Image default
Kritikak

Zaldi urdina – Agus Perez

ISPILU ARTEAN, ZALDIA

Konpainiak: Artedrama, Axut! eta Dejabu. Testua: Unai Iturriaga, Igor Elortza. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Zuzendari laguntzailea: Ainara Gurrutxaga. Koreografia: Philippe Ducou. Musika: Asier Ituarte. Argiak eta eszenografia: Josep Duhau, Aitz Amilibia. Antzezleak: Miren Alcala, Edurne Azkarate, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Ander Lipus, Urko Redondo, Oier Zuñiga. Lekua: Luhusoko Harri Xuri aretoa. Eguna: Urriak 11.

Luhusoko Harri Xuri aretoa leporaino beteta egon da Zaldi urdina-ren estreinaldirako, eta emanaldia hasi aurretik ikustekoa zen Euskal Herri osoko zenbat lekutatik zetorren jendea. Hasi da euskal teatroaren denboraldia, indartsu hasi ere, euskara hutsez aritzen diren hiru konpainiaren elkarketa emankorraren ondorioz.

Honezkero mitiko bihurtu den Errautsak harekin hasi zenak eta gero Hamlet eta Francoren bilobari gutuna-rekin jarraitu zuenak aurrera egin du hurrengo pauso batekin, Hego Euskal Herrian hain aztarna iluna utzi zuen heroinaren kontua aztertuz eta haren sustrai eta adarretan arakatuz. Orain zaldi urdina deitu diote, harrezkeroztik droga sintetiko asko sortu direlako eta, dirudienez, aspaldiko zaldia berriz ere dabilelako dantzan.

Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren testuan kontu asko azaleratzen dira droga haren harira, eta kontu horiek gizarte-ehunaren hainbat sektore jotzen dituzte, bizitza errealean gertatu bezala: gazteak, haien sendiak, droga-banaketan aritzen zirenak, herri bakoitzeko Polizia, Guardia Zibila… Haien artean, Amets gazte idealista eta bere nebaren lagun drogazalea izango dira lehen lerroko protagonistak. Ispiluen artean ibiliko dira, labirinto batean bezala, beraiek baino handiagoak diren helduen iragana eta boteretsuen interes lohiak saihestu nahian.

Hortaz, ispiluak eta haien deribatu hurbilak —beira hutsak, sare metalikoak, panel argiztatuak…— izan dira nagusi Ximun Fuchsen planteamendu eszenikoan. Elementu soil haiekin eratu dira argumentuak eskatutako giro guztiak —gurasoen etxea, dantzalekua, polizia-etxea, espetxeko ziega…—, eta dinamismo handiz igaro gara egoera batetik bestera. Zazpi antzezleek, berriz, beren rol nagusiei eutsi diete behar izan diren une guztietan, baina bitartean koru moduan funtzionatu dute, dantzalekuko gazteak izan zein herri hartako belaunaldi desagertuaren irudi estatikoak izan. Horrek, jakina, koordinazio itzela eskatu du haien artean, baina aldi berean, nolabaiteko gristasuna edo distira falta ekarri du jantzietan, pertsonaia batetik bestera bat-bateko jauziak egin ahal izateko.

Aurrekoetan bezala, oso foku gutxi erabili dira argien diseinu dramatikoan, eta haiekin batera eredugarria izan da ispilu zatiekin egindako eszena, thriller onenen itxura eman duena. Bestetik, sinbolismo handikoa izan da pertsonaia batzuk txotxongiloak balira bezala maneiatuak izatea, haien atzean beste aktore bat zebilela haien burua eta besoak mugiaraziz. Aurkikuntza eszeniko handia, zinez. Ezin dugu aipatu gabe utzi aguazilaren pertsonaiaren dentsitatea —Ander Lipus—, eta pozteko modukoa da Olatz Beobide bezalako figura eszeniko bat antzeztalde honetan integratu izana. Azkenik, deskubrimendu handi bi egin ditugu estreinaldi honetan: Edurne Azkarate Ametsen rolean eta Oier Zuñiga bere nebaren lagunarenean.

Erlazionatuak

Apirilak 26

Admin

Kaskarot – Agus Perez

Admin

“Aske!” – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin