Euskal antzerki talde amateurren topaketa egin zen azaroaren 12an

EHAZEren ekimenez, Debagoieneko Antzerki plataformarekin elkarlanean, eusjal antzerki talde amateurren topaketa antolatu zen azaroaren 12an. Hemen kronika txikia.

2023-11-27 | EHAZE

Azken hamarkadetan hainbat ahalegin egon dira euskarazko antzerki talde amateurrak saretzeko eta elkarrekin kezka eta erronkei erantzun bateratua eman ahal izateko (horien artean, adibidez, EATAE elkartearen sorrera egon zen). EHAZEren asmo estrategikoetan hasieratik egon da antzerki amateurrari buktzada ematea; betiko ahalegin horiei beste bat gehitu nahian, topaketa berri bat egin zen azaroaren 12an Elgetan, EHAZEk eta DAPek elkarlanean antolatuta.

23 lagun batu zuren topaketan, talde hauetatik etorritakoak: Lezoko Orratx, Zurriola antzerki eskola, Tolosako Katiuska taldea, Oñatiko Irazan, Bermeoko Buselektrikue eta Soraluzeko Historia Oroituz.

Goizean kanpo dimanizazio batekin -Ixiar Garciak eta Maite Darcelesek gidatuta- taldeen kezken inguruko hizketaldia egin zen baina “positibotik” jota, hau da, kezkak potentziak nola bihur daitezkeen aztertuz. Saioa inpro batzuk eginez amaitu zen, zeinetan abiapuntua honakoa izan zen: “nola irudikatzen dugun hemendik urte batzuetara topaketa hauen eragina?”.

Eguerdian bazkaria egin zen, giro ezin hobean. Topaketaren ostean badago sarearekin jarraitzeko asmoa, nolabait artikulatuz. Topaketan ikusi zen talde guztiek badauzkatela asmo komun batzuk, eta aurrerantzean ideia izango da batzea eta norberaren herrietan udalekin espazioak eta baliabideak eskatzen joatea, sareko taldeei emanaldiak lortu ahal izateko.

Hona hemen topaketako irudi batzuk: