Errenteria/Oreretako Eztena jaialdiak 13. edizioa ospatuko du ekainaren 13tik 20ra. 16 pieza izango dira denera, haietako batzuetan EHAZEk kolaboratuko du.
EHAZE-Antzerkizale elkartetik hainbat ekitalditan kolaboratuko dugu Eztena jaialdiarekin, aurtengo 13. edizioan:
–IKUSLE TALDEA jarri da martxan, esperientzia piloto bezala, Horman Poster taldearen eskutik. Ikusle talde honek bi saio egin ditu antzerkiaren oinarriez, eta ondoren jaialdiko egunetan hiru lan aztertuko ditu elkarrekin: Dejaburen NAON TOKIN, Legaleon-T-ren HAY ALGUIEN AHÍ?, eta Formol Laborategiaren ALBUM. Esperientzia honetan herri gehiagotan sakontzeko asmoa du EHAZE, antzerki zaletasuna modu aktiboan lantzeko.
-GANBILA antzerki bildumaren IRAKURKETA DRAMATIZATUA.
Durangoko KARRIKA antzerki taldeak GANBILA bildumako 12 tituluen pasarteekin IRAKURKETA DRAMATIZATUA egingo du ekainaren 15ean 20:00etan Lekuonan, Patricia Urrutiak zuzenduta. Oholtza gainean: Garazi Magunagoitia, Maite Lopez, Naiara Lopez eta Gorka Madrazo.
Testuak: Miren Tirapu, Artedrama/Dejabu/LPTDP, Patxo Telleria, Eneritz Artetxe, Kepa Errasti, Galder Perez, Erika Olaizola, Sarah Kane, Agurtzane Intxaurraga/Arantxa Iturbe, Jon Gerediaga, Gaizka Sarasola eta Agus Perez.
Doakoa, gonbidapenak hemen: http://eztena.eus/emanaldiak/ganbila
–MARINGURUA: KARANBOLA HIRUKOITZA.
Eneritz Artetxek idatzitako Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko eszenan liburuan oinarrituta, Maringurua izeneko saioa eskainiko dute egileak berak, Maider Galarzak eta Idoia Hernandez “Hatxe”k, solasaldia eta performancea uztartuz.
EGITARAUA OSORIK ETA GONBIDAPENAK:
Sarrera guztiak DOAKOAK dira, baina GONBIDAPENAK eskuratu behar dira. Egitarau osoa eta gonbidapenak eskuratzeko modua jarraian topatuko duzue: www.eztena.eus