Image default
Kritikak

“Angela, Iparragirreren bertso librea” – Agus Perez

Artikuluaren titulua: “Iparragirreren ifrentzua”. (BERRIAn argitaratua, 2020ko azaroaren 17an).

Ekoizpena: Karabansarai. Egilea: Ozkar Galan. Zuzendaria: Marta Urzelai. Musika: Amorante. Antzezleak: Sol Maguna, Asier Hormaza, Iñigo Gastesi. Lekua: Urretxuko Labeaga aretoa. Eguna: Azaroak 13.

Non eta Iparragirreren jaioterrian izan da haren bizitzari buruzko antzezlan baten aurre-estreinaldia, eta Labeaga aretoa bete egin da, oraingo neurriek besaulki kopurua mugatzen dutela kontuan izanda.

Bertsolari eta musikari geldigaitza jaio zenetik 200 urte betetzen diren honetan perretxikoak bezala sortzen ari dira Urretxuko semearen izena daramaten produktuak, baina honek Angela, Iparragirreren bertso librea du izenburutzat, eta hori egin zait erakargarri. Izan ere, neure burua dokumentatu ostean jakin dut —inor ez da berez jakintsu jaiotzen— Angela delako hark rol garrantzitsua jokatu zuela Iparragirreren bizitzan, eta interesgarria iruditu zait agian mitifikatuta dugun figura maskulino hura haren hurbileko emakume baten begietatik ikustearen posibilitatea.

Hona hemen datua: Angela Kerejeta Ameriketara ezkondu zen hamazazpi urterekin, bera baino bi aldiz zaharragoa zen Jose Maria harekin. Zortzi seme-alaba sortu eta gero han geratu zen haiekin, bardoa Euskal Herrira itzuli zenean hemengo lagun ospetsu batzuek gonbidatuta. Noski, horrek guztiak asko esaten du garai hartako pentsamoldeaz eta plazagizon haren izaeraz, eta nik uste dut bai genero rolen ikerlariek bai Iparragirreren arte-hagiografoek ikergai polita daukatela bien arteko harremanen eremuan.

Ozkar Galan oraingo testuaren egilea horren inguruko fikzio dramatikoaren bideetatik ibili da gehienbat, balizko gai interesgarri batzuk alboratuz —ozpintzen joan zen hango lurjabe handiekin zeukan harremana, hona bueltatzean lan finkoetan zein negozioetan porrot etengabeetan ibili izana…— eta emakumearen gogorapenetan zentratuta. Xede horri begira, bi pertsonaia paralelo sortu ditu Iparragirrerentzat —gaztea eta zaharra— eta denboraren iragatean aurrera eta atzera egin du hainbatetan, bati edo besteari ahotsa emanez eta Angelaren pertsonaia erdigunean jarrita.

Hiruren arteko solasaldietan presentzia murriztua eduki du euskarak, egilearen diseinuan Kerejetak gaztelania nahiago zuelako, batez ere Argentina eta Uruguaira joan zirenetik. Dena den, ez dugu ondo ulertu zer dela-eta ez duen Iparragirre zaharrak euskaraz hitz egin, bere jatorrizko hizkuntza zahartzaroan ahaztua balu bezala.

Beste kontu batera joanda, Iparragirreren abesti ezagunak Amoranteren bariazio ia subliminaletan etorri zaizkigu noizean behin, eta oihal erdi-gardenak erabili dituzte Angelaren gona luzean eta bardo gaztearen arropetan, horrela adieraziz-edo pertsonaiak errealitatearen plano diferenteetan zeudela. Eszenografiaren izaera apalak, aldiz, ez dio dramaturgiari dinamismorik eman, eta joko eremu horretan hiru antzezleen esku geratu da proposamena portu onera eramateko ardura. Alde horretatik, presentzia eszeniko onarekin jokatu dute hirurek, testua sendotasun osoz defendatuz, eta haien lanari esker erdietsi du obra honek bere benetako interesa.

Erlazionatuak

“Fadoak entzuten zituen gizona” – Arantzazu Fernandez

Admin

Birritan bortxatua – Agus Perez

Admin

Jaime Valverde: “Esperimentu gogoangarriak”

Admin

Iruzkina egin