“Lautan hiru” festibala

2020-02-23 | Agus Perez

ARRAKASTATSUA BENETAN

Antzezlanak: Edipo eta Jokasta, Baubo eta ETAren agiri bulegoa.Lekuak: Euskaltzaindia, 7katu gaztetxea eta Bira kultur gunea. Eguna: Otsailak 24.

BERRIAn argitaratua 2020ko otsailaren 22an.

Bigarren urtea du Lautan Hiru festibalak, eta iazko arrakasta are handiagoa izaten ari da aurten. Euskarazko pieza laburrak Bilboko Alde Zaharreko lau lekutan ematen dira otsailaren lau ostegunetan, baina jardunaldi bakoitzean hiru pieza baino ez dira antzezten. Euskaltzaindiaren egoitza, Cafe Bar Bilbao edaritegi historikoa, 7katu gaztetxea eta Bira kultur gunea antzezleku bihurtzen dira eta sekulakoa da Bilboko euskaldunek ekimenari egin dioten harrera.

Jaialdiaren hirugarren eguna Edipo eta Jokasta emanaldiarekin hasi da, Irati Agirreazkuenaga eta Arantzazu Sanz agertokian zirela. Haga itxurako lanpara horizontal bana eduki dute aurrean, eta beren janzkeraren apaingarri bakarra gorri koloreko bufanda moduko bat izan da. Sanzek fular erara jantzi du Jokasta interpretatzeko eta Agirreazkuenagak gorbata eratu du zapiarekin Ediporen figura irudikatuz, baina hor amaitu dira kanpora begirako itxurak, barne karakterizazio eta irakurketari emandako dentsitatea izan direlako antzezpen hunkigarriaren ezaugarriak. Horretan, dudarik ez, zerikusi handia eduki du Xabier Lopez Askasibarren testuak bere kalitate literarioagatik eta gaurko munduan duen kokapenagatik Cafe Bilbao saria lortu zuen orain urte batzuk Piztu gabeko zigarroak lanarekin. Gainera, esan beharra dago jatorrian bi bakarrizketa zirenak batu egin direla orain eta antzezleek ez dutela ia ezer zuzenean irakurri, testua esku artean eduki duten arren.

Greziar mitologiarekin jarraitu dugu gaueko bigarren emanaldian, baina orain umorearen planoan eta feminismoaren ikuspegitik. Baubo izeneko emanaldiak izen bereko greziar jainkosaren kontakizunarekin hasi da Baubo emakumeen sexualtasunaren jainkosa zen, eta haren ostean beste istorio pare bat oparitu digu Beatriz Egizabal kontu kontalariak marrazkilari trebe baten laguntzarekin. Bigarren zatian amodio erromantikoaren kalteak gore kutsuko istorio batekin plazaratu ditu eta hirugarrenean Kattalin izeneko neskato batek bere gorputzaren plazerez gozatzeko hastapen inozente eta dibertigarriak ezagutu ditugu. Umore buruargian bilduta eta Egizabalen clown dohainetan bermatuta etorri da guztia, eta ikusleok bihotzez eskertu dugu barre algarak neurrigabe botatzeko eman diguten aukera.

Barre algarekin bukatu da gaualdia Galder Perez eta Ane Zabalaren ETAren agiri bulegoaren antzezpenarekin ere. Groteskotik hurbil dabilen estetikan eta jarreretan bilduta, ETA siglek ekarri dizkien gaizki-ulertuen zurrunbiloan murgildu dira protagonista biak, hitz jolas irudimentsuak eta euskal kulturako izenen saltsa-maltsa lagun. Ikusleak joko ero horretan sartu dira atoan eta emanaldian zehar sano gozatu dute antzezle bien burugabekeriez. Festibalaren eta emanaldiaren arrakastaren adibide, bigarren pase bat eta guzti eman behar izan dute, hasieran sartu ezinik geratu den jendearen eskariari erantzun egokia emateko.