Image default
Albisteak

Eneritz Artetxe: “Eszena gainean ikusten ditugun emakume gorputzak oso estereotipatuak dira”

Hitzen Uberan literatur aldizkari digitalak elkarrizketa egin dio Eneritz Artetxe Aranazi, EHAZEk argitaratutako Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan liburuaren harira. Jarraian irakurri dezakezue osorik (hemen jatorrizkoa).

Eneritz Artetxe Aranazek Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan (EHAZE) plazaratu berri du. Elkarrizketa honetan liburuko edukietan murgildu gara sakon.

Karanbola hirukoitza, emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan liburua plazaratu duzu EHAZE-Antzerkizale elkartearen eskutik. Gogoeta edo artikulu luze bat da honakoa, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako ikerketa baten zatia ere badena, libururako egokitua. Nolakoa izan zen ikerketa hura, eta zergatik iritsi da zati hau liburu formatura?

Duela urte bete Eusko Jaurlaritzak ikerketa ezberdinak aurrera eramatea proposatu zigun kulturako hainbat alorretan mugitzen ginen pertsonei, ikerketa hauen helburua kulturaren esparru ezberdinetan emakume zein gizonek duten presentzia aztertzea zelarik. Niri antzerki sorkuntzaren arloa egokitu zitzaidan eta hori aztertzeari ekin nion, Maria Goirizelaiak, aldiz, antzerkiaren industriaren ikuspuntutik egin zuen ikerketa. Bion artean osatu dugu antzerkiaren atala.

Nire lan eremua euskarazko antzerkia izan da, horixe delako sakonen ezagutzen dudana eta gehien interesatzen zaidana. Horrez gain, uste nuen ikuspuntu horretatik egin nezakeela ekarpenik interesgarriena. Eusko Jaurlaritzako lantaldea ados izan zen proposamenarekin eta aurrera egin genuen.

Bestalde, Jaurlaritzatik hasieratik eskatu ziguten lanari bukaera emateko iritzi artikulu bat idazteko. Artikulu honek ikerketan ateratako ondorio nagusiak laburbildu behar zituen eta hauen gaineko begirada pertsonal bat islatu. Ondorio orokorrak biltzen dituen artikulu hori da Karanbola hirukoitza osatzeko oinarri bezala hartu den testua. Izan ere, EHAZEko kideek nire ikerlanaren berri izan zutenean interes handia erakutsi zuten lanarekiko eta testua irakurtzeko eman nien. Behin irakurrita iruditu zitzaien testuaren edukia beste antzerkilari batzuentzako ere interesekoa izan zitekeela, eta merezi zuela beste formatu batean argitaratzea. Iritzi artikulu hori moldatuta errazago egingo zitzaigun ikerketatik iradokitzen den informazioa jendearengana iristea, testu luzeagoetan sartu gabe ere.

Ikerketa hura egiteko orduan hainbat emakumezko sortzaile elkarrizketatu zenuen, eta haien gogoetetatik tiraka osatu zenuen lana. Elkarrizketa horien arrastoak azaltzen dira liburu honetan aipu modura, baina izenik eman gabe. Zergatik ez dira haien izenak azaltzen?

Ikerketak hala eskatzen zuelako. Nik emakume horiek ikerketa baterako elkarrizketatu nituen eta esan nien beraien izenak ez zirela agertuko, hitza mantendu dut noski. Bestalde, ziur nago elkarrizketetarako abiapuntua liburu bat argitaratzea izan balitz dena oso ezberdina litzatekeela, elkarrizketen planteamendua bera, galdera motak, aukeratutako pertsonak… Bestalde, ikerketa tarteko izan ez balitz, ez dut uste 22 pertsona sakontasunean elkarrizketatzeko aukera izango nuenik. Liburu bat argitaratzea helburu izan banu uste dut beraien izena agertzea axola ez dien emakumeak aukeratuko nituela, elkarrizketetarako baina askoz kopuru mugatuago batean. Beste emaitza bat litzateke, ziur, beste ezaugarri batzuekin. Izenak agertuko lirateke baina ez nituzkeen denen hitzak jasoko. Hain zuzen ere izena agertzerik nahi ez dutenak direlako normalean egoera gogorrenak bizi dituztenak. Eta horien hitzak funtsezkoak izan dira lan hau osatzeko.

Nola egin zenuen elkarrizketatuen zerrenda aukeratzeko? Zeren arabera?

