Image default
Kritikak

Moko zorrotza – Agus Perez

HAMABOST URTE GEROAGO

(Berria)

Ekoizleak: Txalo eta Pentacion. Egilea: Carles Alberola. Euskaratzea: Martin Agirre. Zuzendaritza: Mario Hernandez. Eszenografia: Isis de Coura. Antzezleak: Aitziber Garmendia, Jon Plazaola. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Abenduak 28.

Elkar ezagutu eta hamabost urte geroago esango dio Laurak Juani aspalditik maite duela. Eta gauza bera deklaratu dio Juanek Laurari, bien bizitzek buelta asko eman ostean. Hala ere, gauzak ez dira hasiera batean ziruditen bezain errazak izango.

Ikusten denez, komedia erromantiko baten aurrean gaude. Eta horrela izanik, erraz ulertuko dugu leihatilan «sarrerak agortuta» zekarren karteltxoa. Eguberri egunetan gaude, urtea amaitzear dugu eta datorrenak ez digu zorion-promes sinesgarririk ekarri: goza dezagun, beraz, mundua mundu denetik gehien maite dugun gaiarekin. Bizileku itxurako ganbaran bi gazte aurkituko ditugu, edo gazte izandako bi —gurekin konparatuta, seguru—, eta bien arteko amodio-kontu korapilatsuek gure aurrean desfilatuko dute, komedia arinaren parametroetan errotuta, hau da, «ni beste horrekin ezkonduko naiz, baina benetan zu maite zaitut» dioen eskematik irten gabe.

Carles Alberola (Alzira, Herrialde Katalanak, 1964) gidoilari trebea da telebistarako produktuak sortzen, eta orain Moko zorrotza izenarekin datorkiguna Mandíbula afilada deitu zen duela hogei urte sortu zenean. Argumentua ikusita, ordea, oraindik ez dakit zer dela-eta jarri zioten deitura hori, baina tira, beharbada elkarrizketen zorroztasunari egiten dio erreferentzia. Eta bai, oso solasaldi mamitsuak mantentzen dituzte antzezlaneko bi protagonistek, bizi handikoak une oro, gatz eta piperrez beteak beren funtsezko bizi-hutsalkerietan, eta beharbada horrexegatik egiten zaizkigu hain erakargarriak, haiengan ikusten dugulako geure zalantza existentzialak behintzat askoz potoloagoak izaten direla.

Erlaxatu gaitezen, beraz, hain kontu txikiengatik kezkatzen diren bi gazte horien kontura.

Eszenaratzeari begira, albo batera utziko ditugu dekorazioaren diseinu naturalista eta haren akats estrategiko nabarmenak —plastikozko leihoa eta paperezko ortzia, ganbarako atearen erabilera inkoherentea…—, eta gehiago zentratuko gara Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolaren gaitasun eszenikoan, bien artean egundoko bikote eszenikoa osatu dutelako. Bien antzezpenetan argi geratu da sano gozatu dutela esku artean zuten komediaren balioekin; beren gorputz-lengoaiak asko aberastu du komediaren tonua eta hutsik egin gabe eutsi diote antzezlanaren mamiari, amodioaren kontu barregarriei punta ateratzen eta ikusleak beren ohiko kezketatik konplexurik gabe aldentzen.

Erlazionatuak

“Aske!” – Agus Perez

Admin

Simplicissimus – Aiora Sampedro

Admin

Simplicissimus – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin