Dokumentua: Koronabirusaren egoeraz EHAZEren ekarpena. martxoak 24

2020-03-24 | EHAZE

GOGOETA IREKIA

Ekarpen eta ideia berriak eduki ezkero: info@ehaze.eus

Koronabirusarekin egoera larria sortu da munduan, eta noski, euskal jendartean. Arloz arlo begiratzen hasi ezkero, kultur arloak oro har bizi duen babesgabetasun eta prekarietate egoera modu larian areagotuko den kezka nagusitu da. Hori dela eta, hainbat eragile hasiak dira han eta hemen erakundeei neurriak hartzeko eskatzen, jendartean kulturaren beharraz, balioaz eta egoeraz kontzientzia zabaltzen, eta hari horretatik, eragile ezberdinen iritziak eskatzen.

EHAZEk ere jaso ditu iritzi eskeak handik eta hemendik eta, besteak beste, jarraian duzuen GOGOETA IREKIA zabaldu du. EHAZEko zuzendaritza osatzen dugunok prest eta irekiak gaude iritzi eta ekarpen berriekin osatzeko ideia haiek. Oro har, hauek dira EHAZEk lehenetsi dituen eskakizunak:

  1. Euskal Herriko antzerkigintzaren egoera oro har prekarioa da, baina are prekarioagoa sarri euskarazko proiektuak diren neurrian. Hartzen diren balizko neurrietan euskarazko proiektuek pisua eta arreta berezia izatea eskatzen dugu.
  2. Euskaraz lan egiten duten sortzaileen egoerak kezkatzen gaitu, eta neurriak hartu behar lirateke euskarazko konpainia eta proiektu ezberdinen galerak ekiditeko, proiektuen biziraupena bermatzeko, eta udaberrirako aurreikusiak zeuden zuzeneko emanaldi, jardunaldiak, eta hezkuntza proiektuak salbatzeko (kontratuak errespetatuz, datak atzeratzen diren kasuetan hitzartutako diruen aurrerapen bat ordainduz, kultur arloko mahaiak sortuz udazkeneko egutegietako balizko kaosa ekiditeko… eta abar).
  3. Egoera honi ezin zaio soilik industria ikuspegi batetik aurre egin. Industria egungo kulturgintzaren parte garrantzitsua da, baina ez bakarra. Zentzu horretan, ANTZERKIGINTZAREN GERUZA GUZTIEI erreparatzea eskatzen da.

IKUS “Antzerkia eta bere geruzak” aurreko dokumentua.

EHAZEren arrazoimenak hiru multzotan:

1) Erakundeei begira plazaratzen ari den eskakizun asko Euskal Herriko kulturgintza bere osotasunean hartzen ditu, erdarazkoak eta euskarazkoak, behar duen moduan. Hala izanik, uste dugu euskarazko sorkuntzak merezi duela arreta berezia, eta nabardura. Hau da, komeniko litzatekeela euskarazko proiektuentzat plangintza, azpi-mahai edo lanketa berezitu bat egitea, batez ere “merkatua” eta “espresiorako espazioak” erdararekin konpartituak dituzten diziplina artistikoetan, euskarazko zirkuitu bereziturik gabe. Kasu, arte eszenikoak. Beti esan izan dugu: erdarazko arte eszenikoek ere prekarietate bizia dute, eta EHAZEren elkartasun eta elkarlanerako prestutasuna agertzen dugu maila guztietan, baina horren barruan sarritan are prekarioagoa izan ohi da euskarazko proiektuen egoera.

Euskaraz egiten den kulturak, kasu honetan antzerkiak, babes berezia beharko luke euskararen eremu osoan. Horrela ba, uste dugu antzerkiaren testuinguruan sorkuntza, ikerkuntza, hezkuntza eta industria euskaraz burutzen duten proiektuak kontuan hartuak izan behar liratekeela, erdaretan sortzen direnen aldean ahuldade egoera handiagoa eduki dezaketelako eta biziraupen arrisku larriagoan egon daitezkeelako.

2) Kultur “industria” jartzen da gogoeta eta eskaera gehienen erdigunean, eta ondo dago, baina ez da aski. Kultur arloa hori baino askoz gehiago da, kultur industria kulturgintzaren izebergaren punta dela uste dugu, eta hala izan behar litzateke tratatua: garrantzia dauka baina ez da kulturgintzaren (ez arte eszenikoen)geruza bakarra. Are gehiago, EHAZEren ustez industriaren neurriko neurri, arau eta laguntzek ezerezean uzten dituzte baldintza horietan sartzen ez den hamaika proiektu: konpainia profesional gisa lan egiten duten kultur elkarteak (kontratazioak bideratuz eta abar), hezkuntza zentro pribatuen sarea, antzerki eskolak, euskarazko kultur jardunaldiak, ipuin kontalariak, formatu ertain eta txikiko produkzioak, ikerketa eta argitalpen proiektuak, eta abar. Bada autonomo izatea iristen ez den hamaika sortzaile; kasu, arte eszenikoetan asko dira bolo eguneko kontratuekin bizirauten dutenak. Gatazka hori aspaldiko kontua da, eta birusaren ondorioz sortu den egoerak areagotu egin du beste behin ere industria hutsean oinarritutako ereduak dakarrena: industria gisa ulertuak diren proiektuak babesgabe uzten ditu industria hutsezko ereduak berak arte eszenikoetan, baina segur aski, industria gisa ulertuak ez diren proiektuak are babesgabeago.

Ondorioz, galerak definitzerakoan, zabaldu egin behar litzateke begirada.

3) Egun bizi dugun egoeran, batetik emergentziazko egoera bati erantzun behar zaio, eta galerak era askotakoak dira: ez soilik emanaldien galeraren araberako galera ekonomikoak, baizik eta kulturalak, proiektu bakar batek ere ez lituzke ateak itxi behar, zabaldu egin behar litzateke egoeraren ondorioz arriskuan edo hondoratzear egon daitezkeen proiektuen galerak frogatzeko moduak: formatu txikiko produkzioak (berdin-berdin ematen diote jaten artistari), sormen espazioen galerak, hezkuntza proiektuen galerak ikasturtearen hondatzearekin, langileen egoera ezberdinen araberako galerak (autonomo ez direnak, boloen arabera soilik kotizatzen dutenak, kultur proiektuak, jardunaldiak, kultur elkarte gisa egituratuak dauden konpainia eta proiektu profesionalak…

Bestetik, bizitzen ari garen egoera larri honek balio beharko luke fondoan dagoen arazo larrietako bat behingoz lantzeko, eta kulturaren inguruan azken hamarkadetan sortu den eredua eztabaidagai jartzeko: kultura modu (soilik) industrialean ulertzeak, sektorearen parte jakin bat laguntzen du, baina babesgabe uzten du kulturgintzaren beste parte handi bat, sarerik gabe eta babes sozialik gabe.

Industriaz besteko arlo hauek guztiak gabe kulturaren produkzioa ezin daiteke mantendu, ez duelako ekosistemarik izango bizirauteko. Begirada produkziora bakarrik bideratzen badugu ez da produkzio horiek ulertzeko ez haietara zaletzeko agenterik izango. Inork jaso ezin dituen mezuak igortzen ibiliko gara oholtza gainetik inon sostengatzen ez den kultur ekintza batean. Horregatik antzerkiaren testuinguruari bere zabaltasun osoan begiratzeko beharra ikusten dugu EHAZE-tik, bestela produkzioa bera ere goitik behera eroriko baita. Hauek dira gure ustez bereziki zaindu beharreko ANTZERKI GERUZAK:

-Antzerkia hezkuntzarekin lotzen dituzten proiektuak (antzerkia curriculum barruan).

-Antzerki hezkuntza ahalbidetzen duten proiektuak (antzerki eskolak herrietan, curriculumetik kanpo, lantegietan, osasungintzan, antzerki talde “amateurrak”…).

-Antzerki ikerkuntzan dabiltzan agente eta proiektuak (kasu batzuetan zirkuitatu egiten diren ikuskizunak dira, beste batzuetan laborategi proiektuak… kasu askotan kultur elkarte gisa egituratuak).

-Antzerki produkziora bideratutako proiektuak (“industria” aipatzen denean lantzen dena. Formatu ertain eta txikiko produkzioak ere barne hartzea eskatzen dugu).

Proiektuak diogu eta ez industria. Proiektu hitzaren inguruan beste edozein forman aurkeztu daitezkeen ekimenak jasotzen direlako, kulturari egiten dioten ekarpenagatik interesekoak direlako.

Kulturari egiten zaion ekarpena da kontutan hartu beharrekoa, horrek hartzen duen forma juridiko ekonomikotik haratago.

Geruza hauek guztiak elkarri lotuta daude eta batak gabe besteak ez du aurrera egiterik. Hauek denak dira kontutan hartu beharrekoak beti ere baina are gehiago krisialdi honetan. Begirada produkziora mugatzeak hori sostengatzen duen ekosistema osoa ikusezin bihurtzea dakar eta hori landu gabe uztera kondenatzen.

ONDORIO batzuk:

Euskal Herriko gobernu ezberdinek, Aldundi eta Udaletxeekin batera lan eginez, antzerkiaren testuinguruan ematen diren ekimenekiko konpromisoa hartzera behartzea:

-Hitzartutako kultur ekimenak mantenduz: bertan behera geratu direnak ordaindu eta atzeratu direnen %30 aurretiaz kobratu.

-Euskaraz ematen diren antzerki ekimenek arreta berezia izatea: kuotak jartzea euskara programazioetatik desagertu ez dadin. Epe ertainera, euskarazko estreinaldiekin eta kultur proiektuekin katalogo bat sortzea eta katalogo horren neurriko laguntza plan bat sortzea.

-Euskaraz ematen diren antzerki ekimenetarako larrialdi sare baten eratzea (antzokiez kanpoko programazio ertain eta txikiak, euskarazko jaialdiak eta kultur jarduerak, sormen espazioak, ipuin kontalariak, era ezberdineko antzerki eskolak…).

-Enpresa, kultur elkarte, autonomo eta hainbat forma juridiko duten kultur eragileak aurreko puntuetan berdin kontutan hartzea.