Dokumentua: “Antzerkia eta bere geruzak”

2020-02-24 | EHAZE

Urte hasierarekin batera Eusko Jaurlaritzak gogoeta abiatu zuen “Enpresa-Kultur elkarte” ereduez, kultur-industria oinarri duen eredua nagusitu eta konpainiak enpresa izatera bultzatu zenetik, hamarkada luzez konpondu gabeko afera izan delako. Errealitatea da konpainia, proiektu eta talde askok kultur elkarte gisa egituratuak daudela, kasu batzuetan halabeharrez (ez dagoelako enpresa munduan sartzeko baliabiderik), beste batzuetan ideologikoz (kultur arloa kultur irizpideen arabera funtzionatu behar lukeela ulertzen duten eragileak), eta ezin dutela arte eszenikoetako diru-laguntza garantzitsuetara aurkeztu beren proiektua. Tartean, noski, badira ere enpresa gisa egituratutako konpainiak, beren poiektuekin funtzio kultural eta sozial bat betetzen saiatzen direnak. Nola eta den ere, hor bada urte luzez luzatu den eta belaunaldi berriek herentzian jaso duten gatazka bat.

Jaurlaritzak hainbat eragileren iritzia eskatu zuen, eta bertan izan zen EHAZE ere. Denbora gutxirekin, bazkideen ekarpen guztiak garaiz jasotzeko tarterik gabe, baina barne gogoeta burutu genuen zuzendaritzan, eta zenbait bazkideren ekarpenak ere hartu genituen. Jarraian duzue Jaurlaritzari helarazi zitzaion iritzia. Zuzendaritzaren asmoa da honakoa GOGOETA IREKIA izatea, nahi dutenen ekarpen berriekin osatzen joan gaitezkeen iritzia. (Ekarpen edo gogoeta berriak egin nahi izanez gero bidali helbide honetara: info@ehaze.eus).

ANTZERKIA ETA BERE GERUZAK

EHAZE-Antzerkizale elkartea

2020ko otsailean

(Egungo zuzendaritzak, hainbat iritzi truke izan ostean, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza ereduaren inguruan burututako GOGOETA IREKIA)

Une honetan, jendarte honetan antzerkia hezkuntzatik eta politikatik kanpo kokatzen dugunez eta aisialdian sartzen dugunez, aisialdirako produktu bezala ulertua da neurri handi batean, kontsumo hutserako jarduna.

Eusko Jaurlaritzako diru laguntzek, orain dauden bezala, antzerkia merkaturako produktu gisa ulertzen dute, aisialdirako produktu gisa eta aisialdi hori betetzeko industria bezala bultzatzen du antzerki produkzioa.

Eta antzerkiaren gaineko kontzeptu murritz eta hertsitu horretan egon daiteke akatsa, gure uste apalean. Antzerkiaren industria antzerkiaren fenomenoaren zati txiki bat baino ez delako, eta antzerkiaren bizipena partekatzeko modua ez delako ikuskizunera bakarrik mugatzen. Industria eta ikuskizuna kontzeptuetatik haratago joan behar dugu antzerkiaren garapena nahi baldin badugu.

Hain zuzen ere, enpresa formatuak kontzeptu bi hauekin du zerikusia. Enpresak industria bat sortzeko eraikitzen baitira, ikuskizunak produzitzen dituztenak neurri handi batean, egungo diru laguntzen zentzuan.

Bestalde, eratu nahi den industria horrek ezingo du aurrera egin ikerketarik eta plan pedagogiko zein mediaziozkorik gabe, jakintzaren beste alor guztietan gertatzen den bezala. Zer litzateke biologia, psikologia, filosofia eta abar-etaz ikerketa eta hezkuntza eremurik gabe? Etengabe bere buruari betiko kontzeptuak errepikatzen arituko lirateke berrikuntzarik gabe eta jendartean errotu gabe.

Gure ustez antzerkiaren eremu guztiak ikuskizunen produkzioaren zakuan sartu dira, denak nahastu ditugu eta korapilo hau desegiteko ondo legoke antzerkiaren maila eta geruza bakoitzari berea ematea, antzerkiaren ingurune bat sortzea eta ingurune horretako geruza bakoitza eraikitzeko programa berezituak gauzatzea.

Lehenik eta behin, antzerkiaren kontzeptua IKUSKIZUN kontzeptutik haratago jarri beharko genuke, bere aurkikuntza eta onurek ikuskizunetik kanpoko beste forma batzuk hartu ditzaketelako: hitzaldiak, erakusketak, egonaldiak, ikastaroak…

Geruza ezberdin hauek modu espezifikoan bultzatzeko beharrizana ikusten dugu, oro har, dirulaguntzen sisteman:

1-Antzerkia hezkuntza orokorrarekin lotzen dituzten proiektuak bultzatu eta programak gauzatu: antzerkia curriculum barruan, alegia, klaseak, irteerak, emanaldiak, sorkuntza prozesuak eskolan partekatzea, entsegu irekiak…

2-Antzerki hezkuntza lantzen duten proiektuak bultzatu eta programak gauzatu (antzerki eskolak herrietan, eskoletan curriculumetik kanpo, lantegietan, osasungintzan…).

3-Antzerki ikerketa gauzatzen duten proiektuak bultzatu eta honetarako programak gauzatu (hauen emaitzak agian ez dira ikuskizunak izan behar, edo bai…). Antzerkiaren garapenerako ikerketa helburu duten lanak, hizkuntza, antzerki lengoaia, gai edo estilo aldetik berritzaileak direnak bultzatzea, ikuskizun formatutik haratago eta ikusle zein emanaldi kopuruez haratago. Antzerkiari eta kulturari egiten dioten ekarpenagatik interesgarriak eta esanguratsuak direnak.

4- Antzerki ikuskizunen industria gauzatzen duten proiektuak (hori da egun orain bultzatzen dena. Hala ere, interesgarria litzateke antzokiez gain beste sare batzuk balioan jartzea, kultur etxeak, formatu txikiko espazioak eta abar).

Geruza hauek guztiak gure ustez ezin dira egitura egonkor eta handia lortu duten antzerki enpresen eskuetan bakarrik utzi (hori eskatzen baitzaie orain…).

Gure ustez ez da antzerki enpresetan pentsatu behar, baizik eta geruza ezberdinetan. Geruza ezberdin horiei ekarpena egiten dieten proiektu ezberdinetan, handi zein txikiak izan, enpresa edo kultur elkarte izan.

Ez da enpresa handiak sortzean pentsatu behar, baizik eta antzerki geruza ezberdinak indartzean, eta horretarako gure ustez enpresa handiak eta txikiak zein kultur elkarteak denak dira beharrezkoak: egiten duten ekarpen kulturalaren arabera babestu eta bultzatu behar dira.

Soluzioa ez da geruza guztiak kopatzeko gai diren enpresa eta egitura handiak bultzatzea, baizik eta geruzak indartuko dituzten proiektu handiak eta txikiak, formatu ezberdinekoak elkar-bizitzeko minbreak eraikitzea.

Ondorioz, helburua ez luke produkzioa izan behar, helburuak ez luke ikuskizun hutsa izan behar. Helburua antzerkia kontzeptu hauekin lotzea izan beharko luke, gure iritziz: hezkuntza, ikerkuntza, jakintza, berrikuntza eta, azkenik, produkzioa.

Eta horrek enpresa formatuarekin izan dezake zerikusia ala kultur elkartearekin, ikuskizun formatuarekin zerikusia izan dezake ala ez, aurrera eramaten den jardueraren arabera.