Isiltasuna

2020-06-26 | EHAZE

Artikulua: Isiltasuna hautsiz.

Liburua: Isiltasuna.

Egilea: Eneritz Artetxe / Dxusturi teatroa.

Argitaletxea: EHAZE + Susa.

Kritika: Diario Vasco, 2020-06-20.

Eneritz Artetxe Aranazen eta berak sortutako Dxusturi Teatro konpainiaren eskutik heldu da “Isiltasuna”. Liburu honetan bi antzerki lan jasotzen dira. Lehenengoak, liburu osoak bezala, “Isiltasuna” du izenburua. Testuaren ardura Eneritz Artetxek berak du eta idazlanean ematen den informazioaren arabera oraindik ez da publikoaren aurrean antzeztu. Bigarren antzerki lanaren izenburua “Karramarroa” da eta hau bai antzeztu da, Artetxe antzezle bakarra delarik. Bestalde, bigarren lan honen egiletza konplexuagoa da, talde lanaren ondorioa baita, non Anton Lukuren ideia batean oinarrituta, besteak beste, Eider Rodriguezen eta Miren Agur Meaberen testuak erabili diren. Edonola ere, antzerki lan hauek ezin dira ulertu Dxusturi taldearen eta honen sortzailearen presentziarik gabe.

Lan hauek elkarrekin erlazio zuzenik izan gabe (bakoitza bere sorkuntza prozesuaren ondorioa da-eta), biek ala biek estilo marka berberak partekatzen dituzte. Antzezle gutxik hartzen dute parte lanetan eta biak lanaren ardatzaren betekizuna betetzen duen pertsonaiak jaulkitzen dituen hizketaldien inguruan antolatuta daude. Pertsonaiek hitz egiten dute, gai batetik bestera pasatuz, askotan bere inguruan daudela diruditen baina benetako agerpenik ez duten beste pertsonaiei, edota beren buruei eta are balizko ikusleei ere zuzenduta, eta hizketaldi horietan emakumezkoen egoeran bermatuta, gehienetan isilean geratzen den munduaren gaineko ikuspegia eskaintzen da.

Feminismoa, gorputza, kultura, turismoa… aipatzen dira eta bitartean bufoiaren papera nabarmentzen da, besteek entzun nahi ez dituzten egia serioak batzuetan erdi txantxetan esan beharrekoak baitira.