Adin aniztasuna eta lurraldetasuna izan nituen kontutan, batez ere antzerkiaren barruan lanbide ezberdinak aurrera eramaten dituzten emakumeak elkarrizketatu nahi nituen. Bestalde, beraien egoeraz jabetzen diren emakumeekin hitz egin nahi nuen baita ere. Generoak gure lanean duen eraginaz ohartzen diren emakumeekin, horrekiko sentsibilitatea dutenekin.

Espero zenuena topatu zenuen haien erantzunetan, harritu zintuen zerbaitek?

Espero nuena baino askoz gehiago aurkitu dut. Hainbat gauzek harritu naute. Banekien genero batean edo bestean sailkatua izateak eragina zuela gure ibilbide profesionalean, baina benetan harritu nau eragin horren sakontasunak eta neurriak. Entzundakoak entzun ondoren argi ikusi dut eginahalak eginda ere beti bigarren maila batera kondenatuak garela emakume sortzaileak, batez ere gure rolari ez dagokigun lekuetan ari bagara: zuzendaritza eta gidoilaritza, adibidez. Hori oraindik ere horrela dela konprobatzeak harritu egin nau. Harritu nau ikusteak nola horrek horrela izaten jarraitzen duen antzerki egiturak eta egitura sozialak hori hala izatea ahalbidetzen dutelako. Egitura bi horiek aldatu ezean horrela izaten jarraituko du.

Harritu nau konprobatzeak izan direla iraganean emakume antzerkilari garrantzitsuak baina historiak iruntzi egin dituela. Beraz, beti zerotik hasten garela uste dugun arren izan dira gu baino lehenago emakume sortzaileak, arazoa da historiak amnesia handia erakusten duela beti emakumeon lanekiko. Eta horren jakitun izateak asko desmotibatzen du. Zergatik ote? Historia gizonezkoek idatzi dutelako nagusiki.

Harritu nau emakumeek oraindik bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko ditugun gehiegizko zailtasunak zenbaterainokoak diren ikustea.

Harritu nau konprobatzeak ze gutxitan ematen zaigun edo hartzen dugun emakumeok gizartean ekitea eta eragitea ahalbidetuko digun boterea, benetako botere potoloa. Eta horrela zerbait mugitzen ari dela ematen duen arren normalean apurrak baino ez dizkigute ematen. Ez dago munduaren gainean nork erabakitzen duen konprobatzea baino. Utziko digute hau edo bestea esaten, edo emango zaigu leku bat edo beste, baina erabaki potoloak gizonezkoenak dira.

Harritu ninduen kristoren curriculuma duten emakume eta profesional puskak bazter batean lanean daudela konprobatzeak, nire iritziz beraien mailara iristen ez diren gizonezko askok etengabe fokuaren pean dauden bitartean.

Harritu ninduen emakume teknikariek bizi dituzten egoera latzak entzuteak. Oso mundu maskulinizatuan bizi dira eta hori gutxi balitz, elkarbizitza eskatzen duen lan bat denez, hor ematen diren egoerak oso gogorrak, matxistak eta patriarkalak izaten dira sarritan.

Harritzen nau antzerkilariak ez konturatzea jendarte zein antzerki egitura osoa gizonen irudira antolatuta dagoela eta horrek eragozten duela emakumeak horra egokitzea. Hasteko ez dugu zertan egokitu. Hasteko dena errotik aldatu behar da.

durango11

Arantzazu Fernandez eta Eneritz Artetxe liburua aurkezten Ahotsenean.

Edonola ere, emakume-gizon sailkapen binarioa erabili baduzu ere hura gainditzeko beharraz gogoeta egiten duzu liburuaren hasieran…

Emakume gizon sailkapena erabiltzen dut, hain zuzen ere, sailkapena desmontatzeko. Izan ere, genero batean edo bestean sailkatua izateak eragin espezifikoak ditu gure ibilbide profesionaletan. Banaketa horrek eragin ditu desabantaila eta hauskortasun egoerak, ez baditugu horren iturburuak aipatzen ez ditugu desabantaila eta injustiziak ikusten eta ezin dugu haien kontra borrokatu. Sailkapen bitar horrek eragindako injustizietatik salto egin eta genero aniztasunaren gaira pasatzen bagara genero binarismoak (emakumeak/gizonak) eragin duena ikusezin bihurtzen da. Lehenik binarismo horrek eragindakoa konpondu behar da, eta horretarako gizon/emakume terminoak erabiltzen ditut, horiek sortu dutelako desabantaila egoera bera.

-Liburuko aipu bat:

“Pentsatzen dut badela garaia antzerki sorkuntzan ere euskal kulturako beste arlo batzuetan aspalditik lantzen ari den gai honi heltzeko.

Ikerketa garatzen nengoela bertsolariek eta idazleek egindako bideei jarraitu izan diet komunikabideen bidez. Arlo hauetan generoaren gaineko hausnarketa, arloaren beraren kontzeptuaren gainean eragiten ari da, aurretik egindako modu, harreman eta gaiak zalantzan jarriz.

Gauza bera nahi nuke antzerkirako.”

Liburuan aipatu egiten dituzu Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen artikuluak, Lisipe bildumaren barruan Eider Rodriguezek eta Uxue Alberdik publikatutako liburuak… Ildo bereko gogoeta duzu hauxe, identifikatzen zara haiekin?

Identifikatzen naiz beraiekin, hurbil sentitzen ditut haien hitzak eta asko edan dut haiengandik. Elkar elikatu beharra daukagu, Uxue Alberdiri eskertu behar dizkiot eman dizkidan aholku eta irakurgaiak.

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen hitzaldi eta artikuluak oso argigarriak izan zaizkit eta beraiek aipatzen dituzten hainbat kontzeptu erabili izan ditut nire lanerako, euskal kulturako emakumearen egoerari buruz egiten duten hausnarketa edo ez-gizon kontzeptuaren gainean egiten dutena bezalakoak. Lisipe bildumaren fan bat naiz eta liburu biak irakurri nituen di-da batean. Asko gustatu zitzaizkidan baina uste dut nire lanetik ezberdinak direla. Nire lanaren helburua ikerketa bati ondorio orokor batzuk ematea izan zen eta uste dut horrek eman diola forma konkretu hau testuari. Eider Rodriguez eta Uxue Alberdiren testuek pentsatzen dut hasieratik izango zutela liburu hori osatzearen helburua. Beste alde batetik, gutariko bakoitzak bere arloa generoaren begiradatik irakurri nahi izan du eta horretan badute konexioa lanek. Dena den, beraien planteamendua libreagoa dela esango nuke eta nirea itxiagoa, bere jatorriagatik.

Akaso zeozer ari da mugitzen kulturgintzan, maila horretan? Luzaroan itzalean egon diren sentipenak, gogoetak eta aitortzak bere lekua hartzen ari dira? Zer suposatu dezake horrek kulturgintzan, eta oro har jendartean?

Nik uste dut zeozer ari dela mugitzen eta gure ahotsak entzuten hasi direla. Baina iruditzen zait emakumeon ahotsa geroz eta gehiago entzuten delako pentsa dezakegula asko aurreratu dugula, eta hori ez dela horrela. Izan ere, entzuna izatetik boterea hartzera badagoelako pauso garrantzitsu bat, eta hortxe dago arazoa. Arazoa botere potoloa hartzea da. Eta ez hori bakarrik, egiturazko aldaketa sakonak eman behar dira hemen gauzak aldatzeko. Hori ez dut batere erraz ikusten eta hor ez dira hain mugimendu handiak egon nire ustez. Hori bai, gure ahotsak gehiago entzuten direnez eta zarata gehiago ateratzen dugunez, gutaz gehiago berba egiten denez, eman lezake gauzak aldatzen ari direla. Baina nire ustez gure begiradak sakonago joan behar du eta gauzak aldatzen ari diren ala ez konprobatzeko ze botere maila ematen zaigun eta egiturak eta gizarteak noren irudira antolatuta dauden begiratu behar da. Eta hor familiatik hasi eta jendarte zabalera gizonezkoen pentsamenduak eraiki du guk bizi dugun gizartea osotasunean. Hori horrela den bitartean aldaketak oso azalekoak izango dira oraindik. Nik esango nuke orain bizi duguna hasiera baino ez dela.

Antza denez, gogoeta ez ezik, kontrako erreakzioak ere sortu izan dituzte horrelako lanek: mesfidantzak, aurreiritziak, defentsiban suma daitezkeen erantzunak… Ezadostasuna zilegi izanik ere, erreakzio asko sarri gutxien espero daitezkeen lekuetatik etortzen dira, alegia, beren burua eraldatzailetzat (eta feministatzat) jotzen duten kideengatik… Gogoeta hauek, lan hauek, kokatzen den sektorearen “barrura” edo “gertura” begira ere ezerosoak suertatzea aurretik aurreikus daitekeen zerbait da?

Nik banekien hori horrela izango zela. Azken finean banbalina artean eta entseguen ondotik aho txikiz aipatzen diren kontu hauek ez badute lehenago argia ikusi zerbaitengatik da. Hor badagoelako honen gaineko erresistentzia bat. Dena dela, hain da sakona generoaren gaiak gure bizitzetan duen eragina ezen eskema asko bertan behera uzten dituen. Inork ez ditu hain erraz bere eskemak hankaz gora jarri nahi. Sistema honen bidez irabazle ateratzen denak noski ez du sistema zalantzan jarri nahi mesede egiten diolako. Sistema horrek kaltetzen duenak ere ez daki sarritan zerk eragiten duen bere aurrera egin ezina, eta pentsatzen du akatsa berea dela, ez duela enkajatzen, ez dela behar bezala egokitzen… Horregatik da garrantzitsua patriarkatuaren mekanismoak identifikatzea eta desnaturalizatzea, tranpa horretatik atera ahal izateko. Baina noski, horrek hausnarketa eta deseraikitze prozesu bat eskatzen du eta mundu guztia ez dago horretarako prest. Horren ordez, askoz erosoagoa da kopuruetan pentsatzea.

“Zenbat gizonezko zuzendari daude eta zenbat emakumezko? Berdindu ditzagun kopuruak…”, sarritan horretara mugatzen da gure berdintasunaren gaineko ideia. Baina kopuruez gain, lanpostu horietara iristeko bideak eta hauek bizitzeko moduak oso ezberdinak dira gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Horretan eragin handia dute patraiarkaturen bidez banandutako genero rolek, estereotipoek eta aurreiritziek. Jendarteak berak ere modu ezberdinean irakurtzen ditu emakume zein gizon gorputzak lanpostu batzuetan ala besteetan. Bestalde kopuruek ez dute sistema zalantzan jartzen, naturaltzat hartzen dituzte betiko egitura eta baloreak, hots, patriarkatuaren irudira antolatutakoak. Baina aldaketa eragiteko antzerki egitura klasikoa eta honen baloreak jarri beharko lirateke zalantzan, jendarte zabalagoan patriarkatutik sortutako egitura eta baloreak zalantzan jarri beharko liratekeen bezala.

Gatozen edukietara. Karanbola hirukoitzak, funtsean adierazten duena honako pasartean laburtuta dator:

“Emakumeek antzerki sorkuntzan duten egoeraren azterketa egiterakoan, erabateko eragina duten hiru baldintza hartu beharko genituzke kontuan:

1- Emakumeek gizonekin alderatuta, jendarte honetan jasaten duten hauskortasun eta desabantaila egoera.

2- Kultur eragileek orokorrean espainiar estatuan bizi duten egoera prekarioa (Ipar Euskal Herriko egoera ezberdina da, legeak kultur lanaren intermitentzia jasotzen duelako).

3- Sortzaile euskaldunen kasuan, sormeneko jarduera hizkuntza gutxitu batean eramaten da aurrera, eta modu horretan ahuldade egoera hirukoiztu egiten da.

Karanbola hirukoitz hori beste kultur arloetan ere ematen da, edo antzerkiak baditu bere berezitasunak?

Karanbola hirukoitz horren ideia Idurre Eskisabel eta Lorea Agirreren artikulutik hartu nuen. Beraiek aipatzen zuten hiru aldiz zapaldua izatearen ideia hori euskal kulturan ari garen emakumeoi dagokigunez. Aldi berean, beraien inspirazioa Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea liburutik dator. Pentsatzen dut euskal kulturaren beste arloetan gauza bera gertatzen dela baina egia da antzerkiak badituela berezitasun batzuk. Nire ustez berezitasun argiena arloaren eklektikotasuna da. Izan ere, antzerkia sortzeko lantalde bat da beharrezko eta talde hori oso ofizio ezberdinetako jendeak osatzen du. Ofizio horietako bakoitzak bere berezitasunak ditu eta generoaren ikuspuntutik ere bere gatazka zehatz eta ezberdinduak. Zuzendari, jantzigile, eszenografo, aktore, autore, produktore zein teknikariek dituzten gatazka batzuk berdinak dira baina beste batzuk aldiz ez. Zuzendariek aitortzarekin, aurreiritziekin, autoritatearekin dituzte arazoak, autoreek gai, estilo eta hauen gaineko aurreiritziekin, aktoreek gorputz eta rol estereotipoekin zein bizimodu itinerantearekin, teknikariek aurreiritziekin, aitortzarekin, giro maskulinizatuarekin…

Liburuak dakarren beste gogoeta garrantzitsu bat, agian irakurle asko sorpresaz har dezakeena, honakoa da: emakumeen presentziaren ideia euskarazko eszenan antzerkia ulertzeko, kudeatzeko, eta sormena bera bideratzeko moduetara ere iristen dela. Honatx pasarte bat:

“Emakumeen presentziak edo presentzia ezkutuak ez die bakarrik estatistiketako kopuruei eragiten. Antzerkia bera pentsatzeko moduari, hura antolatzeko egiturei, sortzaileen arteko harremanei, jorratu beharreko gaiei zein estiloei, oholtza gainetan agertu beharreko gorputzei eta beste hainbat kontzepturi ere eragiten die. Azken finean, emakumezkoen ideia eraikiari lotuta dagoen kontzeptu oro izan delako bigarren mailan mantendu dena orain arte.”

Zeintzuk dira zuk emakumeekin lotzen dituzun antzerkia ulertzeko modu horiek?

Nire ustez emakume bakoitzak antzerkia ulertzeko bere modu propioa dauka. Baina kontua da une honetan patriarkatuak hobesten dituen baloreetan oinarrituta dagoela antzerki sorkuntza eta produkzioa ere. Patriarkatua zalantzan jarri nahi baldin badugu lehenik eta behin balore hobetsi horiek jarri behar ditugu zalantzan eta bigarren mailan mantendu diren beste balore eta modu horiek argitara ekarri. Modu eta balore horiek sistemak berak egotzi dizkio emakumeari, berak emakumearen gainean eraikitako ideiari. Eta horregatik utzi ditu orain arte itzalean. Nik ez ditut antzerkia ulertzeko modu horiek emakumeekin lotzen, sistemak lotu ditu balore eta modu jakin batzuk emakumeekin. Baina bigarren maila batean egon direnez nik argitara ekarri nahi ditut eta iruditzen zait aldaketarako klabe bat izan daitezkeela:

Lan egiteko modu horizontalagoak, harremanei, bizitza pertsonalari eta prozesuei garrantzia ematekoak.

Antzerki geruza anitzak; clowna, ipuin kontalaritza, antzerki hezkuntza, gorputzetik datorren antzerkia…

Formatu txikiko antzerkia, ez dakit zergatik formatu handia kalitatearekin lotzen den…

Gai eta estilo aniztasuna: harreman pertsonalak, intimitatea, zaintza…

Liburuan hainbat azpi-gai jorratzen dira, amatasuna, ingurune pertsonal sostengatzaileak, emakume gorputzen zahartzaroa eszenan… horietatik zein nabarmendu nahi zenuke elkarrizketa honetan, non jarri nahi zenuke egun arreta?

Ni gehien hunkitzen nauena antzerkian gorputzaren presentziak duen indarra da. Hori da bere aberastasun handietako bat nire iritziz, horrek egiten du antzerkia hain gizatasunez betea. Baina gorputzaren presentzia horrek berak egiten du oso konplexua generoaren ikuspuntutik. Eszena gainean ikusten ditugun emakume gorputzak oso estereotipatuak dira normalean; gazteak, momentuko kanonarekin bat egiten dutenak, subjektibitaterik gabeak…

Izan ere, taula gainean beste gorputz mota batzuk proposatzen direnean ikuslegoak sarritan irakurketa bitxi edo barregarria egiten du horren inguruan. Emakumeoi askoz ere gorputz proposamen murritzagoak baimentzen zaizkigu. Gure gorputzen gaineko kontrola, aurreiritziak eta zentsura izugarriak dira. Gorputz aniztasunak oholtza gainak hartzen dituenean pentsatzen hasiko gara zerbait aldatzen ari dela.

Zertarako nahi zenuke balio izatea liburu honek?

Liburu honek hausnarketarako eta eztabaidarako balio izatea nahiko nuke.

Zein litzateke, zure ustez, karanbola hirukoitzaren izaera desegituratzen hasteko, jendartean eman beharreko pausu garrantzitsu bat?

Patriarkatuaren irudira sortutako egiturek, baloreek eta estereotipoek gure lanetan duten eraginaren gaineko kontzientzia hartzea. Eragin hori zenbaterainokoa den jabetzea eta orain arte naturaltzat geneuzkan hainbat egitate zalantzan jarri ahal izatea. Hasteko, kontzientzia hartu.

Erlazionatuak

EHAZE Zurrunbilo Jaialdian

Admin

Dokumentua: Koronabirusaren egoeraz EHAZEren ekarpena. martxoak 24

Admin

Eusko Jaurlaritzako diru laguntzen epeak atzeratu dituzte

Admin

Iruzkina egin