Asier Hernandezek irabazi du Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren saria

2021-01-20 | EHAZE

(Ikus gehiago HEMEN).

‘Kill, Kerra eta karma’ lanari esker gailendu da. Gaur egungo hainbat gai umorez jorratzen dituzte Hernandezen obrako pertsonaiek; besteak beste, politika eta euskara batua. Martxoaren 4an, irabazi duen testuaren irakurketa dramatizatua egingo da Bilboko Bira kultur gunean, Lautan Hiru jaialdiaren barruan.

(Iturria: BERRIA).

2013an bururatu zitzaion Asier Hernandez aktoreari Kill, Kerra eta karma obraren oinarria, eta hura idazten ere hasi zen, baina albo batera utzi zuen proiektua. Istorioaren aztarna, ordea, bere ordenagailuan zegoen ondo gordea, eta garai hartan idatzitako lerrookin egin zuen topo zazpi urte ondoren, Cafe Bar Bilbao tabernak Tartean Teatroaren laguntzarekin antolatutako lehiaketarako ideia bila hasi zenean. Orduko lanetik tiraka ondutako testuak Cafe Bar Bilbao Teatro Laburren XVIII. Lehiaketako euskarazko saria lortu du, eta Bilboko Bira kulturgunean irakurriko dute, martxoaren 4an, Lautan Hiru antzezlan laburren jaialdian. David Manganari egokitu zaio gaztelaniazkoa, El muffin de Proust lanari esker.

Istorioari berriro ekin zionean gauza «arraro» bat gertatu zitzaiola aitortu du Hernandezek. «Pertsonaiak errebelatu zitzaizkidan: beren kabuz aritzen hasi ziren». Kill eta Kerra pertsonaia nagusien agerpenarekin hasten da lana: ipuin bat kontatzeko intentzioarekin taularatu dira, baina, azkenean, ez dute kontakizuna burutuko. Aldiz, beste pertsonaia batzuk ere lagun dituztela, eguneroko hainbat gai izango dituzte hizpide, umorez jorratuko dituztenak betiere, Hernandezek azpimarratu duenez: «Momentu batean kilker bat agertuko da bere amaren heriotzari buruz hitz egiten, eta euskara batuaz edo politikaz ere arituko dira. Modu absurdo batean hitz egingo dute gaiez». Are, karmaren gaia ere jorratuko du Carme izen homofonikodun emakume katalan batek.

Aurten euskarazko zazpi proiektu eta gaztelaniazko hamabi aurkeztu dira sarietara. Cafe Bar Bilbao tabernako Mikel Martinezek horien guztien «kalitate ona» nabarmendu du irabazleak iragartzeko prentsaurrekoan.