Ander Lipusen ANTZERKIAREN LABIRINTOAN 1 eta 2 liburuak plazaratu ditugu GANBILA bilduman
EHAZEk Susarekin batera plazaratzen duen Ganbila antzerki bilduman labealdi barria ekarri dugu plazara: Ander Lipusen ANTZERKIAREN LABIRINTOAN 1 eta 2, bere ibilbideari errepaso egitearekin batera teatroari berari buruzko gogoeta mamitsu bat.
Bi liburutan banatuta osatu du Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan obra. Lehenengoan, “Bitakora kaiera”, autobiografia mamitsua, zeinean egileak azken hamarkadetako kulturgintzaren paisaia zabal eskaintzen duen, bere esperientzietatik abiatuta. Bigarrenean, bi atal: batetik “Artedrama, aktorearen mekanika eta poetika” teatroa ulertzeko gida pertsonal bat, eta bestetik “Artikuluak: Minotauroa labirintoan”, ibilbide osoko garai ezberdinetan idatzitako artikulu bilduma.
Jarraian duzue Durangoko Azokako Ahotsenean egidako aurkezpenaren laburpena:
Aurkezpena osorik, berriz, Bilbo Hiria Irratian entzungai.
Berrian liburuaren aurrerapena publikatu zen abenduaren hastapenetan, eta jarraian topatuko dituzue liburuak osorik sarean:
“Sorkuntza kaosa da. Ez dago sorkuntzarik kaosik gabe. Eta anabasaren inguruan eraikitzen da dena. Denak balio du. Baina dena ez da edozer gauza. Ezetzaren printzipioak garamatza aurkitu nahi dugun leku horretara. Argi dagoenean zer ez duzun egin nahi, egin nahi duzun horren bila hasten zara. Emaitzak ez du axola. Bideak du dena egiten. Bidean egiten duzu dena. Erabakiak hartzen dituzu. Beharrezkoa da erabakiak hartzea. Bidearen xerka zabiltza. Ez da ezer ikusten eta argia da bilatzen duzuna. Zarata dago eta isiltasuna da bilatzen duzuna. Edo kontrakoa. Argitik ilunera. Isiltasunetik zaratara. Zer da bilatzen duzuna? Eta dena dira galderak. Erantzunik ez duzu. Eta bat-batean, erantzunak aurkitzen dituzu. Galdera berriak pausatzeko. Eta esentziara zoaz. Mamira. Intimoa den hori bestearekin partekatzera. Zeren eta ni bestea naiz. Eta bestea naizelako egiten dut teatroa.”
“Liburu honetan irakurriko dituzun letrak nire intuiziotik eta esperientziatik ateratako gogoeta xume batzuk dira. Batzuetan Lipus zuzendariak hitz egingo du, beste batzuetan Lipus aktoreak.
Nire senari kasu eginez aukeratu ditut gaiak. Bakoitzaren inguruan luze idatz daiteke. Eta hamaika ñabardura erantsi. Egia da. Hemen ez dago egia biribilik. Beti da etengabeko bilatze bat. Tranpak egiten ditugu, eta gu geu ere tranpan erortzen gara.
Nire ofizioan baliatu izan ditudan lanabesak nahiko nizkioke irakurleari eskaini. Esperantza daukat, honekin batera, euskaraz hain gutxi plazaratu den gure ofizioaren inguruko gogoeta suspertzea. Aktorearentzako, eta oro har antzerkiaren labirintorako euskarazko organon txiki bat da hau. Teloia gora!”