2019ko analisia Berrian, Agus Perezen eskutik

2020-01-17 | EHAZE

(Iturria: Berria) ANTZEZTUA IZATETIK IRAKURRIA IZATERA

Euskarazko antzezlanetan ‘Zaldi urdina’ nagusitu da 2019ko panoraman, baina opera barroko bat eta hiru performance indartsu ere sortu ziren iaz. Euskarazko antzerki testuak, halaber, gogoz agertu dira lau argitaletxeren eskutik.

Iaz Euskal Herrian sortutako antzerkiaren panoramari begiratuta, erraz etorriko zaio edonori burura Zaldi urdina antzezlana, udazkenetik hona lortzen ari den arrakastarengatik. Artedrama, Dejabu eta Axut! konpainien artean sortutako laugarren obra da —aurrekoetan Fuchs anaiek Le Petit Theatre de Pain konpainia pean jardun zuten—, eta badirudi orain arteko beren marka guztiak hausten ari direla, heroinak hainbat herritan eragindako triskantza eta haren ondorioak azaleratuz. Dudarik gabe, zer pentsatua emateko moduko fenomenoa da era guztietako agertokiak —frontoi eta gaztetxe erakoak nahiz Euskal Herri osoko antzoki handiak— adin guztietako ikuslez beteta egotea hori bezain gogorra den gai baten kontura.

Beste plano batean, Bilboko Arriaga antzokiak Dido & Aeneas ekoizpen erraldoia plazaratu zuen maiatzaren 3an eta 4an, aro barrokoko bi obra paralelo elkartuta: Christopher Marloweren Dido, Queen of Carthage alde idatzian eta Henry Purcellen Dido and Aeneas opera barrokoa. Barbora Horakova Joly txekiarraren zuzendaritzapean, euskaraz eman zituzten testuak —pasarte abestuak ingelesez eman zituzten, jatorrizko partiturei zegokien bezala—, eta pertsonaia nagusietan Miren Gaztañaga eta Adrian Garcia de los Ojos aritu ziren, beste antzezle eta abeslari euskaldun askorekin batera.

Eta Arriaga antzokian jarraituta, baina neurri ertainean oraingo honetan, han estreinatu zen azaroaren amaieran Patxo Telleriaren Simplicissimus musikala, Tartean konpainiaren eskutik. Obrak nazien garaiko hiru komiko disidenteren patu tragikoa azaltzen du. Antzokia polito bete zen, eta ikusleek harrera ona egin zioten kabaret eran egindako lan erdi umoretsu erdi tragikoari.

Txikiak handira

Betiere euskara hutsezko eremuan, lan txiki asko ikusi ahal izan dira joan den urtean, eta, txikiak izanik ere, irabazle atera dira handira jokatuta, kasu batzuetan antzezle kopuruaren aldetik eta beste batzuetan zorroztasun estetikoari begira. Haien artean, Zestoako Antzerki Astean (Gipuzkoa) ikusitako Florida aipagarria da, bertako edertasun historiko eta naturalak istorio polit baten zerbitzura jarrita.

Lan onen zakuan gehiago arakatuta, Bilboko Pabiloi 6n estreinatu zen Amatxik dixit aurki daiteke. Saioa Iribarrenen lan horretan, Espainiako gerran haren amamak jasandako izugarrikeriak azaltzen dira —beste behin ere gai gogorrak taula gainean—, eta, Iribarrenez gain, Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo dira harribitxi eszeniko horren protagonistak. Eta neurri txikiko sormen handiko lanekin jarraituz, ikusmin handia eta inpaktu estetiko sarkorra sortu zituen Erika Olaizolaren Panpina-k, Azpeitiko Antzerki Jardunaldietan (Gipuzkoa) estreinatu zenean.

Iparraldeari dagokionez, berriz, Iduzkilore taldeak Piarres Lartzabalen Herriko bozak edo nor alkate lana estreinatu zuen Uztaritzen (Lapurdi), urrian, Maika Etxekoparren zuzendaritzapean eta 11 antzezlerekin, horrela baieztatuz herri antzerkiak —eta Lartzabalenak, noski— bizi-bizirik jarraitzen duela muga administratibotik alde batera.

Performance esanguratsuak

Aulestiko (Bizkaia) ADEL jardunaldietan ere batzen dira urtero antzezlan txiki asko, eta iazko aldian emakumeek sortuak izan ziren lan guzti-guztiak. Haien artean bereziki nabarmendu zen Laida Azkona nafarraren eta Txalo Toloza txiletarraren Tierras del Sud-Bilduma izeneko performancea; herrian zehar egindako ibilbidean maputxeek jasandako genozidioa haien memoria espirituala konpartituz biziberritu zuten.

Performance aurreratuen arlotik irten gabe, bi gertakizun artistiko gogoangarri plazaratu zituen Metrokoadroka sormen laborategiak: lehena, Donostiako Tabakalerako Z aretoan —Hugo, non dada Emmy?— dadaismoaren sorlekua izan zen Voltaire kabareta gogoan, eta ,bestea, Bilboko Dantzertin —Zauri Bolodia—, Oier Guillanen liburuko testuak lagun eta Goi Mailako Antzerki Eskolako espazioak eredugarri baliatuta.

Ele biko antzerkian, zer?

Euskaraz eta gaztelaniaz ekoizten den antzerkiak bere bidea egiten jarraitu du Txalo, Vaiven eta Tanttakaren antzezlanekin —Losers (Galtzaileak), Moko zorrotza, Argiaren hautsa, Utzi zure mezua seinalearen ondoren…—, eta Bilboko Pabilioi 6ko gazte konpainiak Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? plazaratu zuen, genero bortizkeriari buruzko gogoeta zintzo eta arrakastatsu baten bidez. Hala ere, esan daiteke nolabaiteko joera dela ele bitan prestatzen den antzerkia parametro konbentzionalagoetan geratzea eta euskara hutsezkoak molde askoz garaikideagoetara jotzea, salbuespenak salbuespen.

Esaterako, zalantzarik gabe aldendu zen joera konbentzionaletatik Macbeth antzezlana. Arriaga antzokiaren ekoizpenarekin, Alex Gerediaga zegoen iazko otsailean estreinatu zen klasiko horren zuzendaritzan. Hark sortutako Khea Ziater proiektuaren ildoari jarraituta, ikuspegi zinematografikoa eman zion Shakespeareren tragediari, taula gainean Euskal Herriko hamar antzezle jarrita. Batzuen aburuz, antzerkiaren ikuspegi hutsetik ez zituen sortutako itxaropen guztiak bete, baina garbi geratu zen esperimentu zintzoa eta aurreratua zela, eta maila artistiko interesgarria erdietsi zuela.

Antzokitik liburutegira

Amaitzeko, urteko jazoeren artean ezin aipatu gabe utzi Eztena jaialdia. Errenterian (Gipuzkoa) errotutako ekimenak metamorfosi bat izan du aurten, eta hiru antzerki laborategitan zentratu da, antzerkilari askoren parte hartzearekin eta herriaren ezinbesteko inplikazioarekin, hiru laborategien emaitzak publikoki eman baitziren. Laborategien gidaritza Metrokoadroka, Horman Poster eta Espe Lopezen esku egon zen, eta hiruren segimendua enkargatu zieten Amaia Martin Etxebeste eta Amets Badiola Rubiori. Horren ondorioz, haiek liburu bana atera zuten —Leihoen afasia eta Preposta hurrenez hurren—, Eztena jaialdiaren eskutik.

Beste izenburu batzuk ere agertu dira Durangoko Azokan, antzerkiari lotuta: EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak Susa argitaletxearekin ekin dio Ganbila bilduma plazaratzeari, eta lehen aleak Miren Tirapu Goikoetxearen Bazterreko ahotsak, Patxo Telleriaren Simplicissimus eta Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu konpainien Francoren bilobari gutuna izan dira (azken horretan Unai Iturriaga eta Igor Elortza dira egile kideak). Azkenik, EHAZEk Eneritz Artetxe Aranazen Karanbola hirukoitza argitaratu du, emakumeek euskarazko antzerkian duten presentzia aztertzen duena. Maiatz aldizkariak, berriz, iaz plazaratu zituen Garazin antzerki izeneko bi liburuki lodi, Guillaume Irigoien eta Xebaxtian Ihidoiren 80ko hamarkadako testuekin. Uzta eder horren bidez, 2019an jauzi nabarmena egin zuen antzerkiak agertokietatik irakurleen eskuetara igarotzeko.

Irakurle agurgarria: