Agus Perezen urteko analisia Berrian: “Dena ondo omen zihoan”

2021-01-11 | EHAZE

Aurten ere urte osoko euskal arte eszenikoei begirada luzatu die Agus Perezek Berrian. Tartean, EHAZEk Susarekin plazaratzen duen Ganbilari buruzko gogoeta ere topatuko duzue.

(Berrian publikatua, 2021eko urtarrilaren 8an).

(Argazkian: Marie de Jongh konpainiaren Ikimilikiliklik).

Iragan urteak kolpe gogorra eman zien arte eszenikoetan jarduten duten guztiei. Artistek Interneten plazaratu zituzten lanak, eta ekitaldi asko atzeratu ziren. Antzerki-liburugintzak aurrera jarraitu zuen.

Arte eszenikoen munduan dena ondo omen zihoan 2020ko hasiera hartan. Urteko lehen egunak izanik, gauza gutxi batzuk zeuden programatuta, umeentzako emanaldiren bat kenduta. Urtarrilaren amaierarantz hurbildu, eta otsailean hasiko ziren berriz ere motorrak beren ohiko abiadura hartzen, baina bitartean Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zen guraso zein umeen arloko Ikimilikiliklik ikuskizuna. Arao magiko horrekin izendatu zuen Marie de Jongh konpainiak bere azken sorkuntza, eta horrekin batera jauzi egin zuen euskarazko antzerkiaren eremura —ordura arte hitzik gabeko lanak plazaratzen zituen—, bere ibilbide osoko kalitatean bermatuta.

Esan bezala, otsailean ugaritu ziren emanaldiak, eta horren seinale, Lautan Hiru festibalak bere bigarren edizio arrakastatsuari ekin zion Bilboko Alde Zaharreko lau lekutan, euskarazko antzezlan laburrak astero eta hirunaka emanez. Eta gauzak ondo zihoazenez, beste behin izan genuen 2019ko Garai zekenak ikusteko parada, Miren Gaztañaga protagonista zela. Tanttakak ere Utzi zure mezua seinalearen ondoren plazaratua zuen aurreko urtearen hondarretan —biak ala biak bertsio elebidunean eskaini ziren—, eta Zaldi urdina-k trosta bizian jarraitzen zuen —80 emanalditik gora izan dituzte guztira—, Artedrama, Dejabu eta Axut! konpainien elkarlan emankorra ostera ere berretsiz.

Eta ekaitza etorri zen

Gauzak, beraz, ondo omen zihoazen, baina Donostiako dFerian geundenerako, gero eta handiagoak ziren denon gainean lehertzekotan zen ekaitzaren zantzuak. Susmorik txarrenak data haietan baieztatu zirenean, ikustekoa zen panorama: Espainia aldeko programatzaile guztiak arrapaladan ihesi beren antzokietako egoera konpondu nahian, eta Euskal Herriko jendearengan ageriko kezka aurpegietan: proiektu berrietan jarritako ilusioak kolpe batez zapuztuta, antzezlanen birak sine die etenda, antzokiak itxita, produkzioetan jarritako dirua inoiz berreskuratzeko perspektibarik gabe, teknikarien lana bertan behera…

Duda barik, gogorrak izan ziren lehen minutuak, orduak, egunak eta asteak. Gizarte osoarentzat, ezin uka, eta zer esanik ez Hegoaldean egiturazko bizimodu prekarioa aspalditik daraman sektorearentzat. Baina gizakiak beti bilatzen du zailtasunetan bere burua moldatzeko bidea, eta Interneten aroan online emanaldiak sortu eta ugaritu ziren —adibidez, BERRIAk Berria Aretoa plataforma atondu zuen, eta Donostia Kulturak Antzokia Etxean izenekoa—, eta pantaila bidezko antzerkia ugaritu egin zen. Hark ez zuen, noski, benetako antzerkiaren itxurarik, baina bidea eman zien artistei beren sorkuntzak plazaratzeko eta ikusleei arte eszenikoekin kontaktuan jarraitzeko. Fenomeno horren harira, kontraesan garbia izan zen arte eszenikoak sektore estrategikotzat jo ez izana baina haiek izatea kulturaz eta ikusleen arimaz arduratu zirenak. Haserrearen adibide izan ziren apirilaren 21 eta 22an izandako greba digitala eta haren lelo esanguratsua: Ikus gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara.

Egoerak behartuta, ez ziren gutxi izan bide bazterrean lagatako ekitaldiak. Lehen aipatutako Lautan Hiru, ekainaren amaierako ZAA! (Zestoako Antzerki Astea) eta Iparraldeko Abian! denboraldi hasierako festibal txikia beren data naturaletan egin ziren —azken hori murrizketa handiekin, hala ere—, baina Aulestiko (Bizkaia) ADEL jardunaldiak, Gasteizko Baratza aretoak antolatzen duen Zurrunbilo jaialdia, Errenteriako (Gipuzkoa) Eztena jaialdia eta Donostia Antzerki Sariaren ekitaldia —Atx Teatroaren 7ak bat-i emana— udazkenera aldatu behar izan ziren.

