Image default
Kritikak

Ni, munduko txarrena – Agus Perez

Konpainia: Vaiven. Egilea: Antonio Muñoz de Mesa. Zuzendaritza: Olga Margallo. Musika: Iñaki Salvador. Euskarazko testua eta kantuak: Ainara Ortega. Olerkien euskaratzea: Xabier Euzkitze. Koreografiak: Maitane Zalduegi. Antzezleak: Itxaso Quintana, Ugaitz Alegria, Nerea Gorriti, Ainara Ortega, Dorleta Urretabizkaia. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Martxoak 4.

BERRIAn argitaratua 2020ko martxoaren 7an.

Sor Juana Ines de la Cruz Espainia Berrian (oraingo Mexiko) jaio zen 1648an, eta Mexiko hirian hil 1695ean. Espainiar literaturako Urrezko Mendearen ordezkari nabarmena da, eta, askoren aburuz, oraingo feminismoaren aitzindaritzat jo daiteke. Txiki-txikitatik hasi zen irakurtzen, eta gaztetatik ekin zion bere bidea egiteari letren eta pentsamenduaren arloetan. Moja sartu zenean, eskura eduki zuen komentuko liburutegi handia, eta handik sortu zituen bere idazlan gehienak, orduko erregina-ordeen eta intelektualen babes erabatekoarekin.

Haren bizitzaz eta obraz gehiago jakin nahi duenak Interneten ditu eskuragarri orain arte eman ditudan datuak, eta Ni, munduko txarrena antzezlan musikalean baino askoz hobeto jabetuko da emakume haren balioaz eta sustraiez. Zeren eta emanaldian zehar ematen dizkiguten datuen artean nonbait ahaztuta geratzen da De la Cruzen aita gipuzkoarra zelako susmo ez frogatua baina hala ere zabala, eta era berean ahaztuta geratzen da gazte ekintzaile hark bere aitonaren etxaldeko indioen nahuatl hizkuntza ikasi zuela, seguruenik euskaldunoi hizkuntza minorizatuen kontu horiek txokokeria hutsak iruditzen zaizkigulako.

Gauzak horrela, bigarren mailako joko ditugu beste eraldaketa batzuk, baina niri bereziki interesgarria egin zait protagonistaren ama aitarengandik banandu izana eta beste gizon batekin hiru seme-alaba sortu izana, horrek garbi erakusten baitu lurralde urrun hartan beste era batean ikusten zirela gizon eta emakumeen arteko harremanak: matxismoaren menpekoak ziren zer esanik ez, baina Eliza Katolikoaren eta Inkisizioaren mehatxuetatik askoz libreagoak aldi berean.

Kontu horiek guztiak zeharo ezabatuak izan dira Antonio Muñoz de Mesa madrildar antzezle, gidoilari, youtuber, aurkezle, zuzendari eta ez dakit zer gehiagoren testuan, eta bere curriculumak berak ematen digu haren parametro mentalen berri. Bestetik, ikuskizun honen zuzendari Olga Margallo dugu, eta haren izena sarean bilatuz gero, bere senar Muñoz de Mesaren bidez aurkituko dugu lehen sarreran eta beste batzuetan, berak ibilbide propiorik izango ez balu bezala.

Azken finean, nik ez dut ondo ulertzen zertara datorren emakume aitzindari haren dibulgazioa musikal baten bidez aurkeztea. Zer uste dugu, aspertuko garela benetako gertakizunak sakon eta serio tratatzeagatik? Beharbada, gehiago aspertzen gara didaktismo edulkoratuaren bidetik, dena xehetasun osoz azaldua, dena testu bidez eta dramaturgia apalez zerbitzatua, ordu erdi oso bat haren haurtzaroaren kontu zozoei eskainia… Eta hori guztia antzezleak denak emanda ibili arren, euskaratzea oso literarioa izan arren, Euzkitzeren poema itzuliak bikainak izan arren. Azkenik, zergatik amaieran De la Cruz lorez apaindua aurkeztu, haren irudi historiko gehienetan liburu artean, idazmahaiaren aurrean eta pentsalari moduan agertzen bada?

Erlazionatuak

Bazterreko ahotsak – Aiora Sampedro

Admin

Kaskarot – Agus Perez

Admin

Simplicissimus – Aiora Sampedro

Admin

Iruzkina egin