Ane Zabalari elkarrizketa egin diote Uriola.eus-en, 25 gau eta bat gehiago (EHAZE, 2021) liburuaz.
25 gau eta bat gehiago argitaratu du berriki Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE), Galder Perezek eta Ane Zabalak idatzia, gaur egun haiek biek osatzen duten Gilkitxaro antzerki taldearen mende laurdena ospatzeko asmoz. Hain zuzen, Bilboko Uriolak Ane Zabalarekin hitz egin du argitalpenari dagozkion xehetasunei eta antzerki konpainia bilbotarrak gaur egunera arte izandako ibilbideari buruz.
Zer topatuko du irakurleak 25 gau eta bat gehiago liburuan?
Gilkitxaro antzerki taldearen urteurreneko liburu berezia da. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak jakin zuenean hogeita bost urte betetzen zituela taldeak, proposamena luzatu zigun. Hasiera batean atzera egin genuen, ez genekielako oso ondo zer eta nola egin. Azkenean, Oier Guillanek lagunduta, aurrera egin genuen.
Liburuak bi zati ditu. Lehenengoa kronika bat da, orotara hamabi kapitulu dituena. Horietako bakoitzean gure ibilbidearen aro baten inguruko kontaketa dago, argazki eta guzti. Antzezlan baten edo antzerki taldeari gertatutako zerbaiten inguruan osatu ditugu kapituluak.
Bigarren atalean, berriz, hiru antzezlanen testuak aurkituko ditu irakurleak. Honolulu leku bat (2007) Galderrek eta biok bakarrik taularatu genuen lehen antzezlana izan zen, taldea txikitu izanaren ondorioz. Eta, horrez gain, Zortzi begi antzezlana (2009) eta Adarretatik zintzilik (2015) ere sartu ditugu. Horiek aukeratzeko arrazoia izan da guretzat trilogia antzeko bat betetzen dutela. Hala, irakurleak ikusi ahal izango du urte hauetan nolako umorea jorratu dugun edo nora jo dugun. Uste dugu testu gisa oso interesgarriak direla. Aldez aurretik Galderrek Susa argitaletxearekin beste liburu bat argitaratu zuen Ganbila bilduman, Hiru geltoki lurrun. Hor hiru testu argitaratu ziren, Gilkitxarok antzeztutako bat eta beste talde batzuek antzeztutako beste bi.
Durangoko Azokan aurkeztu zenuten liburua. Zer nolako harrera izaten ari da geroztik?
Liburu bat argitaratzeko lehen esperientzia izan da niretzat, noski. Antzerkiak badu abantaila bat, egin eta jarraian jasotzen duzula erantzuna. Eta liburuarena gauza oso bitxia da. Isiltasun handiagoa dago. Askok irakurri dute argitaratu baino lehen eta ondoren, eta gertuko jendeak zerbait esan digu, baina egia esan oso desberdina da jendearen iritzia jasotzearen kontu hori.
EHAZE badabil azkenaldian antzerki testuen argitalpena bultzatzen, baina orain arte agian ez dugu ezagutu horrenbeste antzerkia literatur genero bezala.
Hala da. Batetik, elkarteak duela bospasei urte erabaki zuen urtean bi liburu argitaratzea. Aurten, liburu hau eta Oier Guilllanen Miss Karaoke argitaratu dira. Horrez gain, elkartearen bultzadarekin eta Susa argitaletxearekin Ganbila sortu da, antzerki lanak publikatzeko bilduma. Egia da urte dezentetan hutsune bat egon dela euskarari dagokionez. Ez dago halakoak irakurtzeko ohiturarik, baina beno, badaude irakurri izan ditugun klasiko zoragarri batzuk; hortaz, zergatik ez dugu ba antzerki garaikidea ere irakurriko? Horrelako proiektuek beren aletxoa jartzen dute, eta beste bide bat zabaltzen ari da euskarazko azken urteetako antzerkia paperera eramateko.
Ohitura hori sortzeko, eskaintza egotea garrantzitsua da, ezta?
Bai. Sasoi batean Artez-ek argitaratzen zuen, baina egia da urte batzuetan hutsunea egon dela. Asko taularatu eta gutxi argitaratu da. Baina beno, horrelako ekimenak tarteko, orain beste aro batean gaude.
Gilkitxaroren ibilbidearen hasiera hura nola gogoratzen duzue?
