Image default
Kritikak

Panoli kabareta – Agus Perez

Artikuluaren titulua: “Hegazti galduaren bila”. (Berrian argitaratua, 2020ko irailaren 10ean).

Konpainia: Ganso & Cia. Lekua: Durangoko Kurutziaga ikastolako frontoia. Eguna: Irailak 5 .

Durangoko uda-programazio oparoak bukaera ederra eduki du Ganso & Cia konpainiaren ikuskizunarekin. Hasieran, Durangoko Arte eta Historia museoko parkean egitekoa zen, baina, euria zekarrelakoan, Kurutziaga ikastolako frontoi estalian izan da emanaldia, segurtasun neurriak eta antolatzaileen betiko atsegintasuna bikain uztartuta.

Konpainia bizkaitarra aspaldi hasi zen berbarik gabeko umorea era garaikidean lantzen, bikain landu ere, eta urrian beren hurrengo sorkuntza prestatzen ari diren arren Alpha deituko da eta San Agustin aretoan estreinatuko dute, Panoli kabaret ganorabako eta dibertigarri hau eskaini digute bitartean. Izan ere, oraingo muntaketa honek konpainiaren aspaldiko esketx eta saio asko batu ditu, baina nik behintzat ez dut emanaldiaren erritmoan edo barne koherentzian ezer arrarorik sumatu, dena bikaintasunaren parametroetan egon izanaren seinale.

Zirku-trastez betetako plataforma ez oso handi batean agertu dira artista biak Gorka Ganso eta Cecilia Paganini, eta ikusleak maisutasunez isilarazi ondoren hasi da lehenagotik ere hasia zegoen espektakulua. Zeren eta Gansok eta Paganinik ohituratzat dute emanaldia hasi aurretik taula gainean egotea, prestaketa lanetan baleude bezala eta euren pertsonaiei dagozkien ezaugarri psikologikoetan bilduta. Horrela izanik, antza ezer berezirik ez eginez entretenitzen dituzte garaiz ailegatutako ikusleak, eta azken minutura arte etorri ez direnei keinuzko errieta adeitsua botatzen diete. Izan ere, umorearen gainetik psikologia gizatiarra da konpainiaren ezaugarririk behinena: horrek egiten ditu handi, eta uste dut horregatik naizela euren zaletua.

Ene uste apalean, Panoli kabareta bainoago Panoli zirku-kabareta deitu beharko zen pieza hau, kabaret izaera lausoaz gain ordainezin, benetan, Cecilia Paganiniren kabaretera itxura zirku arloko saio eta teknika batzuekin batera etorri delako emanaldia. Dena nahas-mahasean baina dena ganoraz, dena inprobisazio itxurarekin baina dena milimetrora prestatua, dena galbide eta ezbehar eran baina dena bikaintasunez egina, erritmoari beti eutsita, pertsonaien zozotasunari etekin bikaina aterata eta zirku-tekniken maila ustez apala magia, bizikleta akrobatikoa, uztaia… umoretik ezin hobeto zukutuz.

Oparitu dizkiguten saioetan asko eta asko izan dira gogoangarriak, hala nola atzamarretik desagertu eta beste nonbaiten agertu den eraztunarena, baina lehen uso, gero oilo eta azkenik ez dakit zer bihurtu den hegazti galduaren irudia inoiz baino metaforikoagoa iruditu zait arte eszenikoen oraingo egoera kontuan hartuta. Amaitzeko, Pep Vila clown zuzendari eta maisuaren aipu bat ekarriko dut hona, ezin hobeto laburbiltzen duelako konpainiaren izaera. Horra hor: «Clown-ak ez daki ezer egiten, eta hori arte bihurtzen du».

Erlazionatuak

Hiru geltoki lurrun – Javier Rojo

Admin

“Lautan hiru” festibala – Agus Perez

Admin

Bazterreko ahotsak – Javier Rojo

Admin

Iruzkina egin