“Zaldi urdina” antzezlana osorik sarean

2021-01-20 | EHAZE

Abenduaren 29an Igorren amaitu zen Zaldi urdina antzezlanaren bira. Emanaldi eta ikusle ugari ezagutu ditu Artedramak, Axutek eta Dejabuk elkarrekin sortutako laugarren lanak, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin idatzitako hirugarrena. Antzezlana ikusi ez duenarentzat, edo berriro ikusi nahi duenarentzat, osorik jarri berri dute sarean.

Artedramako iturriek diotenez, 82 emanaldi eta 16.000 ikusle izan dira. Marka guztiak hautsi dituzte, numeroei dagokionez, hiru konpainia hauek elkarrekin sortu dituzten lanek. Datu ikusgarriak dira, besteak beste, euskara hutsez sortua den lana izanik, gaztelerazko bertsioaren makulurik gabe. Ximun Fuschek eta Ainara Gurrutxagak zuzendu zuten obra; oholtza gainean aktore, Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide izan dira.

Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin idatzia izan da obra; aurretik elkarrekin egindako biak, paperean topatu daitezke: Errautsak (Artezblai, 2011) eta Francoren bilobari gutuna (Susa-EHAZE, 2019).

Zaldi urdina, sinopsia:

Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan.

Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.

Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.

Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.