Nahiko zaharrunoak garela pentsatzen dugu [barrez]. Egia esan, oso prozesu polita izan da. Hogeita bost urteen errepasoa nola egin pentsatzean, kapituluka eta gauka antolatu dugu, horra izenburuaren zergatia.
Lehenengo kronika horretarako antzezlan guztiak zerrendatu eta urteka jarri genituen, lanei kronologia bat emate aldera. Izan ere, urteekin oroitzapenak nahastu egiten dira. Eta horrela joan ginen idazten antzezlan bakoitzari dagokion ipuin antzeko bat. Kapitulu bakoitzaren ostean gonbidatu baten hitzak sartu ditugu. Lagunei eskatu diegu gurekin batera parte hartzeko liburuan. Adibidez, Josu Kamarari, Kukubiltxo antzerki taldeko sortzailea; Goizane Aizpurua, Goaz antzerki taldeko kidea; Fredi Paia bertsolaria; Jon Gerediaga idazlea; Mikel Martinez; Ander Lipus; Edorta Jimenez; Txuma Murugarren; Gaizka Sarasola; Irati Jimenez; Idurre Eskisabel; Lutxo Egia; Jon Basaguren musikaria eta Aitor García de Vicuña Gartxito musikaria.
Lagunei eskatu diegu gurekin batera parte hartzeko liburuan.
Nolako oroitzapenak? Bada, egia esan oso ondo pasatu dugu idazten. Hasieran asko ginen, lagun talde bat, ikastola amaitu eta jarraian erabaki genuenak antzerki kolektiboa sortzea. Eta kolektibo handi hartatik antzerki profesionalerako bidea egiten nola joan den erakusten du liburuak. Eta egiteko modu bat ere bai, hau da, belaunaldi baten argazkia ere izan daiteke.
Libururako lotu dituzuen kolaborazio horiek guztiak zuen ibilbidean elkarlanak duen garrantziaren isla dira?
Zalantza barik. Kapitulu bakoitzean parte hartzen duen pertsona horrek zerikusia izan du gaiarekin; hau da, antzezlan horrekin edo gurekin harremana izan zuen sasoi hartan. Esaterako, Zortzi begi-ren kapituluan Mikel Martinezek parte hartzen du, berak antolatutako jaialdi batean estreinatu baikenuen. Oso eskertuta gaude, gonbitea luzatu diegun guztiek esan baitigute baietz.
25 urteotan gertatutako pasadizo bereziren bat kontatzerik bai?
Hasierakoak nahiko zoroak ziren, baina bat aipatzearren, Aquí no pasa nada egin genuenekoa kontatuko dut. Kale ikuskizun bat izan zen, enkarguzko lan bat, presoen sakabanaketa salatzeko Errekaldeko jaietan. Telebista lehiaketa antzeko bat egin genuen. Gogoan dut, eta liburuan ere kontatu dugu pasarte hau, ikusleen artetik lau lehiakide ateratzen genituela, bikoteka banatuta. Galderak eta jolasak egin eta sariak banatzen genituen; zehazki, espainiar estatuko edo Europako kartzeletara bidaiak: La Santéra, Puerto II-ra, eta abar. Noski, sariok ez genituen benetan ematen; beste barik, umoretik bota nahi izan genuen gai dramatiko hori. Behin Elorrioko jaietan egin genuen, eta bi parte-hartzailek ez ei zuten ondo ulertu. Ondorioz, gure atzetik ibili ziren saria erreklamatzen. Nahiko harrituta geratu ginen.
Liburuan bildu dituzuen antzezlanen gidoiei dagokienez, irakurgaia izateaz gain, badira horiek taularatzeko gonbidapen bat ere?
Zalantza barik. Guk dagoeneko gorpuztu ditugu testu hauek, eta bai, norbait animatuko balitz, horretarako ere badaude antzerki testuak, noski. Guretzako zoragarria litzateke beste aktore batzuek eta beste ikuspegi batetik gorpuztea.
Karmelan egoitza artistikoa daukazue une honetan. Zer egiten duzue bertan?
Aurreko urtean eman ziguten egoitza artistikoa egiteko aukera, eta Karmelan prestatu genuen ETAren agiri bulegoa-ren bertsio luzea. 2019an estreinatu genuen Durangoko Azokaren enkargu gisa, eta pieza laburra izan zen, hogei minutukoa. Pandemia hasi eta denbora batera, luzatzea erabaki genuen, eta Karmelan egin dugu hori. Bi proiektu aurkeztu genituen egoitza artistikorako, eta orain Lutxo Egiak idatzitako Identitarteak testua muntatzen gabiltza Galder, ni neu, eta Aitor García de Vicuña musikaria, berak ere parte hartuko du eta. Espero dugu udaberri aldera estreinatzea, eta oso gogotsu gaude.
Pandemiak nola eragin dizue?
Gu ez gara honetaz bizi gaur egun. Kazetaritza dugu ogibide Galderrek zein neuk. Hortaz, egia esan, pandemiak arrasto handia utzi digu, gogo gutxi utzi baitigu jarraitzeko. Momentu batean, 2020an, dena uzteko zorian egon ginen. Oso gaizki pasatu dugu. Baina gero, liburuaren kontuarekin agian, indarberritu ginen. Konfinamendua hasi zenean ETAren agiri bulegoa-ren emanaldi pilo bat genituen, eta bertan behera gelditu ziren. Ez dugu bat bera ere berreskuratu oraingoz. Hortaz, geldialdi horrek katakrak! egin zigun buruan, baina gero animatu ginen Karmelaren egoitza artistikoan parte hartzera, ETAren agiri bulegoa luzatzera, EHAZEren proposamena etorri zen gero… Eta bagoaz berriro ere pixkanaka martxa hartzen.
Dena den, oso emanaldi gutxi egiten ari gara. ETAren agiri bulegoa ekainean estreinatu genuen bertsio luzean, eta laupabost bider baino ez dugu egin. Otsailaren 13an daukagu beste emanaldi bat Bergarako gaztetxean, eta momentuz besterik ez. Pandemia aurretik asko mugitzen ginen. Agian arrazoia izan daiteke batez ere administrazio publikoko erakundeak izan direla programatzen jarraitu dutenak, eta gu inoiz edo ia inoiz ez gara mugitu zirkuitu horretan. Eta beste zirkuitua ez dakit ez ote dagoen geldiago. Egia da gauzak egiten direla, baina beste erritmo bat dago. Tabernak, esaterako, guretzako oso plaza garrantzitsuak ziren, kultur etxe txikiak ere bai… Eta guztiontzako lekua topatzea zail dago, uste dudanez.
Euskal Herrian eta, zehatzago, Bilbon, zein egoeratan dago antzerkia?
Galdera potoloa da. Begira, Josu Kamarak dioena errepikatuko nuke. 1993an, ezagutu gintuenean, jada esaten zuen antzerkia krisian zegoela. Bada, orain ere bai, beti krisian. Baina horrek esan nahi du sorkuntzarako gogo asko dagoela. Badira ekimen, jaialdi eta proposamen batzuk arrakasta daukatenak ikusle aldetik, baina uste dut orain ikusiko dugula pandemiak zer nolako arrastoa utzi duen. Izan ere, orain arte nolabaiteko goraldi batean egon gara, kultura babestu behar dela defendatuz eta abar. Ikusi ditugu antzokiak eta bestelako plazak beteta, sarrerak agortuta… Eta nik uste dut hori espejismo txiki bat bezala izan dela, orain etorriko dela benetakoa. Euskarazko antzerkiak ez dauka horrenbeste ikusle Bilbon, eta hori errealitate bat da, nahiz eta orain, adibidez, Lautan Hiru jaialdia egiten ari diren Alde Zaharrean, eta ez diot hori ez denik beteko eta kriston giroa egongo ez denik. Baina ostegun batean euskarazko estreinaldi bat dagoenean Arriaga Antzokian, esango didazu zenbat besaulki betetzen diren…
Amaitzeko, 25 gau eta bat gehiago liburua irakurtzeko interesa duenak non eskura dezake?
Antzerkizale elkartearen webgunean [ehaze.eus] eta Louise Michel liburudendan [Elkano kalea, 27]. Bestela, guri idatzi eta zuzeneko tratua egingo dugu eta bidaliko diogu interesa daukan horri. Aurrerago aurkezpenen bat egin nahiko genuke Bilbon ere. 25. urtemuga izanik, gustatuko litzaiguke antzerki taldean ibilitako guztiak elkartu, aurkeztu, eta ospatzea. Etorriko dira halakoak ere, liburuak bizitza luzea izatea espero baitugu.