Image default
Kritikak

Hiru geltoki lurrun – Javier Rojo

Artikulua: Hausnarketa bultzatuz.

Liburua: Hiru geltoki lurrun.

Egilea: Galder Perez.

Argitaletxea: EHAZE + Susa.

Kritika: Diario Vasco, 2020-08-15.

Galder Perez antzerkiaren alderdi desberdinetan eroso mugitzen da: zuzendaria, aktorea, konpainia baten eragilea… Eta antzerki lanen idazketan ere aritzen da, liburu honetan ikusi daitekeen bezala. Orrialde hauetan hiru lan jasotzen dira. Lan hauen gaiak testuinguruari oso lotuta daudela ematen du, bai gaia bera gaurkotasunekoa delako, bai zuzen edo zeharka aipatzen diren erreferentzia eta euskarriak oso zehatzak direlako. “Lurrun minez” izena duen obran hiru gizonezko topatzen dira homosexualentzako sauna batean, sedukzioa, desioa eta honelako gaiak agertzen direlarik. Kontua da obra laburra denez ia ez dagoela tarterik egoera garatzeko eta azken finean, pertsonaiak nahiko lauak izanik, desio triangeluarreko zirriborro baten aurkezpena besterik ez da egiten. Bigarren lanean, “Lau metrora”-n, antzezten diren gertakariek oso erreferentzia zuzena dute (Usurbilen trenak protestan ari zen gazte bat harrapatuta larriki zauritu zuen) eta erreferentzia zuzen hori ezagutu ezean ia ezinezkoa da bertan planteatzen dena ulertzea. Testuinguru hori ezagututa, besteak beste, erantzukizun pertsonala bezalako gaiekin topatuko gara. Hirugarrena, “Off the record”, ustelkeria politikoaren inguruan aritzen da, eta besteekin konparatuta umore punttu bat du. Hemen ere zeharka aipatzen diren pertsonaiak nortzuk diren jakin gabe galdu daiteke obrari isurtzen zaion ironia mingotsa. Lan hauetan egoerak aurkezten dira, baina ez dira garatzen, ikusleek egin beharko luketen hausnarketaren abiapuntuak baitira. Eta hemen aurkitzen dugu era honetako antzerkiak duen beste ezaugarri bat: antzerkia nolabaiteko erantzuna eskatzen duen pizgailua izanik, ikuslegoaren presentzia ezinbestekoa du. Izan ere, antzerkia ez da produktu osatua, etengabe ari den jarduera baizik, eta jarduera honetan testua osagai bat baino da. Jarduerak zentzua izan dezan ikusleek itxi behar dute borobila.

Erlazionatuak

Panoli kabareta – Agus Perez

Admin

Simplicissimus – Javier Rojo

Admin

Panpina – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin