Image default
Albisteak

Dokumentua: Koronabirusaren egoeraz EHAZEren gogoeta irekia, apirilak 8

Koronabirusarekin egoera larria sortu da munduan, eta noski, euskal jendartean. Arloz arlo begiratzen hasi ezkero, kultur arloak oro har bizi duen babesgabetasun eta prekarietate egoera modu larian areagotuko den kezka nagusitu da. Hori dela eta, hainbat eragile hasiak dira han eta hemen erakundeei neurriak hartzeko eskatzen, jendartean kulturaren beharraz, balioaz eta egoeraz kontzientzia zabaltzen, eta hari horretatik, eragile ezberdinen iritziak eskatzen.

EHAZEk ere jaso ditu iritzi eskeak handik eta hemendik. Zentzu horretan, ahalik eta jende gehienaren kezkak jasoko dituen diskurtsoa saiatzen gara egituratzen eta transmititzen. EKARPEN BERRIETARA ZABALIK GAUDE. Horretarako, jarri gurekin harremanetan: info@ehaze.eus

Orain arte esandakoen laburpena:

EHAZEk, apirilaren 8an

Gaztelaniazko arte eszenikoen larritasunari garrantzia kendu gabe, bai, esan beharko genuke euskarazko arte eszenikoen egoera are larriagoa dela. Koronabirusak sortutako egoerak gogoetarako bi bide eman ditu orain arte, bat etorkizun gertuari begira hartu beharreko neurrien ingurukoa, eta bi, ispilu efektua, sektorearen babesgabetasunak orain arteko politiken eta kultur ereduen gabeziak eta hutsuneak agerian utzi dituelako bere gordinean. Euskarazko arte eszenikoen kasuan, babesgabetasuna erakunde publikoen aldetik ia erabatekoa da, laguntza anekdotikoetara mugatua gehienetan, eta zentzu horretan, egoera honetatik ez gara indarberrituak aterako ispilu efektu horrek agerian utzi dituen gabeziak sakonean afrontatu gabe. Guk, euskararen ikuspegitik, puntu hauetan laburbilduko genituzke:

Akats larria iruditzen zaigu arte eszenikoen sektorearen beharrak soilik industriaren ikuspegi batetik lantzea. Industria sektore baten izebergaren punta da, eta zentzu horretan, ezin dira bazter utzi kultur elkarte gisa lan egiten duten konpainia profesionalak, formatu txiki eta ertainak, hezkuntzari loturiko proiektuak, sormen espazioak eta laborategiak, hezkuntza sare publiko eta pribatuak, ikerketa guneak, euskarazko antzerki programazioak eta jaialdiak, eta abar.

-Euskarazko arte eszenikoek bere errealitatera egokitutako laguntza sistemak behar dituzte: antzoki, jaialdi eta programatzaileekin saretzeko euskarazko topagune eta azokak, herri bakoitzaren errealitatearen araberako programazio kuota sistemak, euskarazko produkzioen urteroko katalogoa, eta abar. Egoera honetan euskara herri askotako programazioetatik desagertzeko arriskua dago, edo haur antzerkira mugatzekoa. Kuotak ezarri behar dira.

-Soilik euskarazko bertsioak sortuz lan egiten duten konpainia profesionalak laguntzea.

-Konpainia berriek euskara hutsez lan egiteko aukera bermatzea.

-Ezinbestekoa da eragile mota ezberdinak saretzeko kultur mahaiak osatzea (eragile industrialez gain, sortzaileak, publikoa, herrietako kultur mahai autonomoak, kultur eragileak, eta abar).

-Euskararen errealitateari erantzun, hiru administrazioetako banaketari erantzunez (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria): euskarazko arte eszenikoetako langileak hiru administrazioetan banatuta egiten dugu lan, eta hori krisialdi honetan agerian geratu da, ez dagoela administrazio ezberdinen arteko zubi nahikorik eraikirik (muga ixtea euskal konpainientzat lanari ateak ixtea suposatu du, eta halaber, abian zeuden kontratazioak ixteko zailtasunak).

Laburbilduz, horiek dira aurretik arrastaka daramatzagun arazo fokuetako batzuk, horiek berauek dira, hain zuzen ere, krisialdi honetan euskarazko arte eszenikoak indarberriturik ateratzeko bide posibleak erakusten dizkiguten bideak.

Erlazionatuak

EHAZEren baliabide digitalak ISILIK greba egunetan

Admin

Eneritz Artetxe Aranazen “Karanbola hirukoitza” liburua argitaratu du EHAZEk

Admin

Miren Tirapu: “Lehendabiziko kolpean dena polita erakusten duten gauzek ez didate erakartzen”

Admin

Iruzkina egin