eta herriko Asanblada Feministarekin lankidetzan. Izena emateko aukera duzue albiste honetan.
Euskal Antzerkigintza Feminista Baterantz
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) jardunaldi bat antolatu du Oiartzunen, ikuspegi feminista euskal antzerkian txertatzeari buruz hausnartzeko. Euskal Antzerkigintza Feminista Baterantz izeneko topaketa azaroaren 29an, izango da Oiartzungo Landetxe Aretoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin, Oiartzungo Udalarekin eta herriko Asanblada Feministarekin lankidetzan.
Irati Baroja Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko arduradunak esplikatu du, “Aspalditik gabiltza euskal antzerkigintza ikuspegi feminista batetik eraikitzeko langintzan: Garaionen antolatutako lehenengo topaketak, Karanbola hirukoitza liburuaren argitalpena… Oraingo honetan urrats bat gehiago emateko unea dela iruditu zaigu, aztertuz, gogoetatuz, elkar topatuz eta, batez ere, pentsamendua saretuz. Horregatik, Oiartzungo jardunaldia ahalik eta irekiena eta parte hartzailea izateko moduan diseinatu dugu, hainbat eragilerekin elkarlanean”.
Kulturako diputatuak, Goizane Álvarezek, ekimen honen garrantzia azpimarratu du: “Kultura eta arte eszenikoak tresna indartsuak dira gure gizartea zalantzan jartzeko eta eraldatzeko. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak ikuspegi feminista duen antzerkiari buruz egiten duen hausnarketa eta erakusten duen konpromisoa urrats ausartak eta beharrezkoak dira, eta gure kultura-ondarea aberasten eta gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta kritikoago bat sustatzen laguntzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak prozesu hori babesten du eta jardunaldia topaketarako eta eraikuntza kolektiborako gune bat izatea ospatzen du.”
Nora Velez del Burgo Zalakain Oiartzungo berdintasun zinegotziak adierazi du “Antzerkia tresna oso interesgarria da egungo errealitatea aztertzeko. Jendarte patriarkal batean bizi gara eta ondorioz, antzerkigintza ere horren isla da. Arlo hori ikuspegi feminista batetik aztertzea ezinbestekoa da errotutako genero-desberdintasunak, botere-harremanak eta emakumeen ikusgarritasun eza mahai gaineratzeko. Funtsean, praktika feministak beharrezkoak dira kaleetan, etxeetan eta eszenatokietan, helburu dugun jendarte parekidea lortzeko bidean.”
2019az geroztik, EHAZE gogoeta prozesu batean murgilduta egon da, kultura feminista bere sorkuntzetan, harremanetan eta kudeaketan nola txertatu daitekeen hausnartzeko. Jardunaldi honen helburua da euskal antzerkigintzaren egungo egoera ikuspegi feministatik modu kolektiboan aztertzea, antzerki inklusiboagoa eta kontzienteagoa sortzera bideratutako erronkei, gatazkei, beharrei eta indarguneei helduz.
Jardunaldiak hainbat jarduera izango ditu, hala nola lan-saioak, bazkari partekatua eta ideiak eta esperientziak trukatzeko mahai ingurua. Saioetako gaien artean, nabarmentzekoak dira antzerkiaren eremuan espazio feministak sortzea, profesionalen arteko sareak indartzea, kultura-politikak eta inklusioa euskal antzerkigintzan.
Ekimenaren aurkezpena (Argazkia: Ananda Berasarte).
Jardunaldiaren egitaraua:
-
11:30 – Harrera
-
12:00 – Ongietorri ekitaldia eta gaiaren aurkezpena
-
12:30 – Etenaldia
-
13:00 – Lan-saioak (gaikako taldeak aukeratu ahal izango dira):
-
Gune feministak sortzea eta ahalduntzea euskal antzerkigintzan
-
Sareak sendotzea euskal antzerkigintzan
-
Kultura-politikak eta euskal antzerkigintzaren egoera
-
Inklusioa euskal antzerkigintzan
-
-
14:30 – Bazkaria
-
Bazkalostean – Goizeko lanak partekatzea
-
18:00 – Mahai ingurua: “Euskal antzerkigintza feminista baterantz: zertarako eta nola? “
-
20:00 – Itxiera Orgasmo taldearen eskutik eta amaierako ospakizuna
Topaketa hau hausnarketarako eta ekintzarako gune bat da, euskal antzerkigintzan praktika feministak txertatzen jarraitzeko, antzerkiaren esparrua bidezkoagoa eta eraldatzaileagoa izan dadin.