Alabaina, itxialdi gogorrean ere aurrera jarraitu zuen antzerkiaren inguruko liburugintzak, eta ekainean aurkeztu zen Bilboko Bira! espazioan Ganbila bildumako bigarren labealdia, hiru liburu hauekin: Eneritz Artetxe Aranatzen Isiltasuna, Kepa Errastiren Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun. Aurkezpen ekitaldia bereziki hunkigarria izan zen, hilabeteak ikusi gabeko lagunak eta kideak berriro elkartzeaz gain, une hartan ikusgarri egin zelako EHAZEk eta Susa argitaletxeak bultzatutako bilduma jatorri eta sentsibilitate desberdinetako jendea batzeko gai zela, eta sektorea saretzeko lagungarria ere bai.

Hala-holako normaltasuna

Gauzak apur bat normaltzen hasi zirenean, Zero emanaldia antolatu zuen Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak ekainean, adierazpen ofizialak, kantu korala eta pasarte antzeztu umoretsuren bat tartean, eta, handik astebetera, Donostiako Antzoki Zaharrean ezagutu genuen Xentimorik Gaberen Gu primer! —Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren azken sorkuntza, Nerea Gorritiren parte hartzearekin—, umoretsua beti bezala eta inoiz baino beharrezkoagoa izan zena. Uztailean, Bilboko Arriaga antzokiak plazaratu zituen Pange lingua. Voglio una pizza —Bernardo Atxagaren testuen irakurketa poetikoa— eta Gabriel Arestiren etxea defendituko dut, Arestiren olerki eta hitzekin, baina biak ala biak euskara eta erdara aldiro-aldiro txandakatuta. Hizkuntza bietan baina bertsio berezituetan, antzoki berean estreinatu zen Ama Kuraia —Arriagaren ekoizpena, Maria Goirizelaiaren zuzendaritzapean eta 11 aktore gehi musikari batekin—, eta gero etorri zen Sisiforen paperak, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren kronika dena. Tamaina handiko antzezlan dokumental horretan hamahiru aktorek hartu zuten parte, eta Bilbo, Donostia eta Bilboko antzokiak —Antz3rkiz izeneko egitasmoan bilduta— gehi Espainiako Centro Dramatico Nacional delakoa izan ziren ekoizleak. Harkaitz Canok idatzi zuen testua, zuzendaritza arloa Fernando Bernues, Kike Diaz de Rada eta Sara Cozarren esku egon zen, eta ikuskizun dago Madrilen antzezten denean sortuko den erreakzioa.

Arriaga antzokian jarraituta, euskara hutsezko bi estreinaldi izan dira pasa den azaroan. Umore-antzerkiaren arloan, Tartean-en Ez dok ero estreinatu zen azaroan, Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Patxo Telleriaren testuekin eta Mikel Martinez eta Telleria bera eszenan zeudela, eta egun batzuk aurrerago, baina arlo estetiko aurreratuan kokatuta, Antigone edo ezetzaren beharra aurrerapauso garbia izan zen Horman Poster konpainiak bere sorreratik daraman estilo erdi dokumental erdi performatiboaren bidean.

Askoz eremu konbentzionalagora joanda, udazken honetan ekin dio bere bideari Kutsidazu bidea, Ixabel musikalak, eta komedia arinaren arloan zenbait lan programatu dira han-hemenka, gehien-gehienak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, haien arteko arrakastatsuena Txaloren Izena izanik. Bestetik, gure bi pertsonaia historikoren harira sortutako bi antzezlanetan —De Gernika a Nueva York pasando por Berlin eta Angela, Iparragirreren bertso librea— euskara era ia anekdotikoan agertu izanak asko esaten du geure hizkuntzaren egoeraz.

Beste estilo batera joanda, Gasteizko Tripak kolektiboak Urruna izeneko proposamen aurreratua estreinatu zuen Aulestiko jardunaldietan, euskara eta gaztelania tartekatuta, eta orain gutxi errepikatu dute Galdakaon (Bizkaia) sortu berri den Sormene egitasmoan. Gainera, neurri ertaineko bost lan interesgarri ikusi ditugu aurten euskara hutsez: Kamikaz eta Ttak kolektiboen Matriuska, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagarekin; Aldatzen Laguntzen-en Birritan bortxatua, emakume bortxatuek epaiketetan jasaten duten indarkeria morala aztertzen duena; Lurrun minez, Galder Perezen testu batekin eta Olatz Gorrotxategiren zuzendaritzapean; Xake produkzioak-en Fadoak entzuten zituen gizona; eta Nerea Ariznabarretaren —Naita produkzioak— Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean. Panorama osatzeko, Dantzertin graduatutako lehen sorkuntzak eszenaratu dira aurten, kalitatea erakutsiz eta moldeak apurtuz aldi berean: Maite Aizpuruaren Erresistentzia arazo fisikoa da, Xanti Agirrezabalaren Satiro eta Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue.

Bestetik, liburu batzuk agertu dira abendu honetan, etxeko gozotasunean antzerkiaz gozatzen jarraitu ahal izateko: Ganbila bildumak bere hirugarren uzta aurkeztu zuen Durangoko Azokan, hiru ale gehiagorekin, eta Zurrunbilo jaialdiak Bidenteak gara saiakera kaleratu berri du, udaberriko itxialdian sortzaile askok emandako gogoeta artistiko, soziologiko eta poetikoekin. Eta azkenik, orain gutxi hasi da Idoia Gereñu antzerkiari buruzko irratsaio bat emititzen. Eleak eta beleak du izena eta Tolosaldeko Ataria-n entzun daiteke.