Image default
Kritikak

Ortzinautak – Agus Perez

(Berrian argitaratua, 2020ko ekainaren 16an.)

Konpainia: Xentimorik Gabe. Egileak: Egoitz Lasa, Ramon Agirre. Zuzendaritza: Asier Sota. Antzezle eta musikariak: Inazio Tolosa, Ramon Agirre, Nere Gorriti. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Ekainaren 13a.

Xentimorik Gabe konpainiaren lan berri batekin zabaldu da berriro Donostiako Antzoki Zaharra. Hautapen polita, benetan, umorearen bidez hobeto ekingo diogulako aurrean dugun panorama zailari. Antzerkizaleek ere gogoz erantzun diote deialdiari, eta ikusleen artean nabarmena zen elkar berriz ikustearen poza.

Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak aspaldi sortu zuten konpainiak hiru ikuskizun plazaratu ditu orain arte: Añorgako kultur etxean 2011n ikusi genuen emanaldi ahaztezin hura Xentimorik gabe deitu zen, eta handik etorri zen konpainiaren izena. Hurrengo urteetan etorri ziren Kokakola eta barea eta Putinen guardasola, betiere bi musikari bohemio, axolagabe, despistatu, ganberro, inuxente eta beste ezeren gainetik bihotz onekok bizi izandako abentura sinesgaitzetan oinarrituta.

Haietariko batean non eta Albanian galdutako Honorio delako baten bila joan ziren Ray eta Nick, beren musika tresnak eta kanta egokituak lagun. Beste batean, Ez Dok Amairuren parte izan zirela uste guztien kontra frogatu, eta bidegabekeria konpontzeko aldarrikapen-errezitala antolatu zuten. Azkenik, ataka zailean jarri zituen lehendakariak, euskal naziorako ereserkia konposatzea enkargatu zienean. Gure lagun zailduak guztietan agertu dira umoretsu bezain inspiratu, eta honezkero, komiki-abenturetako heroiekin bezalaxe, plazera dut jakitea haien hurrengo episodioa atera berria dela, eta aurrena izan nahi dut hura ikusten eta komiki berriari darion lurrina usaintzen, erritu moduko horretan hartzen dudan plazera irakurleekin konpartitzeko.

Gu primer! izeneko honetan deskubrituko dugu —barkatu spoilerra, badakit hori bekatu mortala dela euskaldunak izan ginela Ilargira heltzen lehenak, zeregin horretarako gure lagun biak agente sekretu bilakatuta. Hortik ortzinauta izendapena, sobietarren kosmonauta-ren eta estatubatuarren astronauta-ren pare. Hain misio sekretua izanik, hirugarren pertsonaia bat sartu dute atal berri honetan Nerea Gorritik antzeztua, baina hura ez da berrikuntza bakarra izan, arlo eszenikoan ere nolabaiteko pisua hartu dutelako bai argiek bai aulki koloredunek. Izan ere, bikotearen lehen hiru antzezlanetan erabatekoa zen soiltasun eszenikoa —haiek biak baino ez zeuden, antzezten, abesten eta haize instrumentuak eta gitarra jotzen, eta oraingo honetan, gainera, teklatuak jo ditu Gorritik.

Hain zuzen, Gorritik eman digu atentzioa gehienbat, haren presentzia eszenikoa, keinu-definizioa eta hainbat rol jokatzeko gaitasuna direla-eta, eta esan beharra dago ederki funtzionatu duela hirukoteak, baina, komikien zaletu zaharren antzera, nire baitan altxor preziatu bezala gordeko ditut bi musikari haien birtuosismoa eta erabateko pobrezian eraikitako arte sublimea.

Erlazionatuak

Francoren bilobari gutuna – Javier Rojo

Admin

Pange lingua, voglio una pizza – Agus Perez

Admin

Simplicissimus – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin